RALLYAK

Basamortuan, mapa eskuan

Gaur hasiko da 2006ko Dakar rallya, Lisboan; antolatzaileek nabigazioa lehenetsi dute, eta, hala, GPSaren eragina mugatu dute, lasterketak duen abentura kutsua indartzeko asmoz

jon ordonez garmendia
2005eko abenduaren 31
00:00
Entzun
Dakar rallya ez da abiadura lasterketa bat. Proba guztietan lehengoak irabazten du, baina basamortuan eta oihanean azkar joatea ez da dena. Dakar rallyaren antolatzaileek bizkarra eman diote azken urteetan nabigazioa erraztu duen teknologiari, eta gaur Lisboan hasiko den proban gidariak euren trebeziaren menpe egongo dira. «Dakarraren funtsa nabigazioa da», esan zuen Etienne Lavigne lasterketaren zuzendariak aurkezpenean. Hala, GPSaren eragina mugatu egin dute 2006an. Urtez urteko joera izatea nahi dute. Gainera, parte-hartzaileak 2006an derrigorrean zeharkatu beharreko ezkutuko leku batzuk aurkitu beharko dituzte aurrera egiteko (WPM), hiru kilometroko erradioan, errepide maparen laguntzarekin.Portugalgo hiriburutik abiatuko da 2006ko Dakar rallya. 240 motok, 188 autok, 80 kamioik eta laguntzarako 240 ibilgailuk osatuko dute karabana. Guztira, 2.500 pertsona. Atzo azken probak pasatu zituzten, eta gaur Senegalgo hiriburura bidean jarriko dira (9.043 kilometro). Hiru euskal gidarik parte hartuko dute: Iñaki Arbelaitzek motoetan, Miguel Prieto aitak autoetan eta Miguel Prieto semeak kamioietan. Carlos Sainz munduko rally txapeldun ohiak lehen aldiz hartuko du parte, «ikasteko asmoz».

MIGUEL PRIETO -AUTO GIDARIA

«Gurea beste rally bat da; ez dugu etaparik irabazteko aukerarik»




Miguel Prieto gasteiztarra hemeretzigarren aldiz aterako da gaur Dakarrera bidean, autoan. 1986an atera zen lehen aldiz. 1999an bigarren geratu zen, nahiz eta talde ofizialetan korritzen ez duen. Hiltzeko zorian ere izan zen behin, autoa duna batetik erorita. Gidari profesionala da, eta hilabeteak daramatza karrera prestatzen. Federico Montes mexikarra izango du alboan.

Zerk bultzatzen zaitu behin eta berriro Dakar rallyan parte hartzera?

Abentura handia da. Lasterketaren gainetik abentura dago. Hau da nire ogibidea. 35 urte daramat lasterketetatik bizitzen, eta niretzat oso garrantzitsua da gustatzen zaidan zerbaitetik bizitzea.

Ez al da nekagarria?

Ez. Ibilbidea berbera izaten da, baina aldiko ezberdina da. Mekanika aldatu egiten da urtero.

Hastear dago 2006ko rallya. Zer nabarmenduko zenuke aurtengo proban?

Beti bezala, gogorrena Mauritanian hasiko da. Hondar asko egon ohi da hor. Eta gero oihanean sartuko gara. Gakoa etapa horietan egongo da. Garaileek hor irabaziko dute rallya.

Nolakoa da zuen autoa?

300 zaldiko indarra du, 5.700 cc.-ko motorra. 1.600 kilogra-mo pisatzen du, eta, txasisa tuboetakoa denez, aise egiten du salto.

Aurten mugatu egin dute GPSa, eta nabegazioak garrantzi handiagoa izango du. Zure esperientziarekin, mesedegarria izango duzu.

Bai, baina gure taldea pribatua da, eta talde ofizialak, Mitsubishi eta Wolkswagen, gure gainetik egongo dira beti. Guk ez dugu etaparik irabazteko aukerarik. Gure rallya beste bat da. Gure babeslearen irudia gorde behar dugu, eta Aintzira Arrosara iristen garenean ikusiko dugu zer gertatuko den.

Datorren urtean ere parte hartzeko asmorik baduzu?

Bai. Dakarrera iritsi eta Haulotte gure babesleari inbertsioak merezi izan duela erakutsi nahi diot. 2007an berriro itzuli eta hogeigarren aldiz korritu nahi dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.