Hotelean, bidaiariekin batera

Euskal Herriko hotel ugarik onartzen dituzte animaliak logeletan, baita jatetxe batzuek ere; hala ere, hemengo jendeak oraindik ez du ohiturarik animaliekin batera ostatu hartzeko.

Luis Corcerak animaliak onartzen ditu Zeanuriko Etxegana hotelean; batez ere, nazioarteko jendeak hartzen du ostatu animaliekin. MONIKA DEL VALLE / ARP.
2013ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Animaliekin bidaiatzeko orduan, lo egiteko lekua aurkitzea izaten da arazoetako bat. Izan ere, hotel gehienetan debekaturik dago animaliekin batera ostatu hartzea. Hala ere, bilatzea da kontua, Tamamesen esanetan. «Agian ez dugu aurkituko animaliak onartzen dituen hotel bat guk nahi genuen kalean bertan, baina ia hiri guztietan aurki daiteke bakarren bat». Eta hala da. Euskal Herrian bertan, zerbitzu hori eskaintzen duten hotel ugari daude.

Zeanuriko (Bizkaia) Etxegana hotela da horietako bat. 2005. urtean ireki zuten, eta, hasieratik, garbi izan zuten animaliak onartuko zituztela. Gorbeiako parke naturaletik gertu dago Etxegana, zelaiez inguraturik. Eta hotelaren kanpoaldean, gainera, 4.000 metro koadroko lorategia du. «Hotelaren kokapenagatik, leku egokia da animaliak izateko», adierazi du Luis Corcera hoteleko kudeatzaileak. Besteak beste, horregatik hartu zuten animaliak onartzeko erabakia, eta, oraingoz, gustura daude.

«Animaliak arriskutsuak ez izatea eta jabeek arduraz jokatzea dira baldintza bakarrak», adierazi du Corcerak. Dena den, normalean ez dute arazorik izaten. Corceraren esanetan, animaliekin bidaiatzen duen jendeak ongi hezita izaten ditu. Hala ere, hoteleko gainontzeko bezeroekin arazorik egon ez dadin, animaliak ezin dira jangelara sartu. Eta, txakurren batek gauez zaunka egiten badu, kanpora ateratzeko eskatzen diete jabeei.

Etxegana hotelera animaliak eramaten dituzten bezero gehienak nazioartekoak dira. Corceraren esanetan, «hemengo jendea oraindik ez dago ohituta animaliekin bidaiatzera, eta hotelean animaliak ikustea ere arraroa egiten zaie askori». Erabat ados dago Nerea Iturri, Beti jai hoteleko langilea. Agoitzen (Nafarroa) dago Beti jai, eta, batez ere, Frantziako bezeroek eramaten dituzte animaliak hotelera. «Hasieran ez genituen animaliak onartzen, baina eskaria handia zela ikusita, baiezkoa ematen hasi ginen», esan du Iturrik.

Orain dela bost urte inguru hasi ziren Beti jai hotelean animaliak onartzen. Gehienbat txakurrekin joaten da jendea, baina kaioletan sar daitekeen edozein animalia txiki onartzen dute. «Behin zaldi bat ere ekarri ziguten, eta alboko zelaian eduki zuten; baina ez da ohikoa». Iturriren esanetan, jende gutxik eramaten ditu animaliak hotelera.

Donostiako Igeldo auzoko Avenida hotela 60ko hamarkadakoa da, eta hasieratik onartzen dituzte animaliak. «Jabeei asko gustatzen zaizkie animaliak, eta horregatik onartzen ditugu», adierazi du Edurne Barga zuzendariak. Iturrirekin bat dator Barga: ez dago animaliekin hotelera joateko ohitura handirik. «Jende gutxik ekartzen ditu animaliak, eta gehienak kanpotik datozen bezeroak izaten dira».

Hoteleko gainontzeko bezeroekin arazorik ez egoteko, hainbat arau dituzte Avenidan. «Urteekin ikusten joan gara zein arazo egoten diren, eta izandako esperientziaren arabera joan gara arauak jartzen», adierazi du Bargak. Besteak beste, animaliak ezin dira jangelara eta igerilekura joan, harreratik pasatzean lotuta egon behar dira, eta ezin dira logelan bakarrik utzi. Dena den, Bargaren esanetan, arazorik egotekotan ez da animaliengatik izaten, jabeen ardura faltagatik baizik.

La Casa del Patron hotelean ere ez dute animaliekin arazorik izaten. Murgian (Araba) dago hotela, eta haiek ere eskariagatik hasi ziren animaliak onartzen, orain hamabost urte inguru. «Jende asko etortzen zen asteburu pasa, mendira joateko, eta ez zuten izaten txakurrak non utzi», adierazi du Patxi Gonzalez hoteleko arduradunak. «Etxean egoten ohitutako animaliak izan behar dira, eta ezin dira logelan bakarrik utzi».

Ez dago ohiturarik

Lau hoteletako langileak bat datoz: Euskal Herrian oraindik ez dago animaliekin bidaiatzeko ohiturarik, eta joera ez da goranzkoa. Horregatik, logeletan baino ez dituzte onartzen animaliak, gainontzeko bezeroak ez baitaude ohituta hotelean animaliak ikusten. Jangelan eta eremu komunetan, debekaturik dute sarrera.

Hotelak baino gutxiago badira ere, badaude animaliak onartzen dituzten jatetxeak ere. Esaterako, Tuterako (Nafarroa) Meson de Julian jatetxea. «Nik ez diot inori galaraziko animaliak sartzea, gainontzeko bezeroei trabarik egiten ez dien artean», adierazi du Manuel Oliverak, jatetxearen jabeak. Oraingoz, txakurrekin baino ez zaio joan jendea jatetxera. «Lotuta egon behar dira, jabearen ondoan. Eta, noski, garbi».

Orain dela zortzi urte ireki zuen Oliverak jatetxea, eta ordutik onartzen ditu animaliak. Hala ere, urtean bost bat aldiz baino ez da joaten jendea txakurrekin. «Gehienetan, bidaiatzen ari den jendea izaten da», adierazi du. Garbitasunari buruz, berriz, Oliverak ez du kezkarik: «Sukaldean sartzen ez diren artean, ez dago arazorik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.