Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Kanpaina

PSE-EEk Jaurlaritzan egindako lana goretsi dute Lopezek eta Mendiak

Ekitaldia egin dute PSE-EEko sailburu izandakoekin. Lopezek esan du «Euskadi desberdina eta txarragoa» litzatekeela beren ekarpenik gabe

Patxi Lopez, Idoia Mendia, Isabel Zelaa eta Ramon Jauregi, PSE-EEko beste zenbait kiderekin, atzo, Bilbon. MIGUEL TOÑA / EFE.
gotzon hermosilla
2016ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Bilboko Carlton hotelaren ondoan, eta Eusko Jaurlaritzan sailburu izan diren PSE-EEko kideekin batera. Sinbolismoz beteriko ekitaldia egin dute sozialistek Bizkaiko hiriburuan; izan ere, Carlton hotela Jose Antonio Agirre buru zuen Jaurlaritza haren egoitza izan zen 1936ko matxinadaren ostean frankistak euskal lurraldearen zati handi batez jabetu zirenean eta gerra amaitu arte. Orduko hartan eta Franco hil osteko garaietan sozialistek Jaurlaritzan egindako ekarpena gogoratu eta goretsi nahi izan dute horrela.

Eta irudi instituzional hori indartzeko, Eusko Jaurlaritzan zein hura sortu aurreko EKN Euskal Kontseilu Nagusian sailburu izandako zenbait sozialista ere gonbidatu dituzte ekitaldira. Han izan dira Ramon Jauregi, Jose Antonio Maturana, Carlos Soltxaga—Espainiako ministro izan zen 1985etik 1993ra, baina lehenago, 1978 eta 1980an, Merkataraitza sailburu izan zen Euskal Kontseilu Nagusian—, Luis Atienza, Rodolfo Ares, Isabel Zelaa, Iñaki Arriola eta abar; den-denak, sailburu izandakoak Patxi Lopezen agintaldian edo EAJrekin koalizioan eraturiko gobernuetan.

Hala ere, guztiak ez dira egon, eta, esaterako, Lopezen gobernuan Kultura sailburu izandako Blanca Urgellek ez du ekitaldian parte hartu. Twitterren argitaraturiko zenbait mezuren bidez, Urgellek desadostasuna agertu du PSE-EEk hizkuntza eskakizunen inguruan plazaratutako bideoa dela eta.

Mugarri nagusiak

Lopezek gogora ekarri ditu PSE-EEk —«euskal alderdirik zaharrena», esan duenez— historian izan dituen mugarri nagusiak, Facundo Perezagua buru zelarik 1890eko maiatzaren 1ean egindako manifestazio hartatikLopez beralehendakari izan zuen gobernuraino. ETAk hildako Fernando Buesa eta ETAren erasoa pairatutako Jose Ramon Rekalde ekarri ditu akordura, eta, batez ere, lehendakari izan zeneko agintaldian egindakoak aletu ditu.

«Gure historia eta gure ekarpena harrotasunez goraipatu nahi ditugu», esan du Lopezek. «Gu gabe, Euskadi desberdina eta txarragoa izango litzateke. Okerrak ere egin ditugu, baina herri honetako gauza on guztiek sozialisten sinadura daramate».

Idoia Mendia PSE-EEren lehendakarigaiak, berriz, esan du berekin eta Lopezekin «aldaketaren gobernuan» aritutakoak eta beste aro batzuetan Eusko Jaurlaritzan lan egindako sailburu sozialistak «benetako eusko gudariak» direla. «Abertzaleei gustatzen zaie nazio erakuntzaz berba egitea. Gure kasuan, herria eraikitzea komunitate bereko kide egiten gaituzten lanabesak indartzea da», erantsi du.

Hauteskundeen osteko akordioei dagokienez, Mendiak berriro esan du PSE-EEk «herri akordioetan» sinesten duela «Euskadi modernizatzeko» balio badute, baina«gizartea banatu nahi dutenek aurrez aurre» izango dituztela sozialistak.

PSE-EE-REN HURRENGO EKITALDIAK

Gaur. Getxoko (Bizkaia) Gizarte Segurantzaren bulegoan (11:30): Idoia Mendia.

Gaur. Barakaldoko (Bizkaia) Anaien Parkea (19:00): Idoia Mendia eta Patxi Lopez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.