Nora Arbelbide Lete.
DENA ETA EZTENA

'Kulture' 'k' batekin idatzi dute ordea

2015eko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Gure jaialdiaren euskal dimentsioa harrera egiteko gaitasunean dugu ikusten. Besta giroan murgiltzen den gaitasuna […] Dimentsio hori besteei erakutsi nahi diegu. Munduari irekia den kulturaren lekuko izatea nahi dugu Baiona». Hitz horiek Vincent Maravalenak dira. Wild Bunch film ekoizpen eta banaketa egituraren sortzaileetakoa da, eta azken urteetan denbora erdiz Baiona aldean bizi da. Baionako Udalaren aldizkarian agertu elkarrizketatik dira hartuak hitz horiek. Frantsesez.

Maravalek gustuko du zinema. Gustuko du kirola. Eta gustuko du, beraz, delako «euskal dimentsio» hori. Eta horra nola pare bat adiskiderekin hori guztia elkartu eta Kulture Sport jaialdiaren proiektua sortu duen Baionan. Lehen edizioa proposatuko dute ekainaren 12, 13 eta 14an. Baionako Udalaren babes handiarekin.

Ez da aste bat iragaten «irekidura» eta kontu horiek entzun gabe. Baita euskaldunen partetik ere. Euskaldunak ez direnak gero eta gehiago direla. Eta horiekin egin behar. Lagundu behar. Ez badugu ghetto batean bururatu nahi.

K bat jarri diote jaialdiari, euskal kutsu bat emateko, baina gehiagorekin hesteko arriskua har lezake beraz, nonbait. Maravalen elkarrizketan izerditzen da konplazentziazko apalmendua.

«Ez gara buenos días baten atzetik datorren kortesiazko egun on-a», erran zuen joan den egunean Xabier Iturraspek Euskal Herriko Unibertsitateko medikuntza ikasketetako graduazio diskurtsoan. Nahiz eta testuinguru bera ez izan, oihartzun bat har dezake hemen gogoeta horrek: ez gara k batekin erosten ahal den kultura bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.