RAMONEN TABERNATIK. FRANTZIAKO TOURRA

Hautsari buruz

Julen Gabiria.
2005eko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Jacques Anquetil 1966ko Tourrean bihurtu zen pertsona. Beste inork ez zituen bost Tour, Anquetil heldu zen arte. Baina 1966an, seigarren Tourra jokoan zuenean, erretiratu egin zen, Lucien Aimarrek irabazitako lasterketa hartan. Beste hiru urtez jarraitu zuen txirrindularitzan, baina ez zuen atzera Tourrik zapaldu. Hautsa zer zen jakin zuen.

Eddy Merckx 1975ean bihurtu zen gizaki. Seigarrena zuen jokoan, baina bigarren geratu zen, Bernard Théveneten atzetik. Tour hartan, zoro batek ukabilkada itzela eman zion gibelean, Puy de Dôme mendatean, helmugatik berrehun metrora. Etapa hartan galdu zituen segundoek baino gehiago, aurrerantzean gibelean izan zuen minak urrundu zuen belgikarra garaipenetik. Hautsa jan zuen, eta gizakien mailara etorri zen. Beste hiru urtez jarraitu zuen mailarik gorenean, eta 1977an Tourrera itzuli zen, seigarren geratzeko. Ordurako, dena irabazita zuen, baina gizakia zen.

Bernard Hinault 1986an bihurtu zen haragizko. 1985ean Hinaultek zin egin zuen 86an LeMondi lagunduko ziola Tourra lortzen. Baina 1986an, promesa ahaztuta, bretoiak seigarrena nahi izan zuen. Jainkoentzat gogorregia baita gauetik egunera haragi bihurtzea. Batez ere, Alpe D'Huezeko igoera da Tour hartatik gehien gogoratzen den unea, zeinetan taldekide biak eskutik helduta sartu baitziren helmugan. Urte hartan bertan erretiratu zen Hinault, LeMonden atzetik bigarren geratuta, hautsaren zaporea probatuta.

Miguel Indurain 1996an bihurtu zen lurtar. Bazirudien seigarrena irabaziko zuela, baina hamaikagarren amaitu zuen Tour hura, Bjarne Riisen oso atzetik. Txapeldun batentzat, hamaikagarren amaitzea hautsa tragatzea da, baina errepidean eta bizitzan txapeldun izaten ikasi behar da: estralurtarra zarenean eta lurtarra zarenean, bietan. Les Arcsen hasi zen Tourra galtzen, eta gero Val D´Iseren, Sestrièresen, Hautacamen eta Iruñan. Ez zuen gehiago bizikletan korritu.Lance Armstrong ez da lurtar bihurtu, eta pena dugu Ramonek eta biok. Pena, ez zazpigarrenez irabazi duelako, ezpada errepidean ez diolako bere buruari aukerarik eman lurtar sentitzeko. Bizitzan bai, bizitzan lurtarra izan da. Eta Ramonek eta biok oihu egiten diogu datorren urtean ere Tourrean egoteko, txirrindularitzak (Ramonen iritziz bizitzaren lezioa ematen duen kirola baita) ezin duelako onartu garaipenean soilik oinarritzen den palmares bat, bizitza ez delako garaipena garaipenaren atzetik. Eta, armstrongauta bat ezagutu beharrean, zazpi Tour eta minbizi bat gainditu duen gizakia ezagutu nahi dugulako, dio Ramonek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.