KRITIKA. Dantza

Ikusleak zoroetxean

Agus Perez.
2018ko apirilaren 29a
00:00
Entzun

'10.000 gestes'

Konpainia: Musée de la danse. Zuzendaritza eta koreografia: Boris Charmatz. Musika: Wolfgang Amadeus Mozart. Argiak: Yves Godin. Jantziak: Jean-Paul Lespagnard, Marion Regner.Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Apirilak 27.

Emanaldia hasi baino lehen zera esan diot neure buruari: «Ea zer demontre idazten dudan gaurko esnob keria honetaz…». Antzoki askotan eta lan askoren aurrean izan dut zalantza metafisiko hori, baina gaurkoa mamu baten modura azaldu da nire aurrean, ia-ia notak hartzeko libretatxoa zabaldu baino arinago.

Egia esan, 10.000 gestes (10.000 keinu) izenburuan eta esku-programako azalpenetan erraz iragartzen zen Boris Charmatz koreografoaren asmoak hutsalkeriaren aldarrikapena eta ganorazko ezer komunikatzeko ezintasuna izango zirela, baina tira!, aukera bat eman behar diogu gizaseme-alaba orori, Charmatz delako bat bezain ezezaguna izan arren. Seguruenik, gauza bera pentsatu dute Arriaga antzokira hurbildu diren ikusle militanteek, besaulkien erdiak baino gehiago maizterrik gabe ikustean.

Zirku-itxurako jantzi gorri polit batekin agertu da lehen neska dantzaria, eta Mozarten Requiem-a entzuten zen bitartean bere dantzarako gaitasun akrobatiko ederra erakutsi digu, dantzari-heziketagatik eta Frantziako Zentro Koreografiko bateko partaide izateagatik suposatzen genion legez. Kaxa eszeniko zeharo hutsa are handiagoa egin dute eszenaurrea luzatuta, eta alboetan eskegitako zortzina haga bertikaletatik led bidezko argi zuria hedatu da goialdeko fokuetatik zetozen tonu beroekin konbinatuta.

Kyrie-arekin batera sartu dira gainontzeko hemezortzi dantzariak eszenan. Haietariko hiru jihadisten uniformearekin, gainontzeko gizonak era guztietako galtzontzilotan eta emakumeak denetariko arropekin ibili dira eta koreografoaren asmo bakarrari men eginez, 10.000 keinu ezin errepikatuzkoei ekin diete. Jakina, planteamendu burugabe horren ondorioz, zoroetxe itxura hartu du agertokiak berehala, dantzari bakoitzak nahi zuena egiten zuelako, bakarkako zein taldekako oihu eta txilio nekagarrien artean eta Mozarten musika sufrituak erretagoardian segitzen zuelarik. Keinu «errepikaezin» haien artean soka-saltoan eta lau hankatan aritzea, larrua ustez jotzea, ipurdia arraskatzea, itsumandoka jolastea, irudimenezko bonbillak askatzea, oin bateko behatz lodia zupatzea, aitarena egitea eta potroei zein aluari eskuz heltzea bezalako jarrera sublimeak tartekatu dira.

Umekeriez nekatuta sentitu direnean, foku itsugarri bat isiotu da gure begien kontra, eta dantzariak ikusleen eta besaulkien gainetik ibili dira bere txorakeriez mozkortuta. Begietako niniak estimu handian ditudanez, notak hartzeko libretarekin babestu ditut begiak, baina dantzarietariko bati ez zaio nire jarrera gustatu, libretatxoa arrapaladan ostu eta antzokiko beste muturrera bota du bere probokazioaren keinu errepikaezin gisa. Ez dakit AIk bere urteko txostenean prentsa-askatasunaren kontrako erasotzat hartuko ote duen, baina itxaropentsu nago, Espainiako justizian dugun fede agortezinean bermatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.