Argentina. Videlaren heriotza

Kartzelan hil da diktadorea

Argentinako diktadorea izan zen Jorge Videla 1976tik 1981era, eta haren agintaldian 30.000 lagun desagertu ziren

Buenos Airesko espetxeko ziegan hilik topatu dute 87 urteko presidente ohia

Ion Orzaiz -

2013ko maiatzak 18
Jorge Rafael Videla hil da, 87 urterekin. Kartzelan. Argentinako diktadurarik bortitzenaren buru izandakoa Kondor operazioagatik epaitzen ari ziren. Atzo topatu zuten ziegan. Hilik. Bolbora bezala hedatu zen albistea hedabide eta sare sozialetan, Argentinan batez ere. Harridura agertu zuten batzuek; poza beste askok; eta diktadorearen krimenengatik amorrua eta samina gehienek. Inor gutxik egin zuen negar estatuburu ohiarengatik. Izan ere, herrialdeko pertsonaiarik gorrotatuenetako bat izan zen Videla. Hark gidatutako Junta Militarraren pean, 30.000 lagun desagerrarazi, torturatu eta erail zituzten 1976 eta 1981 artean, giza eskubideen aldeko erakundeen arabera.

«Gerra guztietan daude bizirik atera diren pertsonak, elbarri geratu direnak, hildakoak eta desagertuak», esan zuen behin baino gehiagotan, diktaduraren urteetan. 2012an egindako elkarrizketa batean, ordea, epaileen aurrean esatera ausartu ez zena aitortu zuen: «7.000 edo 8.000» pertsona exekutatu zituela Junta Militarrak, eta gorpuak desagerrarazi zituela, «herrialdean zein atzerrian protestarik ez pizteko». Hala ere, de facto presidente izan zen garaiko krimenen biktimak «terrorearen militanteak» zirela argudiatu du behin baino gehiagotan, eta ez du inoiz damurik agertu.

Sarraskiaren ideologoa

1925eko abuztuaren 2an jaio zen Videla, Mercedes hirian, eta 1942an ekin zion ibilbide militarrari, kontinenteko diktadore gehienek bezalaxe, AEBetan dagoen Amerikako Eskolan. Ofizial gradua lortu zuen han, eta ordutik, gora egin zuen etengabe Argentinako armadan. 1975ean, komandante buru izendatu zuen Maria Estela Peron presidenteak. Handik urtebetera, ordea, estatu kolpea eman zuen, Eduardo Massera eta Ramon Agostirekin batera, eta Peron agintetik kendu. Horrez gainera, Kondor operazioaren ideologoetako bat izan zen. Argentina, Brasil, Bolivia, Txile, Paraguai eta Urugaiko diktaduren arteko akordioa zen hori, eskualde osoan ezkerreko ekintzaileak jazarri eta desagerrarazteko.

Diktadore guztien antzera, nazioarteko komunitatearen legitimitatea bilatu zuen Videlak, eta 1978ko Munduko Futbol Kopa izan zen horren adierazlerik garbiena. Urterik beltzenak izan ziren Argentinan: hilketak, legez kanpoko atxiloketak, bahiketak, torturak... Hori guztia estaltzen saiatu zen diktadorea Koparekin. Roberto Viola generalak hartu zion lekukoa Videlari, 1981ean, eta handik bi urtera, Raul Alfonsinek irabazi zituen hauteskundeak. 1985ean, auzipetu egin zuten, beste zenbait militar ohirekin batera. Bizi guztiko kartzela zigorra ezarri zioten, baina bost urte besterik ez zuen bete, 1990ean barkatu egin baitzion Carlos Menem presidenteak.

Nestor Kirchnerren agintaldian, barkamen legeak indargabetu eta kartzelan sarrarazi zuten. Espetxe arrunt batean igaro ditu bizitzako azken urteak. Atzo, berez hil zela baieztatu dute Marcos Paz espetxeko arduradunek.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna