Herritarren plazatik jarri nahi diote norabidea aldaketari

Aldaketa Plaza antolatu dute apirilaren 12rako, aldaketa politiko eta sozialaren aldeko «herri adierazpenerako gunea»

Iruñeko Gaztelu plazan aurkeztu zuten Aldaketa Plaza dinamika, atzo, agerraldi baten bidez. BERRIA.
Hodei Iruretagoiena.
2014ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Azken asteetan agerian geratu da Nafarroako Gobernuaren krisia, eta larunbatean milaka herritarrek eskatu zuten hauteskundeak aurreratzeko. Baina krisia, eta krisiarekin, aldaketa, ez dira egun batetik bestera sortu diren kontzeptuak. Urtebetetik gora darama lanean Aldaketa Sozialaren Aldeko Batzarrak, eta beste pauso bat eman nahi dute orain, «herri adierazpenerako eta ekintzarako gune bat» sortuz: Aldaketa Plaza. «Denon artean edukiz janzteko Nafarroan beharrezko den aldaketa sozial eta politikoa».

Orain arteko batzarretan parte hartu duten kolektibo, mugimendu nahiz sentsibilitate anitzeko pertsonek egin dute deialdia. Gaztelu plazan elkartuko dira, apirilaren 12an, Nafarroa aldaketa sozial eta politikoaren alde: irauli sistema lelopean. Atzoko agerraldian Ainhoa Aznarezek, Sergio Labaienek, Cecilia Themmek eta Mikel Saralegik azaldu zutenez, post-it-ak izango dira dinamikaren metodo eta sinbolo. Herritarren artean banatuko dituzte apirilaren 12a bitarte, bakoitzak bere ekarpena orrian idatzi eta kalean nahiz sare sozialetan zabal dezan. «Jar ditzagun herritarren koloreak, partaidetza eta borroka Nafarroa gris honetan».

Horrela, herritarrei zabaldu nahi diete parte hartzeko aukera, «benetako eta sakoneko aldaketa» nahi duten guztiei. Beren hitzetan, «krisi politiko eta instituzional larrian» dago Nafarroa, eta aprobetxatu beharra dago momentua «aldaketaren norabidea» zehazteko, aldaketa botere txandakatzea baino gehiago izan dadin. Izan ere, aldaketa gauzatzeko, beharrezkoa da denen konpromisoarekin nolakoa izango den, edo behintzat, nolakoa nahi den zehaztea, deitzaileen esanetan. «Egiazko aldaketaren garaia da, eta oinarriak behetik hasita eraikitzea da gure proposamena».

«Denen artean»

2012ko abenduan hasi ziren elkartzen gerora Aldaketa Sozialaren Aldeko Batzarra osatu zuten pertsonak. Hiru batzar egin dituzte urtebete inguruan, oinarrizko helburuak eta ardatz nagusiak zehazteko. Hainbat mugimendu eta antolakunderekin izan dute harremana bide horretan, eta joan den abenduan egin zuten aurkezpen publikoa.

Herriz herri aurkezpenak egiten ari dira orain, eta herri mugimendu osoari zabaldu nahi diote dinamikaren berri. Hainbat ekintza egingo dituzte «Gaztelu plaza Aldaketa Plaza bihurtu» artean, baina denen esku utzi dute «senide, adiskide eta lankideekin» lan egiteko erantzukizuna: «Denen artean baizik ez dugu lortuko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.