Ezarian. Zientzia

Sakonera handienean bizi den lurreko animalia aurkitu dute

Georgian aurkitu du zientzialari talde batek, eta Nafarroako Unibertsitateko bi zoologo daude taldean

X. Martin -

2012ko otsailak 23
Ez dute begirik, ezta pigmentaziorik ere, baina gai dira bizirik irauteko Lur planetako ingurune gogorrenetako batean: bat eta lau milimetro arteko neurria du soilik sakonera handienean aurkitutako artropodoak. Argirik gabe eta ia elikagairik gabe bizi dira, Krubera-Voronyako haitzuloaren sakoneran, ia 2.000 metrora, Georgian. Nazioarteko ikerlari talde batek aurkitu ditu han; Terrestrial Arthopod Reviews aldizkarian eman dute aurkikuntzaren berri, eta zientzialarien artean Nafarroako Unibertsitateko bi zoologo daude: Enrique Baquero eta Rafael Jordana.

Plutomurus ortobalaganensis izena jarri diote artropodo espezie berri horri. 1.980 metrora aurkitu dute. Gizakia 2.140 metroko sakonerara iritsi da, haitzulo horretan bertan, baina hortik behera inor ez da izan sekula. Beraz, Plutomurus ortobalaganensis da sakonera handienean bizi den lurreko animalia. Itsasoko izakiak alde batera utzi behar dira sailkapen horretan, itsasoan sakonera handiagoetan aurkitu izan baitituzte hainbat.

¬ęBizitza ingurune harrigarrietara iristen da, baina zaila da hori frogatzen duten laginak aurkitzea eta harrapatzea¬Ľ, dio Enrique Baquero zoologoak. Halako muturreko baldintzetan oso banako gutxi bizi direla dio, eta horietako bat harrapatzea oso zaila dela.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna