ana galarraga aiestaran
Ezarian. Zientzia. Argi aldian

2014an ere, transgenikoak hizpide

2014ko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
Nature aldizkariko 2014an zientzian albiste izango diren gaien zerrendan, tximino transgenikoak azaltzen dira lehen lekuan. Nonbait, hainbat ikerketa-talde ari dira primate transgenikoak egin nahian, batez ere, immunitate-sistemaren eta garunaren gaixotasunak ikertzeko. Izan ere, saguak ez dira eredu egokiak gaixotasun horiek ikertzeko, eta, beraz, gizakiei zuzendutako tratamendu berriak lortzeko pauso garrantzitsua izan liteke gure espeziearengandik hurbil dauden ereduak sortzea.

Horrekin batera, ordea, artikulugileak ohartarazten du tximino transgenikoak sortzeak zalantza etikoak pizteko arriskua duela. Hain zuzen, ikerketetan erabiltzen diren animaliei buruzko araudia oso zorrotza da, eta primateak bereziki babestuta daude.

Edonola ere, ikerketan eta osasun arloan baino, askoz ere eztabaida handiagoa sortzen dute transgenikoek elikadura-arloan. Horren erakusgarri garbia da urte amaieran Seraliniren ikerketaren harira sortutako zalaparta. Kontua urte bat lehenago hasi zen. 2012aren irailean, kezka handia sortu zuen Gilles-Eric Seralini ikertzaileak Food and Chemical Toxicology aldizkarian argitaratutako ikerketa batek. Ikerketa haren arabera, Europan giza elikadurarako baimendutako arto transgenikoak tumoreak sorrarazten ditu arratoietan, eta asko laburtzen du haien bizi-itxaropena.

Emaitzak larritzekoak ziren: bi urte iraun zuen ikerketak, eta, tarte horretan, arto transgenikoz elikatutako arratoi-eme guztiak kontrol-taldekoak baino bi-hiru aldiz lehenago hil ziren. Bularreko eta pituitariako minbizia garatu zuten, eta gorabehera handiak zituzten hormona-sisteman. Arratoi arretan, berriz, gibela zen organo kaltetuena, eta kontrolekoek baino lau aldiz tumore gehiago zuten.

Alabaina, EFSAk, elikagaien segurtasunaz arduratzen den Europako agentziak, berehala jakinarazi zuen ikerketak akats metodologiko handiak zituela, eta gauza bera esan zuten beste ikertzaile askok. Hala ere, aldizkariak ez zuen neurririk hartu, urtebete geroagora arte. Hain zuzen, iazko udazkenean, aldizkariaren editoreak eskutitz bat bidali zion Seraliniri, artikulua atzera botatzeko eskatuz. Eskaerari men egin ezean, aldizkariak berak erretiratuko duela ohartarazi zion.

Seralinik bereari eutsi zion, eta artikulua erretiratzeko eskaeraren atzean Monsanto, arto transgenikoaren ekoizlea, zegoela salatu zuen. Aldeko eta kontrako adierazpen ugari plazaratu ziren orduan, baina, azkenean, urtearen amaieran, aldizkariak Seraliniren ikerketa erretiratu zuen.

Auziak agerian utzi zuen, elikagai transgenikoez aritzean, askotan nahasi egiten direla zientzia eta merkatua. Seralinik berak, esaterako, arrazoi zientifikoekin batera, Monsantoren ustezko presioa erabili zuen bere ikerketaren alde egiteko. Eta auzi hori itxita badago ere, ez dirudi alde bateko eta besteko argudioak nahasten diren azkenaldia izango denik.

2014an izango ditugu irudipen hori zuzena ote den ikusteko aukerak. Besteak beste, merkaturatzeko prest dago giza kontsumorako lehen animalia transgenikoa: AquaBounty izokina. Ekoizlea estatubatuarra da, eta oraindik ez du FDA elikagaien eta sendagaien agentziaren oniritzia, baina azaroan izokin-arrautzak hazteko baimena lortu zuen Kanadan, eta aurten merkaturatzeko baimena lortzea espero du. Eta Europan ere izango dira transgenikoekin erlazionatutako albisteak, ziur.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.