Azokan tokirik ez duten sakelakoak

Aste honetan, Mobile Social Congress eta Mobile Commons Congress topaketak egin dira Bartzelonan, sakelakoen industriari bestela begiratu eta aukerak mahai gainean jartzeko.

Iker Tubia.
2016ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Ez da Bartzelonako bilkura bakarra izan. MWC sakelakoen nazioarteko kongresuarekin batera, beste bi topaketa izan dira aste honetan: Mobile Social Congress eta Mobile Commons Congress. Komunikazioaren industriari betaurreko sozialekin begiratzeko modua izan da.

Kongresu sozialean, adibidez, gailu elektronikoak egiteko erabiltzen diren materialez hitz egin dute. Mineralen jatorria zein den azaldu dute, eta horren atzean dauden lan baldintza kaskarrak izan dituzte hizpide. Fire Phone telefonoa ere han izan da. «Bidezko merkataritzako telefonoa da. Mineralak gatazkarik ez dagoen lurraldeetatik ekartzen saiatzen dira, edo, Afrikatik ekarri behar badituzte, kooperatiben bitartez erosten dituzte», azaldu du Egoitz Gonzalez informatika ingeniari tekniko eta Android garatzaileak.

Gainera, sakelako horrek badu beste berezitasun bat. Kanpotik gainerakoak bezalakoa iduri du, baina barrutik modularra da. «Zerbait puskatzen bazaizu, demagun kamera, beste kamera bat erosi eta jartzea errazagoa da; hau da, konponketak errazago egiten dira». Hori ez da gertatzen bestelako enpresek egiten dituzten sakelakoekin.

Bestalde, Mobile Commons Congressen kode irekiari buruz aritu dira. Sakelakoetan sartuta dagoen hardwarea berrerabiltzeko moduak ere azaldu dituzte, eta zaharkitze programatuaz hitz egin dute. Subiranotasun teknologikoari buruzko lehen kongresua ere egin dute, eta Richard Stallmanek parte hartu du bertan. «Software librearen aita dela esan dezakegu», azaldu du Gonzalezek. Foku mediatikoetatik aparte aukerak egon dira, beraz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.