Ur lasterra, ur ederra (I). Gasteiz

Gasteizko xirripen bataila

Arabako hiriburuak barru-barruan darama behiala hiria zeharkatzen zuten erreken ibilbidea; hiria handituz joan ahala, xirripa horiek lurperatu eta desbideratu egin dituzte.
Zapardiel erreka ubidera ekartzeko lanak 1961ean egin zituzten, Jesusen Zerbitzarien kalean ikusten denez.
Zapardiel erreka ubidera ekartzeko lanak 1961ean egin zituzten, Jesusen Zerbitzarien kalean ikusten denez. SANTIAGO ARINA. GASTEIZKO UDAL ARTXIBOA

Maria Jose Monge -

2013ko uztailak 16
Ura ezinbesteko elementua da edateko, ortuak ureztatzeko eta garbitzeko; baita industriako makinak mugiarazteko ere. Gasteizek, nola ez, gordeta darama, barru-barruan, behiala hiria zeharkatzen zuten erreken ibilbidea, hagitz iltzatuta bere oroimenean. Hiria handituz joan izanak, ordea, xirripa horiek lurperatzea eta desbideratzea ekarri du, ezinbestean. Historiari begiratu bat emango bagenio, erreka horiek aipamen ugari jasotzen dituztela ikusiko genuke; hala nola Serdan kronistak esaten diguna. Haren esanetan, Erdi Aroan Erregearen erretenak hiribilduaren oinaldeko zuloaren funtzioa betetzen zuen. Zapardiel ibaiaz ari da historialaria; hots, kaleetako lanen ondorioz azalera etorritako xirripa bitxia du hizpide.

Landazuri historialariak ere bere ekarpena egiten du erreken inguruan. Gasteiz inguruko landari gorazarre egiten dio adituak 1780an eginiko deskribapenean. Errekek baratzeak goitik behera busti ondoren emankor bilakatzen dituztela dio. Madozen hiztegian, haatik, hauxe berresten du XIX. mendean gauzatutako bilduma apartan: «Gasteizko barrutian ez dago erreka emaritsurik». Halarik ere, Abendaño eta Trianas aipatzen ditu hiztegigileak, eta, zeharka ez bada ere, Zapardiel eta uda partean lehor izan ohi diren beste errekasto batzuk. Joan den mendean bost erreka goraipatzen ditu Venancio del Val kazetariak. Bostak porlanak irentsiak hiriaren hedapena dela-eta: Abendaño — zati batean Batan izena hartzen duena—, Zapardiel, Cauce de los Molinos—seguruenik Madozen Trianas bera—, Txirrio eta Errekaleor.

Baina, batez ere, XX. mendearen 60ko hamarkadatik aurrerako urbanizazioek erreken ohea estaltzea eta desbideratzea ekarri zuten. Uberkak hiriko estolderia bideratzeko erabili ziren, eta horien ibilguak ikusteko aukera izan dugu lanak egitean. Nolanahi ere, erreka historikoen ibilbidea gaur egungo Gasteiz zabalean imajinatzerik badago: Arriagako San Joan baselizaren inguruko makalek, esaterako, Txirrioren ibilbidea seinalatzen dute, eta Epaitegien aurreko plazako makal lirainek, Abendaño errekarena. Nahi izanez gero, gainera, Abendañoko zati bat ikus daiteke Batan Bidera hurbilduta.

Gasteizko Hospizioarena zen bolategi edo batan batek —oihalak kolpekatzeko makina hidraulikoa— Abendaño izena ordezkatu du tarte batean. Jakin badakigu bolategi bat eraiki zela 1797an Abendaño errekaren altzoan. Baina haren egoera kaskarrarengatik, erabat eraitsia izan zen. Hospizioak orduan beste bat altxatzeko baimena lortu zuen 1828ko abenduan, eta, tapakigintzari eusteko asmoz, 43 metro koadroko eraikin xumea altxatu zuen. Hospizioak bolategia saldu zuen 1867an, 3.800 errealengatik. Errekaren ondoko eraikin bitxiari amaiera laster iritsi zitzaion, XIX. mendearen bukaeran. Udalak eraisteko agindua eman zuen, eraikina lurrera etor zitekeelakoan. Lasarteko bide ondoan altxatuta baitzegoen, bidaiarientzat arriskutsua omen zen. Fabrikan erabilitako harriak, ordea, ezponda finkatzeko erabili zituzten. Urte batzuk geroago, 1899an, inguruan zeuden 78 makalen eta zumar baten jabetza eta aprobetxamendua aldarrikatu zuen Hospizioak.

Gasteizko errekak bisitarien atentzioa erakartzen ari dira azkenaldi honetan. Zadorrak, esaterako, zeinak hiria iparraldetik inguratzen baitu, egundoko protagonismoa hartu berri du gertaera historiko baten ondorioz: 1813ko ekainaren 21ean Gasteizko bataila gertatu zen, Zadorraren ertzetan. Ordudanik, Gasteizko hiriak zer kontatua badu historiako liburuetan. Bestetik, Green Capital izendapena jaso izanak hiriko hainbat espazio lehengoratzea ahalbidetu du; Gasteizko Hiribide ezaguna, besteak beste. Proiektuaren arabera, ur lamina batek argia ikusiko du, eta gogora ekarriko dizkigu paseo gozoak Gasteiz inguruko landatik barrena.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna