Ingurumena. Klima aldaketaren ondorioak

Klimak ez du itxaroten

Varsovian, Nazio Batuen Erakundeak antolatuta, klima aldaketaren inguruko goi bilera egiten ari dira, hilaren 22ra bitartean. 2015erako akordio bat prestatzea da asmoa. Jadanik berandu da, ordea.

Iñaki Petxarroman -

2013ko azaroak 14
Klima aldaketa eragiten duten gasen isurketak ez du etenik. Iaz, inoizko isurketarik handienak izan ziren, eta atmosferan pilatutako berotegi efektuko gasen kopuruak marka guztiak hautsi ditu: milioiko 393 zati, industria aurreko 278etatik urruti. 2013a zazpigarren urterik beroenen arteko bat da 1850etik, eta klima aldaketaren ondorio latzak ari dira pairatzen munduko herrialde pobretuak. Berriki Filipinetan izandako zikloiak eragindako hondamendia da horren adibidea. Hauek dira klima aldaketa eragiten ari den arazo nagusiak:

1. Izotzen urtzea

Desagertzen ari dira izotz eta glaziarrak. Gutxienez 1992tik antzeman zioten zientzialariek izotzen urtzeari, baina prozesua lehenagotik dator. Esaterako, Artikoak bere izotz gunearen erdia inguru —iturri batzuen arabera, gehiago— galdu du hiru hamarkadatan. 2012ko irailean eman zuen inoizko izotz geruzarik txikienaren neurketa: 2,12 milioi kilometro koadro. 1979an, zortzi milioi kilometro koadroko batez besteko hedadura zuen izotzak Artikoan.

Munduko izotz geruzarik handienetakoa dauka Patagoniak. Berriki ohartarazi du NASAk izugarri azkar urtzen ari direla hango glaziarrak. Adibidez, Upsala glaziarrak, Patagoniako handienetan hirugarrenak, hiru kilometro koadro galdu ditu 2002tik 2013ra.

Europan ere antzekoa da prozesua. Alpeetako glaziarrek hedaduraren heren bat galdu dute 1950etik. Pirinioetan ere, 45 kilometro koadro okupatzen zituzten glaziarrek XX. mendearen hasieran, eta 2005. urtean bost kilometro koadro eskas besterik ez. Tenperatura orokorraren berotzeak eragin du izotzaren urtzea. Izan ere, izotz guneak eta glaziarrak oso ekosistema hauskorrak dira. Europako Espazio Agentziak emandako datuen arabera, hiru gradu berotu da tenperatura Siberian 1950etik, eta, horren ondorioz, hango izotz iraunkorraren tamaina asko gutxitu da, Frantzia bezalako lurralde bat halako bi. Mende honen erdirako Artikoko izotzak betiko ur daitezkeela ari dira ohartarazten zientzialariak, Ipar poloko tenperatura 6-8 gradu artean bero daitekeelako.

2. Itsasoko uren igoera

Izotzen urtzearen eta zabaltze termikoaren ondorioz —biak ere erregai fosilek eragindako berotegi efektuak sortutakoak— itsasoko uren igoera zenbatekoa izango den eztabaida handiak eragiten ditu zientzialarien artean. Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldearen (IPCC) arabera, 18 eta 59 zentimetro artean igoko da itsasoaren maila mende honetan. NASAko klimatologoek, baina, askoz ere egoera txarragoa iragarri dute, alegia, 2,25 metroko igoera: 45 zentimetro glaziarren urtzearen ondorioz, 90 zentimetro Groenlandiako izotzaren urtzearengatik eta 90 zentimetro Antartidako izotzaren desagertzeagatik. Tenperaturaren igoeraren araberakoa izango da urtzea ere.

Edonola ere, ur maila igotzeak lur asko ureztatuko ditu, eta horrek 634 milioi herritarrengan eragin zuzena eduki dezake. Izan ere, horiek itsasoko altueratik hamar metrora baino gutxiagora bizi dira. Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundearen arabera, itsasoko urak 50 zentimetro igotzeak uholdeak ekarriko lizkieke 150 milioi laguni, bereziki enbata dagoenean. Euskal Herria ere ez da salbuespena izango. Lapurdiko eta Akitaniako 150 zientzialarik egindako ikerlan baten arabera, 50 zentimetro eta metro bat artean igoko da uren maila Lapurdiko kostaldean. Azti-Tecnaliaren arabera, 1950etik urteko 1,8 milimetro igo da itsasoaren maila munduan (2010etik 3,1 milimetro igotzen ari da). Mundu mailako igoera hori baino handiagoa da euskal kostaldean: 2,1 milimetro 1943tik 2004ra (10 zentimetro 50 urtean). Horren ondorioz, hiru hektarea galdu dute hondartzek Gipuzkoan mende erdi horretan. Alabaina, prozesu hori azkartzen ari da, eta 1993tik hiru milimetro ari da igotzen urtero. XXI. mende bukaeran 50 zentimetro inguru haziko da itsasoaren maila Bizkaiko Itsasoan, Azti-Tecnaliaren arabera. Gipuzkoan 110 hektarea lur hartuko lituzke itsasoak eta 34 hektarea hiri.

Eta Itsasoko maila igotzeaz gain, tenperatura ere igotzen ari da. Horren ondorioz, hemen bizi izan diren hainbat espezie iparraldera aldatzen ari dira, eta hegoalderago bizi zirenak hona etortzen. Horrek ondorio handiak ditu ekosistemetan, eta, oraindik ere, zientzialariak haien ondorioei beha daude.

3. Ekosistemen galera

Berotzeak eragin handia izango du ekosistemetan. Haietako batzuk ari dira jadanik berotze orokorraren kalteak pairatzen. Hala, tropikoetako espezieek pairatuko dituzte kalteak azkarren, ez baitaude ohituta tenperatura aldaketetara. Dagoeneko koralezko uharriak ari dira jasaten klima aldaketaren ondorioak. Haietako asko desagertu dira, eta berotzeak etenik ez badu, litekeena da munduko guztiak galtzea, zientzialarien ustez. Beste ekosistemetan zer eragin izango duen zaila da neurtzea, tenperatura igotzea ez delako berdina izango planeta osoan. Edonola ere, espezieen galera erritmo naturalean baino 1.000 aldiz azkarrago gertatzen ari da, lau faktore nagusirengatik: klima aldaketa, kanpoko espezieen inbasioa, gehiegizko ehiza eta gehiegizko arrantza.

Natura Babesteko Nazioarteko Batasunaren (IUCN) zerrenda gorriaren arabera, txorien espezieen %12, ugaztunen %23, anfibioen %32 eta dordoken %42 desagertzeko arriskuan dira: 16.928 espezie berriki zentsatu dituzten 44.838 espezieetatik. Desagertzeko arriskuan diren ia 17.000 espezie horietatik 3.246 egoera kritikoan daude. Horietatik batzuk klima aldaketak zuzen-zuzenean mehatxatzen ditu, WWFk adierazi duenez: hartz polarra, pinguinoa, Bengalako tigrea, mortsa, hegaluze gorria, hipopotamoa, mendiko gorila, albatroa, itsas dordoka eta koralezko uharria.

4. Gaitzak eta osasuna

Tenperatura berotzeak ekarritako ingurumen aldaketa eta zenbait parasitoren eragin eremuaren zabaltzea gaixotasun batzuen eragin eremua handitzen ari da. Esate baterako, dengea eta paludismoa kutsatzen duten eltxoak iparraldeko lurretara joan ahal izango dira, berotzearen eta prezipitazioen areagotzearen erruz. Aldi berean, natur hondamendi gehiago izaten ari dira eta etorkizunean are eta gehiago izango dira (uholdeak, lehorteak, urakanak, ekaitzak...), eta horrek eragin larriak ekarriko ditu, ur edangarriaren gabeziaren ondorioz. Asma eta errinitis gehiago izango dira udaberrian, eta estres termikoak bihotzeko eta arnas aparatuko gaitzak ugarituko ditu.

Europaren kasuan, esate baterako, azken uda batzuetan izan dira beroak eragindako gaitz larri batzuk: bero kolpeak, hipertermia, deshidratazioa... Horiek are eta gehiago sentituko dira aurrerantzean. Aldiz, neguan izaten diren gaitz batzuk (bronkitis, pneumoniak...) gutxiago nozituko dira. Europako herrialde guztietan nabaritu da joera hori. Adibidez, 1950 geroztiko negurik hotzenetan %5-7 artean gutxitu dira gaitzen ondoriozko heriotzak. Udarik beroenetan, berriz, %10-12 handitu dira heriotzak.

5. Natur hondamendiak eta uholdeak

Ohiko bihurtu dira, eta zerikusi zuzena dute itsasoko uraren berotze orokorrarekin. Memorian geratu zaizkigu Katrina, Mitch, Wilma, Nargis eta Haiyan bera, aste honetan bertan Filipinak astindu eta dozenaka mila hildako eragin dituena. Urtero-urtero ehunka mila lagun hiltzen dituzte natur hondamendiek, eta horien erdiak klima aldaketarekin zerikusia duten uholdeetan izaten dira.

Hala ere, natur hondamendien eta klima aldaketaren arteko lotura zientifikoa zehaztea ez da erraza. Zientzalari batzuek topatu dute, ordea. Nature aldizkariak argitaratu duenez, Kanadako Ingurumen Ministerioak aginduta, 150.000 ordenadore partikularren parte hartzeari eskerrak, topatu dute lotura berotze efektuaren eta euri bortitzen intentsitatearen artean, ipar hemisferioan. XX. mendearen bigarren zatian 24 ordu iraun duten eurite bortitzen hazkundea bat dator berotze efektua eragiten duten gasen isurketaren hazkundearekin.

Natur hondamendien kalterik handienak, ordea, ez dira ari gertatzen ipar hemisferioko herrialde industrializatuetan, hego hemisferioko herrialde pobretuetan baino. NBEren txosten baten arabera, natur hondamendien kopurua %50 hazi zen 2000ko hamarkadan 1990ekoaren aldean.

Uholdeak eta eurite bortitzak ez ezik, basamortutze prozesu bortitza ere martxan da, baso-soiltzearengatik ez ezik, klima aldaketagatik ere. Izan ere, euriteak %10 eta 30 bitartean gutxituko dira erdi latitudeetako eta tropiko lehorretako hainbat eskualdetan, NBEren arabera. Esate baterako, 2000. eta 2005. urteen artean erdialdeko eta mendebaldeko Afrikak 67.800 kilometro koadro lur galdu ditu basamortutzearen ondorioz, Euskal Herriaren hedadura halako hiru.

6. Migrazioak

Itsasoaren gorakada, nekazaritza lurren gazitzea, basamortutzea, ur edangarriaren galera eta elikagaiak lortzeko bermerik eza —guztiak ere klima aldaketaren ondorioak— milaka lagun bultzatzen ari da jaioterria uztera.

NBEren migrazioei buruzko 2010eko txostenaren arabera, 2008 eta 2009an 20 milioi pertsonak emigratu behar izan zuten klima aldaketak eragindako faktoreengatik. Asia da iheslari gehien duen kontinentea.

Uholdeek, urakanek eta bestelako gertakari bortitzek berehala behartzen dute jendea etxetik urrutiratzea —adibidez, Katrina urakanaren ondorioz 1,5 milioi lagunek utzi zuten New Orleans 2005ean, eta haietatik 300.000 ez dira itzuli; Myanmarren, Nargis zikloiak 800.000 desplazatu eragin zituen 2008an—, baina sarritan askoz ere fenomeno luzeagoak izaten dira, besteak beste, lehorteak. Basamortutze eta ur eskasiaren ondorioz 10 milioi pertsonak emigratu dute Afrikan azken hamarkadetan, eta ia milioi bat lagunek utzi behar izan dute Mexikoko iparraldeko eremua.

Itsasoaren gorakada herrialde batzuk desagerrarazten ari da. Kasu nabarmenak dira Tuvalu eta Kiribati uhartediena. Herrialde horiek laster desagerraraziko ditu itsasoaren igoerak. Jada iheslari ugari saiatu dira Australiara eta Zelanda Berrira joaten, baina atzera bota dituzte gehienak errefuxiatu babesa ez edukitzeagatik. NBEk ez du onartzen errefuxiatu klimatikoaren figura, baina gero eta agerikoagoa da halakorik izan badela. 2050erako 200 milioi lagunek utzi beharko dute euren herrialdea klima aldaketagatik, Oxfordeko Unibertsitateko irakasle Norma Myersen arabera. Beste iturri batzuk ezkorragoak dira: ACNURen arabera, esate baterako, mila milioi lagunek emigratu beharko dute 2050ean arrazoi horren ondorioz.

7. Ur edangarriaren falta

Klima aldaketa eragin larria izaten ari da ur edangarriaren hornikuntzan, bereziki, herrialderik pobretuenetan. Gaur egun 1.000 milioi pertsonak ez dute ur edangarririk, eta 2.500 milioi ur zikinak garbitzeko azpiegiturarik gabe bizi dira. Beraz, kalitate txarreko ura edaten dute. Egunero 6.000 haur hiltzen dira ur ez-edangarria edateak eragindako gaitzen ondorioz, eta 4 milioi lagun hiltzen dira urtero kalitate txarreko ura edateagatik.

Egoera okerrera egiten ari da. Batetik, itsasoko uraren gorakada ur gezaren iturriak gazitzen ari delako munduko hainbat herrialdetan, besteak beste, altuera gutxiko uharte eta kostalde eremuetan: Ozeaniako uhartediak, Bangladesh, India, Karibe... Eta, bestetik, bakteria eta birusen zabaltzea handitzen ari delako ur edangarriaren gabezia, bereziki Asia, Afrika eta Hegoamerikako herrialde pobretuetan.

Lehorteen ondorioz ere ur hornidura gutxitzen ari da, eta are eta gehiago gutxituko da. Esate baterako, gaur egun1.600 milioi lagun bizi dira ur edangarria falta duten herrialdeetan, eta kopuru hori 2.800 milioira handituko da 2025erako, Munduko Bankuaren arabera.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna