Albistea entzun

Jabetza pribatua legez babestea onartu du Txinan Legebiltzarrak

Nekazaritza eremuen eta hirien arteko aldea murriztu beharra dagoela azaldu du lehen ministroak
Tamaina handiagoan ikusi

ARANTXA ELIZEGI -

2007ko martxoak 17

Hamahiru urteko eztabaiden ostean, Txinako Legebiltzarrak onartu egin du jabetza pribatua babesteko legea. Aldeko 2.799 botorekin, kontrako 52rekin eta 37 abstentziorekin onartu dute proposamena. Txina herrialde komunista izanik, pauso historikoa izan da eman duena. Ez da erraza izan, ordea, urratsa egitea. Alderdi Komunistako buruzagi asko beldur ziren, legeak ez ote zituen Estatuaren oinarri sozialistak kolokan jarriko. Horiek hala, legediak nabarmentzen du jabetza pribatua eta publikoa parekoak izango diren arren, arazorik izanez gero, jabetza publikoak izango du lehentasuna. Era berean, nekazaritza eremuak Estatuarenak izaten jarraituko dute.

Indar handia du jabetza pribatuak. Herrialdeko aberastasunen erdiak pribatuak dira. Horretaz gain, atzerriko enpresentzako zergak ere %25era igo dituzte. Orain arte, oso zerga baxuak ordaintzen zituzten atzerriko enpresariek. «Gure ikuspegiak zabaltzeko eta gizarte modernoengandik ikasteko prest gaude, baina gure herriaren baldintzak ere kontuan izango ditugu eta demokrazia gure erara eraikitzen jarraituko dugu», nabarmendu du Wen Jiabao lehen ministroak.

EZEGONKORTASUNEN ARRISKUA. Txinako ekonomiak gorakada nabarmena izan duen arren, alde handia dago nekazaritza eremuen eta hirien artean. «Txinako ekonomiaren arazo nagusia hauxe da: garapen ezegonkorra, desorekatua, koordinatu gabea eta jasan ezina. Horrek tentsioak eragiten ditu gure ekonomian», azaldu du lehen ministroak. Arazoa konpontzeko denbora luzea beharko dutela ere iragarri du gobernuburuak. Bestelako helburuak ere aipatu ditu Wen Jiabaok: energia aurreztea, berotegi efektua eragiten duten gasak murriztea eta ingurumena behar bezala babestea. Dena den, ohartarazi du Txina garapen bidean dagoen herrialdea izanik, ezin zaizkiola jarri herrialde garatu bati jartzen zaizkion baldintza berak.

Nekazaria,

bigarren mailako

herritarra

Urtero milaka nekazari joaten dira hirietara; azken hogei urteetan 6.475 milioi hektarea inguru jan dizkiote hiriek nekazaritza lurrei
a. e.

Txinan arazoa ez da nekazariak bigarren mailako herritar gisa tratatzen dituztela. Arazoa da bigarren mailako herritarrak direla. Nekazaritza eremuetan eskolak gutxi eta txarrak dira; oso mediku gutxi daude, eta zaila da erietxe bat aurkitzea; agintariak erraz erosten dira, eta boterea beren mesedetan erabiltzen dute maiz. Horiek hala, irtenbide bakarra geratzen zaie haiei, hirietara ihes egitea. 1980az geroztik 150 eta 200 milioi herritar artean joan dira hirietara. 2015erako 300 milioi izango direla uste dute. Han bigarren mailako hiritar bilakatzen dira.

«Txinako mirari ekonomikoa deitzen duten horrek ondorio izugarriak ditu gizakiengan. Nekazaritza eremuetako etorkinek gehiegikeriak jasan behar dituzte etengabe», salatu du AI Amnesty Internationaleko Asiarako arduradun Catherine Baberrek. Herrialde guztietan bezala, etorkinentzat izaten dira lanik okerrenak. Txinan eraikuntzan edo fabriketan egiten duten lan. Egunean hamabi orduz eta astean zazpi egunez aritzen dira. Hilabetean egun bakarra izaten dute jai. Asko paperik gabe iristen dira, eta ez dute oinarrizko osasun zerbitzurik ere jasotzen.

PUBLIKOA ETA PRIBATUA. Hirietako jabetza pribatuak babesteko legea onartu zuen atzo Txinako Legebiltzarrak. Hirietan posible da norbait etxe baten edo enpresa baten jabe izatea. Nekazaritza eremuetan, ordea, ez. Han lurrak Gobernuarenak dira, eta nekazariek haiek erabiltzeko aukera dute hainbat urtez. Baina Estatuak haiek desjabetu litzake «komunitatearen mesedetan» denean. Nork erabakitzen du, ordea, komunitatearen mesedetan dela? Azken urteetan izugarri handitu dira hiriak, eta ondorioz, hogei urteotan nekazaritza eremuetako 6.475 milioi hektarea jan dituzte ormigoizko eraikinek.

Esanguratsua da Yangge herrian gertatutakoa. Pekinetik 25 kilometro iparraldera dago kokatua. Enpresari batek herriaren lurrak erostea erabaki zuen eta hainbat milioiko eskaintza egin zion udalari. Hark onartu egin zuen. Inork ez zien herritarrei galdetu, ezta ordaindu ere, beren lurrak kendu zizkietenean. Orain Yanggetik ehun metro ingurura ormigoizko dorre altuak eraiki dituzte. Etxebizitza bakoitzak milioi bat dolar inguru balio du. Ez dira noski nekazarientzat, haiek beren etxe xumeetan jarraitzen dute.

Wen Jiabao lehen ministroak onartu du alde handiak daudela nekazaritza lurren eta hirien artean, eta nabarmendu du horiek murriztu beharra dagoela. Baina jabetza pribatua babesteko onartutako legeak dio nekazaritza lurrek Gobernuaren esku jarraituko dutela, eta Estatuak nahi duenean berreskuratu ahal izango dituela. Legea onartzea aurrerapauso handia izan da Txinarentzat, baina eragin eskasa izango du nekazariengan.

BerrezIKeTa eremuaK

Epaiketarik gabe zigortuak. Txinan bada lege bat, zeinaren arabera, Poliziak delitu txikiren bat egin duen edonor atxilotu eta heziketa eremuetara eraman dezakeen, epaiketarik gabe. Gobernuak aldatu egin nahi du legea, eta lau urteko atxiloaldia 18 hilabetera gutxitu, baina oraingoz negoziazioak geldirik daude.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Sudango Khartum hiriburuan atzo izandako protesta baten irudia. ©STRINGER / EFE

Militarrek diote trantsizioaren «bidea zuzentzen saiatzen» ari direla

Ander Perez Zala

Al-Burhanek defendatu du Sudanen ez dela estatu kolperik izan, eta azaldu du «laster» gobernu berri bat izango dela; Kontseilu Subiranoak dio hark duela «autoritate legitimoa» oraindik ere. Armadak gutxienez zazpi lagun hil ditu manifestazioetan.

Scott Morrison, Australiako lehen ministroa / ©Mick Tsikas, EFE

2050erako karbono neutraltasuna lortzeko konpromisoa hartu du Australiak

Arantxa Elizegi Egilegor

Neutraltasuna lortzeko, 12.924 milioi euroko inbertsioa egingo dute teknologia garbietan 2030era arte. Horrez gain, eutsi egingo diete 2030erako jarritako helburuei, hau da, isuriak %28ra murriztea 2005ekoekin alderatuta.

Artalde bat, eta, haren atzean, hainbat ke zutabe, Alemaniako Bergheim hiriko lantegi batean. ©SASCHA STEINBACH / EFE

Berotegi gasen kontzentrazioa inoizko handiena izan zen 2020an

Gorka Berasategi Otamendi

Karbono dioxidoaren zenbatekoa %149 handitu da industrializazio aurreko garaikoarekin alderatuta, Munduko Meteorologia Erakundearen arabera. Estatuak Parisko helburuetatik «oso urrun» daude

Estatu kolpea salatzeko eta gobernuari elkartasuna adierazteko atzo Khartumen egindako protestetako bat. ©MOHAMMED ABU OBAID/ EFE

Sudanen, militarrek estatu kolpea eman dute, eta gobernua desegin

Arantxa Elizegi Egilegor

Armadak atxilo hartu du lehen ministroa, eta bakea «arriskuan» jartzea egotzi dio trantsizio gobernuari. Armadaburuak iragarri du «gobernu teknokrata bat» osatuko dutela datorren hilabetean

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.