Asilo eskubidea. Testigantzak

Zenbakien atzeko aurpegiak

Elita Edehen kasuak agerian utzi du sorterria utzi behar dutenen egoera, edozein jazarpen motagatik: politikoa, erlijiosoa, sexu hautua, gatazka armatuak... Garatzeko prozesuan dauden herrialdeek hartzen dituzte errefuxiatuen %90.
Alexandra Licona hondurastar errefuxiatua.
Alexandra Licona hondurastar errefuxiatua. ALEXANDRA LICONA

Jon Rejado -

2015eko abuztuak 19
ALEXANDRA LICONA

«Urte batean 140 kide hil zituzten»

Alexandra Licona Madrilen (Espainia) bizi da duela hiru urtetik hona, errefuxiatu izaera aitorturik. CEAR Iheslariak Laguntzeko Espainiako Batzordeak Getafen duen zentroan lan egiten du egun, 2012an zenbait hilabetez etxe izan zuen zentroan, hain zuzen. 1980. urtean jaio zen, Hondurasen, berea sentitzen ez zuen gizon gorputz batean. Hogei urterekin, emakume gorputza izateko eraldaketa hasi zuen, eta, zazpi urteren buruan, LGTBI kolektiboaren eskubideen alde lan egiten hasi zen, Arcoiris elkarteko presidente izateraino.

Liconak azaldu du Honduras herrialde «oso matxista» dela, eta LGTBI kolektiboaren aurkako jarrera ezkorrak ohikoak izan direla historian. Nolanahi ere, oroitu du «aurrerapausoak» izan zirela 2006tik aurrera, Manuel Zelaya presidentearekin lankidetzan. 2009ko estatu kolpearen ostean irauli zen egoera: Porfirio Lobo Sosa presidente izendatuta, LGTBIen aurkako erasoak sistematizatu egin ziren.

Transexualen aurkako jazarpena areagotu egin zela gogorarazi du Liconak. «Urte bakarrean, guk ezagutzen genituen 140 kide hil zituzten, eta 60 inguru desagerrarazi; zeinek daki zenbat izan ziren guztira». Hedabideek galdetuta, Liconak Hondurasko presidenteari eta Poliziari egotzi zien indarkeria haren ardura.

Orduan areagotu zen haren aurkako jazarpena, bahitu zuten arte. Liconak argi azaldu du zer egin zioten bahitu osteko hilabetean: sistematikoki bortxatu, zauritu, jo... «Hogei bat pertsonak bortxatu ninduten; poliziek, besteak beste. Aurpegia estali gabe aritu ziren, eta batzuk Polizian lan egiten zuten eskolako kideak ziren». Haragia usteltzerainoko egoerara heldu zen. Azkenean, gorputza «trantzean bezala» geratu zitzaion, eta hilda zegoela pentsatu zuten. Poltsa batean sartu, eta amildegi batetik bota zuten. Ordea, erortzean hartutako kolpeetan zakua apurtu, eta Liconak ihes egitea lortu zuen.

Urtebete behar izan zuen sendatu arte, lagun baten etxean. Amaren laguntzarekin, bere herrialdea utzi zuen, eta Madrilgo Barajas aireportura heldu, biltzar batera gonbidatuta. Espainiako Poliziako zenbait kidek iraindu zuten; sarrera ukatu eta Hondurasera itzultzeko agiria ere sinarazi zioten. «Papera sinatuta negarrez alde egiten ari nintzela, aurrez aurre aurkitu nuen gizon batek malkoen zergatia galdetu zidan, eta nire historia kontatu nion». Gizona abokatua zen, eta asilo eskubideaz hitz egin zion, baita tramiteak hasten lagundu ere. Bost hilabeteren buruan, asiloa aitortu zioten.

 

MARIO H. CALIXTO

«Migrante gehienak errefuxiatuak dira»

Giza eskubideen alde jarduteagatik utzi behar izan zuten etxea Mario Humberto Calixtok, Mireya Pereak eta haien sendiak. Jasandako jazarpenaren atzean Kolonbiako Gobernua eta talde paramilitarrak zeudela argitu du Calixtok, baina enpresa multinazionalek izandako esku hartzea ere nabarmendu du. Izan ere, Exxon enpresak Sabana de Torresen (Kolonbia) kudeatzen zituen petrolio hobiak estatuaren kontrolpera itzultzeko sustatzaile nagusietako bat izan zen Calixto. «Inoiz ez genuen pentsatu herritik alde egin beharko genuenik».

Aspaldikoa zen Sabana de Torresko herritarren eskubideen aldeko lanaren aurkako jazarpena, baina 1997an gertatu zen mugarria: udaleko altxortegian sortutako defizita ikertzen ari ziren, eta, gastuak jakitear zeudela, atentatu bat jasan zuten. «Bi paramilitar sartu ziren etxera, eta motor bakarrean zetozen; hortaz... ez dut uste inor bahitzeko asmoa zutenik», hausnartu du. Calixto eta Perea babesten ari ziren Peace Brigade Internationaleko kideekin egin zuten topo paramilitarrek, ordea. «Gerora jakin genuen 1991. urtetik talde paramilitarrak ordaintzeagatik gertatu zela defizita».

Talde paramilitarrek tokiko mugimendu sozialak gelditzeko helburua zutela azaldu du Calixtok, «matxinatuen» aurka egiteko aitzakiarekin. Calixto Kolonbiako beste txoko batzuetara mugitu zen, familiarekin, eta, azkenean, Euskal Herrira heldu. «Gure irteerak babesgabetasuna eragin zuen Sabana de Torresen».

1999. urtean egin zituzten asilo politikoa eskatzeko tramiteak. Calixtok hausnartu du orduan ezin zutela irudikatu horrenbeste gogortuko zirenik eskubide hori baliatzeko baldintzak. «Iparraldeko herrialdeen migrazio politikak giza krisia eragiten ari dira. Estatuen arteko itunek bidea errazten diete enpresa multinazionalei, pertsonen kalterako; ez dugu ahaztu behar migratzaile gehienak errefuxiatuak direla».

Calixtok gogora ekarri du Kolonbiako egoera, multinazionalen egitasmoek milaka desplazatu eragin dituztela argitzeko. «Egoera bertsua da munduko leku gehienetan: iparraldeko herrialdeek ateak ixten dizkiete haien politika ekonomikoek eragin dituzten errefuxiatuei».

 

ERRUSIAR IHESLARIA

«Pozoitzeraino heldu ziren»

Sei urte eta erdi dira Errusiako bost kideko familia honek —gurasoak eta hiru seme— Euskal Herrira heldu zirela, eta bi urte errefuxiatu izatea aitortu zietenetik. Bizi izandakoari buruz hitz egiteko arazorik ez badute ere, nahiago dute izen-abizenik ez ematea, eta argazkietan ez ateratzea, ondoriorik izan dezakeelakoan.

Kristau protestante eta ortodoxoak dira familiako kideak. Are gehiago, gizonaren aita erlijio horretako artzaina da, eta hainbat eliza abiarazi zituen Errusian. Aitona hura izan zen, hain zuzen ere, jazarpena sumatu zuen senidea. «Pozoitzeraino heldu ziren», oroitarazi du familiako aitak. Egoerak behartuta, aitona-amonek Mosku utzi zuten, eta Euskal Herrira heldu ziren; asiloa eskatu zuten bertan. «Ez genekien zer gertatu zitzaien; egun batetik bestera, nire gurasoak desagertu ziren», nabarmendu du gizonak.

Bi urte baino gehiago eman zuten aitona-amonekin gertatutakoari buru ezer jakin gabe. «Telefonoz deitzeko beldur ziren, elkarrizketa beste norbaitek entzun zezakeelakoan». Eta horixe gertatu zen, hain zuzen ere. Aitona-amonei asiloa aitortu zietenean, Errusian zeuden senideei herrialdea uzteko eskatu zieten, telefonoz; hortik aurrera «gauza arraroak» gertatzen hasi zitzaizkiela azaldu du emakumeak: telefono deiak gaueko ordu txikietan, kolpeak etxeko atean, pozoitzeak... «Beldurrak jota, umeak hartu genituen, agiriak, eta bidaia hasi genuen ihes egin zuten senideekin elkartzeko, gainontzekoa han utzita».

Bidaiako lehen geldialdia Frantzian egin zuten, Hego Euskal Herrian egonkortu aurretik. «Orduan jakin genuen aitona-amonei gertatu zitzaien guztia, eta gure egoeraz ohartu ginen», azaldu du amak. Ordea, bide luzea egin behar izan zuten Espainiako Gobernuak errefuxiatu izaera aitortu zien arte. Lehenik eta behin, eskaera ukatu zieten, Errusiatik Frantziara heldu zirelako, eta bertan eskatu behar zutelako asiloa. «Guk senideekin egon nahi genuen, baina». Erabakiari helegitea jarri zioten, erantzuna ezezkoa izango zela ohartarazi zieten arren. Halere, ezustean, asiloa onartu zieten.

Errefuxiatu izaera lortzean lasaitua hartu bazuten ere, egoeraren gogortasuna nabarmendu dute. «Ezin gara ez Errusiara eta ez inguruko herrialdeetara gerturatu», azaldu du amak. «Are gehiago: Frantzian, laguntza bat ematen diete errefuxiatuei, aurrera egin dezaten; Espainian, egoitza eta lan baimena baino ez dute ematen».

 

SEKOU JABATEH

«Ihes egitea zen nahi nuen bakarra»

Sekou Jabatehek (1979, Liberia) duela zazpi urte baino gehiago eskatu zuen asilo politikoa. 2008an Bilbora iritsi zen, itsasontzi batean ezkutatuta. «Bilbora heldu nintzen, beste edonora hel nintekeen bezala. Itsasontzian ezkutatu nintzenean, ez nekien nora zihoan; ihes egitea zen nahi nuen bakarra». Geroztik, etengabe luzatu da teorian bi urteko prozesua dena; sei hiletik behin berritu izan diote txartel gorria —abuztuaren 22an du hurrengo hitzordua—. Ordea, «giltzapetuta» sentitzen da, mugitzeko gaitasunik gabe. «Ebolarekin gertatutako guztiaren ostean, ezin nuen jakin bizirik ote zeuden han utzi nituenak».

11 urte zituela hasi zen Jabatehen «amesgaiztoa». 1990ean hasi zen gerra Liberian, eta oposizioko talde armatuetako bat haren hirira heldu zen. Hura eta haren bi anaia txikiak bahitu zituzten, eta aita eta bi arrebak haien aurrean hil zituzten: «Jakin izan balute haien familiakoak ginela, hilda geundeke». Hilabete gutxiren ostean, haur soldadua zen; Liberiako orduko gobernuak zein oposizioko talde armatuek 21.000 adingabe behartu zituzten gerran parte hartzera.

Bahitu eta lau hilabetera, arma bat jarri zioten eskuetan; anaiak atzealdean zeuden, gazteegitzat hartu zituztelako. «Bi urte eman genituen oinez, hiriburura heldu arte». Monroviara iritsi zirenean, anaiak hartu eta ihes egitea lortu zuen, osaba baten etxera; handik gutxira, beste talde militar batek atzeman zuen.

«Ez nuen borrokatzen jarraitu nahi, baina ihardetsi zidaten bertan hilko nindutela hori egin ezean». 2004an amaitu zen guda, eta haurtzarotik bizi zuen indarkeria katetik atera zen. Bizimodua aldatzen saiatu zen, baina iraganeko gertakariek ez zioten aukerarik eman. Gobernu berriak «zerrenda beltzean» sartu zuela oroitarazi du Jabatehek, behartuta egin behar izan zituen ekintzen ondorioz. Beldur horrekin ere, aurrera egitea lortu zuen, eta bikotekidearekin haur bat izatea.

Egun batean, lagun bat harrapatu zuten: «Ni nintzelakoan, hil arte torturatu zuten». Ihes egin zuen orduan: bikotekidea eta haur jaioberria atzean utzi, eta portura joan zen, sorterritik urrunduko zuen edozein itsasontzitan sartzera. Harrezkero ez ditu berriro ikusi.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Jon Rejado

Informazio osagarria