KRITIKA. Zinema

Konplexurik gabeko gaurkotzea

Gontzal Agote -

2016ko ekainak 23

'The Nice Guys'

Zuzendaria: Shane Black. Gidoilariak: Shane Black, Anthony Bagarozzi. Aktoreak: Russell Crowe, Ryan Gosling, Angourie Rice.

Erreparo pixka bat sortzen du filmaren afixak; tipografiatik hasita dena oso retro, ganberro izateko nahi agerikoarekin. Aurreiritziak alde batera utzi eta aukera bat eman behar zaio filmari. Azken finean, Shane Black Kiss Kiss Bang Bang-en egilea da eta pelikula hori duela hamar bat urteko sorpresarik atseginenetakoa izan zen.

1970eko estetika bere eginez, The Nice Guys hamarkada horretan egin zen zinema mota bati konplexurik gabeko omenaldia da. Ondorengo urteotan aspertu arte ezagutu genuen formula arrakastatsua sortuko zen orduan, ikerketa batean elkarrekin lan egin behar zutenen bi pertsonaia antagonikoena. Buddy movie deitu zitzaion horri.

Horretaz asko daki Shane Black zuzendariak, berak idatzi baitzuen azpigeneroari amaiera ez-ofiziala emanen zion filmaren gidoia, Lethal Weapon. Urte asko joan dira Mel Gibson eta Danny Gloverren abentura aurkeztu zuenetik eta, zuzendari bihurtuta, Blackek ongi daki istorio horietara bueltatzeko modu bakarra distantzia hartzea dela.

Horretarako, ironia eta erreferentzia sotilak —Basingerren agerraldia kasu— uztartuko dituen formula bikaina erabiliko du. Beltza da pelikula, adieraren zentzurik klasikoenean. Hortaz, istorioa bera ez da inportanteena, eta aitzakia hutsa bilakatuko da. Bi pertsonaia nagusiek dute erabateko protagonismoa —gehi soberako protagonismoa hartuko duen pertsonaia gaztea-, eta horiek izanen dira The Nice Guys-ek baliatuko dituen su eta gasolina.

Bere buruari etengabe trufa eginez erregistro ezezagunean ageriko zaizkigu Crowe eta Gosgling, arin, xelebre, lotsagabe, askotan zuzentasun politikoaren mugak txikituz. Horiekin eta ongi eraikitako gidoi batekin filmak bere helburua beteko du; alferrikako nostalgiakeriatan erori gabe iraganeko zinema molde baten gaineko gaurkotze jostalari bezain trebea eskaintzea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna