Euskal Herriko Itzulia. ERRELEBOKA

Ilusioa nuen, baina ez zen erraza

Gorka Izagirre.
2018ko apirilaren 4a
00:00
Entzun
Zintzoa izango naiz, ez dut ukatuko amaieran etapa irabazteko ilusioa nuela. Banekien egoera ez zela erraza, eta iheskideen maila ondo ezagutzen nuen, baina, behin hor sartuta, beti duzu ilusioa irabazteko. Azken kilometroetan tarte polita ireki dugu atzeko taldetxoarekin, eta Landak eta biok mantendu egin nahi genuen. Baina, era berean, etapa irabazteko aukera pasatu zait burutik. Halako egoeratan gauza asko pasatzen dira burutik, eta oso bizkor pentsatu behar duzu. Azken kilometroetan Alaphilippek ez gaitu asko lagundu. Berak lehen egunean lortu zuen garaipena, eta uste dut hori erabakigarria izan dela. Hala ere, pozik nago emaniko mailarekin, banekien sasoi onean nengoela, eta sentsazioak onak dira. Inoiz ez dut aukerarik izan Euskal Herriko Itzulia horrela lehiatzeko; beti besteentzat lanean aritu izan naiz, eta asko ari naiz gozatzen egoera honetan.

Gaur, publikoki eskerrak eman nahi nizkieke taldekideei. San Pelaion gora Vincenzo Nibali gisako txirrindulari bat lanean ikustea, eta aurrerago anaiak eman didan erreleboa... Nik eskatu diot, ez nengoen konfiantzaz sobera, eta nire alboan gelditu da. Herenegun ez zuen egun gozoa izan, baina ziur nago erlojupeko ona egingo duela, eta azken bi egunetan bete-betean sartuko dela. Erne harekin.

Aurrean bi txirrindulari oso indartsu ditugu. Astelehenean koska bat gorago egon ziren, baina atzo zazpikote bat egon ginen aurrean, eta uste dut denok maila bertsuan gaudela. Roglicek asko du alde, erlojupeko aproposa du, baina azken bi egunetan kontrol lan handia egin beharko du, eta horrek indarra eskatzen du. Gu azkenera arte lehiatuko gara.

Euskal txirrindulariak ematen ari garen maila nabarmendu nahiko nuke bukatzeko: anaia eta biok, Landa, Bilbao, Fraile, Muriasekoak... Zaleak gurekin gozatzen ari dira, eta gu, haiekin. Beti da plazera etxekoen beroan lehiatzea. Segi animoak ematen!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.