Krisia Nafarroako Gobernuan. Idoia Nievesen agerraldia

Manifestazioa eginen du gaur Kontuz-ek, hauteskundeen alde

Nievesek bere salaketak «berretsi» egin dituela nabarmendu dute oposizioko talde gehienek parlamentuan

Erredakzioa
Iruñea
2014ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
Herritarrak karrikara deitu ditu gaur Kontuz-ek, «ustelkeriaren aurka», eta hauteskundeak egiteko eskatzeko. Protesta 17:30ean abiatuko da, Golem zinematokien ondotik, eta Sarasate pasealekuan amaituko da. Horren bidez, «hitza herriari ematea» da antolatzaileen helburua. Hamaika taldek eman diote atxikimendua manifestazioari.

Nafarroako Ogasun zuzendari Idoia Nievesek Lourdes Goikoetxea presidenteordearen aurka egindako salaketek hautsak harrotu dituzte Nafarroan. Atzo Nieves berriz izan zen parlamentuan, eta haren agerraldiari buruz, interpretazio ezberdinak egin zituzten Nafarroako Parlamentuko taldeek.

Oposizioko talde gehienek nabarmendu zuten Nievesek aurretik egindako salaketak «berretsi » zituela atzo. UPNren ustez, berriz, Ogasun zuzendari ohiak «frogarik ez» duela erakutsi du. «Oposizioak bertze aitzakia bat bilatu beharko du zentsura mozioa aurkezteko», Carlos Garcia Adanero parlamentariaren hitzetan. PPNk ere bat egin zuen gobernuko agintariekin. «Ezin dugu erran legez kanpoko jarduerarik izan denik».

«Kontraesanik ez»

«Nievesek errandako guztia frogatu du; kontraesanik ez da izan haren hitzaldian, eta ez du errandako ezertan atzera egin». Horixe nabarmendu zuen PSNko Pedro Rasconek atzo Nievesen agerraldiari buruz. Ikerketa batzordea amaitzen denerako, bi aukera jarri zituen mahai gainean: «Barcina bere kabuz joatea, edo guk egin beharrekoa egitea alde egin dezan. Ez dakit hori zentsura mozioa den edo ez, nahi duzuen erara ulertu», erran zien kazetariei.

Zuzenago mintzatu zen Bilduko Maiorga Ramirez. «Herritarrek ezin dute egun bat gehiago ere jarraitu gobernatzeko gai ez den gobernu batekin». Aralar-NaBaiko Txentxo Jimenezek «beste ziklo bat hasteko garaia» dela erran zuen. Ezkerrak eta Geroa Baik ere «ontzat» eman zuten Nievesen agerraldia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.