Katixa Dolhare-Zaldunbide.
HIRUDIA

Zergatik bi?

2015eko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Eta zergatik hiztun bakarrak, ele bakarrak ez dezakete inoiz lortu, itxuratik at, [errealitatearen funtsa] izendatzea? Gutienez bi izan behar dugu horren errateko.

»—Badakit. Bi izan behar dugu.

»—Baina zergatik bi? Zergatik bi ele gauza beraren errateko ?

»—Kontua da erraten duena beti bestea dela».

Maurice Blanchotek L'Entretien Infini liburuan idatzi solasaldi arraro hori didate gogorarazi Txema Arinas eta Patxi Zubizarreta zutabekideen azken kronikek. Obra ikaragarri horrek harritu ninduen unibertsitatean ikasle nintzelarik, batez ere zatitto honek, adierazten zuelako errealitatearen funtsa ez zitekeela bat —mistikoek sinetsi bezala—, ez eta hiru ere —Hegelek demostratu bezala—. Gisa berean, mende erdi bat lehenago, Stephane Mallarme poetak errana zion behin Georges Clemenceau gobernu buruari — bere saloian agertzen zelako, eta egun hartan goraki baieztatu zuelako beti printzipio bakarretik abiatzen zela—: «O, adiskide, hortaz geroz, zergatik ez bi printzipiotatik betan abiatu ?».

Uste dut nik ere bikoiztasunean, eta are gehiago, itxuraz kontraerrankorra den bikoiztasunaren onarpenean dagoela errealitatea ulertzera saiatzeko gakoa — batez ere, egoera diglosikoan egunero bizi garen euskaldunontzat, gure errealitate berezia ulertzen saiatzekoa—. Alta hemen, Iparraldean, idazle gehienek ez dute egoera diglosiko hori literarioki (erran nahi dut ez ideologikoki) problematizatu : Marie Darrieussecq bezalakoek frantsesez idazten dute euskaraz ez dakitelako; eta euskaraz idazten dutenek arnasgune bat eskaini nahi diote euskarari beren liburuetan. Alde batetik, ez da ikusten non litekeen frantsesez idatzitakoak euskarara itzultzearen interesa; bestaldetik, ez da nahikariarik euskarazkoak erdarara pasarazteko, hots, eguneroko elebitasunean itoarazteko.

Halere, salbuespen aipagarri bat badaukagu, hau da Itxaro Borda. Idazle honek funtsezko hausnarketa bat darama literarioki uztartzeko diglosiaren ondorioak, autoitzulpengintza bere obraren ardatz hautatzeraino. Itxaro Bordak berak azaldu zuen bere idazle bidea Udako Euskal Unibertsitateak 2013an antolatu jardunaldietan, hain xuxen Etxetik etxera itzuliz deitutako hitzaldian. Azken finean, autoitzulpengintza onartu eta asumitua, eguneroko elebitasunean bakean bizitzeko molde bat izan daiteke, hots, literaturak eskaini ustegabeko aterabide bat egoera diglosikoak eragin gaizkizate eta kulpabilizazioei.

Alabaina, (auto)itzulpen lana saretze lan bikaina da: hizkuntzak eta kulturak ehunduz, batak eta besteak hein berean ezarriz, dialogo bat sorrarazten du, harreman sakonak eta funtsezko elkarrezagutza bideratuz. Philippe Jaccottet idazle eta itzultzaile suitzarrak gogoeta barnakorrak argitaratu izan ditu gai horretaz. Rilke, Hoelderlin, Goethe, Bachmann, Benjamin, Haertling, Mann, Musil, Homero, Gongora edota Mandelstamen obrak itzuli arau, ikasi zuen itzulpengintza eta poesia ezin bereiziak zirela : biak ele zuzenenaren miaketan oinarritzen dira.

Horiek hola, gazteek ez dute beharbada gehiago libururik irakurtzen, baina bakea, elkarbizitza eta zuzentasuna helburutzat duteno, bikoiztasuna aberastasun dukete, eta literatura ez dateke arrunt xahu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.