ana galarraga aiestaran
Ezarian. Zientzia. Argi Aldian

Neurria hartzen

2013ko apirilaren 4a
00:00
Entzun
Askok gogoan izango dute (dugu) albistea: jaioberri batek hiesa garatzea eragotzi dute, jaio orduko botika antirretrobiraletan oinarritutako tratamendu gogor bat emanda. Ameriketako Estatu Batuetatik etorri zen albistea; hain zuzen ere, bertako ospitale ospetsuenetako bat, Johns Hopkins ospitalea, eta bi unibertsitate, Mississippikoa eta Massachusettsekoa, elkarlanean aritu ziren ikerketa hartan, eta hiruren komunikazio-bulegoek eman zuten berria, bideoz, adierazpenez eta argazkiz ondo hornituta.

Ikertzaileek eurek aitortu zuten ezin zutela esan haurra sendatu zutenik; bai, ordea, bi urte igaro ondoren, eta dagoeneko botikarik hartzen ez duen arren, hiesa diagnostikatzeko gaur egun erabiltzen duten testek ez dutela birusik detektatzen haurraren odolean. Horrez gain, albisteari neurria hartzen laguntzen duen beste zehaztapen bat ere egin dute ikertzaileek: oraingoz, ume bakarrean probatu dute; beraz, arrakastatsua dela esateko, aurretik beste haur batzuekin baieztatu behar dute tratamenduaren onura.

Ñabardurak gorabehera, albisteak sekulako oihartzuna izan zuen komunikabide orokorretan, garai bertsuan antirretrobiralei buruz argitaratu ziren beste bi ikerketak lortu zutena baino askoz ere handiagoa. Bi ikerketa haiek ez ziren nolanahikoak: Science zientzia-aldizkariak azala eman zien. Eta, hala ere, ez zuten hedabideen arreta bereganatu.

Ikerketen emaitzak ikusgarriak ziren. Batean frogatu zuten hamar urtez luzatu zela eskualdeko biztanleen bizi-itxaropena antirretrobiraletan oinarritutako programa bati esker. Horrekin batera, ikuspuntu ekonomikotik programa erabat errentagarria zela erakutsi zuten —irabaziak gastuak baino 26 aldiz handiagoak ziren—. Beste ikerketan, berriz, baieztatu zuten antirretrobiralen ondorioz kutsadura-kasuak asko gutxitu zirela.

Nabarmentzekoa da ikerketa horiek 2001ean hasi eta 2011n amaitu zituztela, eta guztira 101.000 pertsonak parte hartu zutela. Hori guztia kontuan hartuta, neurri batean harrigarria dirudi ez lortzea lehenengo albisteak izan zuen adinako oihartzunik. Agian, albistearen jatorrian eta protagonistetan dago gakoa: esan bezala, lehena Estatu Batuetako ospitale eta unibertsitate ezagunetatik zetorren, eta protagonista nagusia izar bihurtu den jaioberri bat zen; besteak Hegoafrikako eskualde pobreeneko unibertsitatetik etorri dira (KwaZulu Nataleko Unibertsitatetik), eta protagonistak 101.000 gizon-emakume anonimo dira.

Horrelakoak gertatzen direla jabetuta ere, beti ez da erraza albiste bakoitzari eduki zientifikoaren araberako neurria hartzea. Sarritan, jatorria eta protagonista oso handiak izateak errezeloa sortzen du, eta artzaina eta otsoaren ipuina gogorarazten badu, gehiegizko eszeptizismoz hartzea ere gerta daiteke.

Arrisku hori zuen, esaterako, duela gutxi zabaldu zen Marteri buruzko albiste batek. Jatorria benetan handia zen, NASAtik baitzetorren, eta protagonista, berriz, erraldoia zen: bizi estralurtarra izateko aukera! Bizi estralurtarraren froga eztabaidaezin batek bakarrik gaindi dezake hori.

Alabaina, hainbestetan esan du NASAk bizi estralurtarrarekin erlazionatutako arrastoren bat aurkitu duela Marten, albistea jaso eta ia baztertu genuela Elhuyar aldizkariko lantaldean. Gero, ordea, mamia bazuela konturatu ginen, eta albistearen berri eman genuen guk ere, izenburu neurtu honekin: «Azken arrastoen arabera, Marte leku egokia izan zitekeen bizitzarako». Neurtuegia, akaso...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.