Josu Ibargutxi. Krimen frankisten aurkako plataforma

«Ezin gara aitortzan geratu; justizia eskatu behar da, beti»

Lehenbiziko aldiz, epaile batek onartu berri du frankistek egindako krimenak ofizioz ikertzea. Udaletatik abiatuta, «zurrunbilo bat» sortzeko aukera ikusten du Ibargutxik.
MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS

Samara Velte -

2017ko abenduak 26
Argentinatik itzuli berritan elkartu da BERRIArekin Josu Ibargutxi (Eibar, Gipuzkoa, 1949), krimen frankisten aurkako kereilen euskal plataformako bozeramailea. 2014tik krimenok ikertzen diharduen Maria Servini epailearekin egon da han: «Badaki bere lana, egiaz, aurretiko lana dela, azkenean hemengo auzitegiek frankismoa epai dezaten». Elgetako (Gipuzkoa) kasuak hauspotu ditu ekintzaileen animoak.

Bergarako auzitegiko Maider Imaz epaileak onartu berri du Elgetako krimen frankistak ofizioz epaitzea. Zergatik da historikoa erabaki hori?

Historikoa, zoritxarrez, historia delako: duela 80 urteko gertakizun horiek honezkero epaituta egon behar luketelako; eta erantzuleek, kartzelan. Baina historikoa ere bada, zentzu positiboan, lehenbiziko aldiz neurri honetaz jabetu delako... ez dut esango Espainiako judikatura, baina bai epaile batzuk. Euskal Herrian lehena izan da, baina Sorian ere izan zen beste epaile bat duela hiruzpalau urte, emakumea hura ere, onartu zuena halako salaketa bat. Han, Almazan herrian, hilobi bat zegoen, Guardia Zibilak 1936an fusilatutako hamar lagunen gorpuzkiekin. Epaile hark hilobia zabalarazi zuen, eta, areago: Madrilgo gobernuari eskatu zion esateko azkar garai hartan nortzuk ziren kuarteleko guardia zibilak. Eta pasatu zioten zerrenda, baina denak hilda zeuden.

Eta epairik egon zen bukaeran?

Ez. Epaileak autoa bertan behera utzi zuen «inplikatuen heriotzagatik», baina zabalik utzi zuen estatuari ardura subsidiarioa eskatzeko aukera. Alemanian, adibidez, oraindik kriminal nazi batzuk epaitzen ari dira, 90 urte izan arren. Hori da hango gobernuak ulertzen duelako erantzukizun subsidiarioak badaudela.

Elgetako kereilaren argudio nagusia da frankismoko krimenak genozidio eta gizateriaren aurkako delitutzat jo daitezkeela. Hori da modu bakarra 1977ko Amnistia Legeari izkin egiteko?

Bai; horregatik ari dira hemengo gobernutik argudiatzen delituak ez zirela genozidiozkoak izan, «gerra zibil bat» egon zela tartean. Jakina egon zela: erresistentzia bat egon zen kolpe militarraren aurka, baina gero mundu guztiak daki zer egiten zuen frankismoak sartzen zen leku guztietan: hil, hil eta hil. Edo bortxatu, bortxatu eta bortxatu, Elgetan bezala. Nurenbergeko Epaiketez geroztik, nazioarteko zuzenbidean oso ondo definituta dago zer diren genozidioa eta gizateriaren aurkako krimenak: herritarren deuseztatze kontzientea.

Euskal Herriko orain arteko beste ahaleginek ez dute aurrera egin. Epaile okerrekin topo egitea izan da arazoa?

Ez hainbeste epaileekin, fiskalekin baizik. Nahi dutena esango dute Justiziari buruz, baina, gaur egun, aparatu guztia dago estatuaren menpe Fiskaltzaren bidez. Gasteizko Udalak, Arabako Batzar Nagusiek eta diputazioak iaz jarri zuten beren kereila Martxoaren 3ko gertakizunei buruz. Fiskaltzaren txostenean betiko bi arrazoiak ageri ziren: «Delituek preskribatu dute eta Amnistia Legea hor dago». Horri helegitea jarri zioten; beraz, lurralde auzitegira joan zen. Handik Auzitegi Konstituzionalera, eta hark ere berdin, «errelebantzia konstituzionalik ez» zeukalako auziak. Marka da gero!

Esperientzia horiekin, Elgetakoari zein ibilbide ikusten diozue?

Ikusiko dugu. Epaitegietako ibilbidea epaileen araberakoa izango da, baina Konstituzionalera iristen denean, hark bertan behera utziko du, gobernua babesten ari delako. Ez dugu ahaztu behar auzitegi horretan eta beste askotan, tribunal frankistetatik zetorren judikatura guztia pasatu zela demokraziako epaitegietara. Hor kontinuismo ikaragarria egon da.

Hurrengo urratsa Estrasburgo da. Uholde bat eramango dugu, eta han ikusten badute estatu osotik ari garela justizia erreklamatzen, agerian geratuko da Nazio Batuen giza eskubideen batzordeak duela urte asko esan zuena: Espainian ez dela justiziarik egiten, eta frankismoa konpondu gabeko arazoa dela.

Zein neurritan izan da beharrezkoa Argentinako kereila?

Ezinbestekoa izan da. Instituzioek eta biktimek ikusi dute gutxienez aukera daukatela epaile baten aurrean euren egoera adierazteko. 2013an, 30 bat biktimarekin joan ginen Serviniren aurrera; han ikusi zuen zein zen errealitatea. Ehun bat udalen babesa ere bagenuen, eta, gainera, hiru legebiltzarkide etorri ziren gurekin; tartean, Maribel Vaquero, garai hartan legebiltzarreko Giza Eskubideetarako Batzordeko presidentea. Horrek eragin handia izan zuen: frankismoaren inpunitatea berriz plazaratzen lagundu zigun. Azken batean, hau ezin dugu guk bakarrik egin. Honen premia gizarteratzen ez badugu, gureak egin du, eta frankismoaren 80 urteko orbaina hor geratuko da.

Itzuli berria zara Argentinatik. Zer berri dakarzu handik?

Servini, ziurrenik, 2018an etorriko da. Irmo dago; badaki traba asko jarri dizkiola gobernuak, baina berak pentsatzen du lortuko dugula azkenean Espainiako auzitegiek frankismoa epaitzea. Badaki bere mugimendu guztiak aurreko mugimenduak direla hemengo Justiziak bere lana egiteko. Guk esan diogu jada hasi direla instituzioak kereilak jartzen. Ikusiko dugu zein erreakzio dagoen gobernuan, baina berari ere indarra ematen dio ikusteak estatu osoan gauzak mugitzen ari direla.

Eusko Jaurlaritzak kereila jar lezake erakunde gisa?

Baliteke, ez dakit; baina nahiko genuke gutxienez legebiltzarrak deklarazio instituzional bat egitea eta jaurlaritza atxikitzea. Milaka biktima daude, alderdi guztietakoak, frankismoko krimenak sufritu dituztenak. Eta gobernu batek hala eginez gero, frogatuko luke benetan dagoela biktimen eta justizia egitearen alde. Izan ere, nabaritzen dugu aitortza asko egiten direla; hilaren 15ean, Markel Olano buru zela, Donostian sekulako aitortza egin zieten milaka biktima gipuzkoarri. Hori ondo dago, baina horretan ezin gara geratu. Biktima horien erantzuleak egon badaude, eta, beraz, justizia eskatu behar da, beti.

Elgetako kereilak 1980ko bi atentatu ere jasotzen ditu. Gerra zikineko gertakariak ere lotu litezke auzi honekin?

Guk lotzea nahi genuke, gerra zikinak lotura zuzena baitauka frankismoarekin eta haren aztarnekin. Azken batean, GAL eta erakunde guztiok, Emilio Hellin-eta, polizia frankistak ziren; PSOEren baimenarekin. Beraz, lotura badago, eta frogatzea erraza da: adibidez, Kerman Rodriguez 1978ko sanferminetan akabatu zuten, baina Serviniren kereilan dago. Memoria Historikoaren Legean, epea beharko litzateke izan konstituzio demokratikoa onartu zen momenturaino: 1978ko abenduaren 6a. Badakigu, gainera, 1977tik 78ra nolako astakeriak egin ziren. Geroagokoetan —Muguruza eta Brouarden hilketan, edo Lasa eta Zabalarenean— zailagoa izan daiteke, argudia dezaketelako epaiketa batzuk izan zirela —haiekin zer gertatu zen beste kontu bat da—. Baina 1980an ez zen justiziarik egin; garai hartan estali egiten zituzten gauzak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna