Arteak oholtza gainera igoko dira

Txema Estebanek hareazko animazioa erabiliko du hainbat proiektutan. Arte eszenikoak, plastikoak, musika eta literatura bilduko ditu horietako batean.

Iker Tubia.
Agoitz
2013ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Euskal Herrian ez da ohikoa hareazko animazioa zuzenean ikustea. Krisi ekonomikoak kultura bete-betean jo duen honetan, ideia berritzaileak beharrezkoak dira, eta horren jakitun da Txema Esteban marrazkilari nafarra. Horregatik, hareazko animazioa teknika erabiliko du hainbat proiektutan. Lanik handinahiena Kadairiam ikuskizuna da. Arte eszenikoak, plastikoak, musika eta literatura uztartzen ditu.

Ikuskizun horretan, Iparfolk musika taldeak, Jaione Medina kantariak eta Sergio Salinas eta Caludia Rodriguez antzezleek parte hartzen dute Estebanekin batera. Guztien artean hiru ipuin kontatzen dituzte: haietako bi Jorge Bucay psikologo argentinarrarenak dira. Hirugarrena, berriz, Irlandatik dator, baina «euskaldundu» egin dute, besteak beste, izenak aldatuz eta istorioa Matxitxako lurmuturrera eramanez. Erdi Aroan gertatzen dira istorioak, eta guziek mezua dute, irakaspen bat. Lehenbiziko biek ez dute ageriko loturarik, baina hirugarrenean pertsonaia guziak agertzen dira, ikuskizuna borobiltzeko.

Narratzaile lana Sergio Salinas eta Claudia Rodriguezen esku dago. Antzerkigintzan duten esperientzia baliatzen dute ipuina kontatzeko. Gainera, Jaione Medina abeslariak ere parte hartzen du, eta ipuinen arteko zubia ahotsarekin eraikitzen du. Izan ere, istorioen artean kantatu egiten du, ikuskizunerako propio sortu dituzten abestiak hain zuzen.

Zerbait «ezberdina» egiteko asmoa zuen Estebanek, eta horregatik jo zuen Iparfolk taldearengana. Musikariak konbentzitzea ez zen lan zaila izan. Lehenbizi Kseniya Simonova artista ukrainarraren bideo bat erakutsi zien, hareazko animazioa zer zen ikus zezaten. Iparfolkeko musikari Iñaki Antolinek azaldu duenez, horrekin aski izan zen: «Txema baino pitzatuago gaude gu, horregatik onartu genuen gonbita».

Proiektua martxan zutela, parte hartzaileak engainatu egin zituela esan du Estebanek. Irudiak landu ote zituen galdetzen zioten guztietan baiezkoa ematen zuen, nahiz eta ez zuen deus prestaturik izaten. Izan ere, bat-batekotasunak duen «freskotasuna» atsegin du artista nafarrak. «Zuzenean hobeki egiten dut lan», azaldu du. Beraz, egun batzuk lehenago story board bat sortu zuen, komiki bat balitz bezala, baina emanaldian imajinazioa hegan jarri zuen. Gidoi txiki baten beharra dagoela onartu du, zurian ez geratzeko. Musika eta narrazioak ez dira gelditzen, eta, gainera, parte hartzaileek ez dituzte irudiak ikusten. Ikusleak soilik goza dezake Estebanek sortzen dituen hareazko errealitateekin.

Familia guztiarentzako ikuskizuna da Kadairiam, eta dagoeneko egin dute lehenbiziko saioa. Antsoainen izan zen, duela urte bat kasik. Haien esanetan, jendea oso kontent atera zen kutur etxetik, «ikuskizuna berriz ikusteko gogoz». Aretoa lepo bete zutela diote, nahiz eta zabalpen handirik ez zuen izan. Hurrengo emanaldia ekainaren 8an izanen da, Agoizko kultur etxean. 20:00etan eskainiko dute musika, hareazko animazioa eta narrazioa uztartzen dituen ikuskizuna. Gainera, beste toki batzuetara zabaltzeko lanean dabiltza orain, nahiz eta zailtasunak dituzten, ez baitute ikuskizunaren berri emateko arduradunik.

Guztira hamabi pertsona igotzen dira oholtza gainera, horregatik, ezin da edozein tokitan eskaini. Arazo hori konpontzeko, Estebanek beste proiektu bat sortu du, tamaina txikiagokoa. DJ Jotatxorekin lanean dabil, tabernetara egokitutako ikuskizuna prestatzen. Bost kanta hautatuko dituzte, eta haiekin inprobisatu eginen dute. «Irudi bonbardaketa bat da, irudi batetik beste bat sortzen da, eta horretatik beste bat...», azaldu du Estebanek. Proiektu horretan askatasun handiagoa du marrazkilariak, helburua ez baita istorio bat kontatzea, irudi batetik beste bat nola sortzen den erakustea baizik, haien arteko loturarik egon gabe.

Azkenik, film laburretan parte hartzeko asmoa du. Horietan ere hareazko animazioa erabiliko du Estebanek. Agoizko film laburren txapelketan parte hartuko du, baina zabalpen handiagoa duten lehiaketetara aurkeztuko dela esan du, baita nazioarteko txapelketetan ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.