Ezarian. Zientzia

Eozenoko beste iknofosil bat aurkitu dute Jaizkibelen, metro eta erdi ingurukoa

Grankanto eremuko aurkikuntza egin eta egun gutxira beste 'Saerichnites abruptus' bat aurkitu dute
<em>Saerichnites abruptus</em> izakiak arrokan utzitako marka argia ikus daiteke iknofosilean.
Saerichnites abruptus izakiak arrokan utzitako marka argia ikus daiteke iknofosilean. GARBIÑE ALBISU

X. Martin -

2012ko apirilak 21
Ez sinestekoa da, baina Jaizkibelgo labarrak bata bestearen atzetik ari dira ezusteak ematen. Grankanto inguruan 50 milioi inguruko iknofosil bat aurkitu dutela jaso zuen kazeta honek martxoaren 28an. Bada, handik hamabi egunetara Garbiñe Albisuk eta haren naturkideek —Grankanto eremuan Saerichnites abruptus aurkitu zuten haiek ere— beste iknofosil bat aurkitu zuten Jaizkibelgo labarretan, duela hamar egun. Oraingoan osorik dago duela 55 milioi urte inguruko izakiak utzitako marka; aurrekoan hainbat zatitan ekarri zuten iknofosila Oiartzungo Luberri museora, labarretik erorita baitzegoen.

Metro eta erdi eta bi metro inguru luze da arrokan marraztutako pieza, eta edozein ikusteko moduan dago, Pasai Donibanetik oso gertu. «Ikusgarria da, Zumaiako flyschetik atera zuten hura bezainbeste», dio Jose Angel Torres Aranzadiko geologia ataleko zuzendariak. Geologoak hura ikusteko gonbita egin du: «Donibanetik Kalaburtxa aldera joan eta Puntasera hartuta, berehala ikusten da luizi bat; handik gertu dago, bidea amaitzen den tokian kasik. Itsasora begiratu beharrean gora begiratu behar da, mendi aldera; bidetik bost metroko altueran ikusiko du arretaz begiratzen duen edonork».

Panel baten beharra

Iknofosilen aurkikuntza horiek geologia mailan Euskal Herriko kostalde osoa lotzen nola laguntzen duten azaldu du orain baino lehen Torresek. Geoparkearen mugak zabaltzeko beharra berriro jarri du mahai gainean «aurkikuntza garrantzitsu» honek. Oraingoz, 55 milioi urteko Saerichnites abruptus iknofosil hau Jaizkibelgo arrokan geratuko da, «labarrean ongi helduta dago eta, egonkor». Dena den, Torresek dio «oso egokia» litzatekeela panel bat jartzea iknofosila fisikoki kokatzen laguntzeko eta haren inguruko azalpenak jaso ahal izateko. «Izan ere, oso ongi kontserbatua dago marka, eta luzea da zinez. Alde batean amaiera ikusten da, baina bestean ez; labarrean barna sartzen da, eta posible da oraindik luzeagoa izatea».

Euskal kostaldeko flyschak osotasun batean ikusteko garrantzitsuak dira aurkikuntza horiek. Era tertziarioko pieza, 55 milioi urteko iknofosila, Jaizkibelgo naturguneak eskaintzen duen altxor bilduma zabalera gehitu da, beraz.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna