Krimea. Tatar herria

Tatarrak, Mejlisatik haratago

Krimeatik ia 200.000 tatar deportatu zituzten 1944an, Josiv Stalinen aginduz. Hala ere, gaur egun Errusiaren kontra daudenen ahotsa bakarrik iritsi arren Mendebaldera, tatarren artean gisa guztietako iritziak dituzte.

Emakume tatar bat, Ravil Gainutdin xeke muftiarekin hizketan, Kurultai-n — Krimeako Tatar Herriaren  Batzarrean—, Bakhtxisarain. SERGEI ILNITSKY / EFE.
Olatz Urkia
Simferopol
2014ko apirilaren 4a
00:00
Entzun
Igandean, Krimeako tatarren ordezkari ofizialak Bakhtxisarain elkartu ziren, eta Krimearen barnean autonomia bat eraikitzea erabaki dutela aldarrikatu zuten. Tatarrak %12 dira Krimean, eta haietako askok kasu egin zioten martxoaren 30ean Mejlis-arenmezuari (Krimeako Tatarren Parlamentua), ATB telebista kate tatarraren aurrean. Baina ez guztiek modu berean, tatarrak beraiek ere banatuta baitaude. Hala ere, komunikabideetara talde horietako baten ahotsa iristen da bakarrik: Mejlisaren buru Refat Txubarov eta Mustafa Dzhemilevena.

Babsi Abduraimov Milli Firka alderdi politikoko burua da, eta, 2006ko martxoan ofizialki erregistratzea lortu zutenetik, borrokan ari da Simferopol hiriburuan Krilova kaleko bulego txikitik gorago atera ahal izateko. «Irakurri ditut Mendebaldeko ikuspuntutik idatzitako berriak» esan, eta hasperen egiten du. Talde politikoaren bulegoko mahai arrunt baten atzean eserita, ez du behin ere irribarre egiten. Serio begiratzen du aurrera, betaurrekoen atzetik. Helburuak argi dauzka, badaki bidea luzea izango dela, eta ez dauka bromarako gogorik.

Jaka beltzaren kremailera ireki du. Ez du erantziko, hotza egiten baitu bulegoan. «Tatarrek esan dute… Tatarrek erabaki dute… Tatarrek erreferenduma ez dute onartzen… Beti horrelakoak irakurtzen ditut zuen egunkarietan. Baina nortzuk dira tatar horiek? Txubarov eta Dzhemilev jauna, noski; Mejlisa. Ba, hau jakin behar duzue: Mejlisa tatarren %15ek besterik ez dute defenditzen. Eta, esan, non galdu dira beste %85en ahotsak?».

Bakhtxisaraiko tatarrak

Mejlisa defendatzen duten tatarrak, Bakhtxisarai herrian daude batez ere. Han, martxoaren 16ko erreferendumean, parte hartzea oso txikia izan zen. «Hautestontziak ere ez genituen eduki. Zertarako? Hemen ez du inork erreferendumean parte hartu nahi eta», dio Ediyek, 22 urteko gazte tatarrak. Bakhtxisarain jaioa da, ikasketak amaitzen ari da, eta errusieraz hitz egiten du inolako azenturik gabe. Irekia eta jatorra dirudi. «Tatareraz ez… Zoritxarrez gazte gehienek ez dugu hizkuntza hori erabiltzen, errusieraz hitz egiten dugu beti».

Ilea laranjaz tindatua dauka eta errusiarrak bezalaxe dago jantzita. «Zer nahi dugun? Ba ez dakit, tatarera ofiziala izatea egoki iruditzen zait, nahiz eta ez dugun asko erabiltzen. Nahi duguna zera da, errespetatuak izatea. Errusiaren zati ez dugu izan nahi, inola ere ez. Ezin dugu 1944an egin zigutena hain erraz barkatu. Herrialde aske baten zati izan nahi dugu, eta Ukraina Europako Batasunetik gertuago dago».

Ukrainarekin jarraituz gero krimearren egoera hobetuko dela dio Ediyek. «Orain arte? Ba, egia da… Ukrainak zoritxarrez ez du gure egoera hobetu; baina orain hasi da guri entzuten, eta kasu egingo digu azkenean. Hori esaten dute denek. Mejlisak, gure telebista katean, ATBn». Ediyek ez du Milli Firka alderdi politikoa ezagutzen.

Horrek ez du batere harritzen Abduraimov, telebista kateak ez baitio ahotsik ematen Milli Firka alderdiari. «ATB guztiz kontrolatzen du Txubarovek. Eta komunikazio botere hori modu okerrean erabili du, sentsazionalismoaren bitartez. Azkenaldian, adibidez, ATB piztu, eta segituan ikusten ditugu betikoa esaten: Errusiak berriz deportatuko gaituela eta abar. Halakoak behin eta berriz errepikatzen, beldur eta gorroto giroa sortu dute. Baina, mesedez… berriz kanporatuko gaituztela? Mezu horrek ez dauka inolako zentzurik. Putinek, egin nahiko balu ere, ez luke inola ere horrelako pauso drastikorik emango. Horrelakorik egitea gaur egun ez da posible. Gainera, zertarako behar du Errusiak beste 1944 bat?».

Vladimir Putin presidenteak eta Dmitri Medvedev lehen ministroak jada esana dute Krimeako tatarren suspertze programa berriro martxan jarriko dutela. Abduraimov fio da Errusiako agintariekin: «Gure hizkuntza ofiziala izango da, parlamentuan eserlekuen %20 guretzat izango dira, laguntza ekonomikoak jasoko ditugu…».

Abduraimovek onartzen du2006tik orain arte Milli Firkak zailtasunak eduki dituela Krimeako tatar guztiengana beren mezua iritsi arazteko. Baina gaur egun tatarren %15ek haiekin bat egiten dutela adierazi du. Mejlisak komunikazio bide tatarrak kontrolpean edukiko ez balitu, Krimeako tatar askok jarrera aldatuko luketela dio Abduraimovek. Izan ere, Milli Firkaren programa herritar askorentzat erakargarria izan daiteke: aldi berean bakezalea eta errealista. Helburua, Krimeako tatarren eskubideak defendatzea da; bidea, Errusiarekin negoziatzea, orain arte bezala bizitzeko, errusiarren eta tatarren harremanak hobetuz, berdintasuna iritsi arte; tatarera hizkuntza ofiziala izatea nahi dute, eta leku garrantzitsua parlamentuan.

Milli Firkak uste du Krimeako tatarren egoera hobetzeko bide bakezalea besterik ez zaiela geratzen, eta muturreko jarrera bat hartzeak ez lukeela lagunduko. Alderdi horrek Krimeako tatarrei beste bide bat eskaini nahi die: alternatiba bat izan nahi du Mejlisaren monopolioa hausteko.

Bidean galdu diren ahotsak

Milli Firkatik kanpo ere badaude Mejlisa kritikatzen duten tatarrak. «Txubarovek eta Dzhemilevek beren eserleku erosoetatik behin eta berriz esaten dute zer den Krimeako tatarrek behar duguna. Lagun onak egin dituzte Ukrainian, eta, orain hain eroso bizi direnez, beraien herria ahaztu dute». Enber Ametovek asko dauka kontatzeko, baina gutxi entzun diote. 74 urteko gizon hau, izan ere, bidean galdu diren ahots garrantzitsu horietako bat da.

Autobus geltokitik bere etxera 15 bat minutu izango dira oinez, Enberren erritmo azkarrean. Ate marroira iristean, bere jarrera argi eta garbi erakutsi du; ez dauka beldurrik, ezta gogorik ere, gauzak erdizka esateko; izan ere, 74 urte hauetan nozitu duena baino gehiago ja ez du jasan beharko: zortzi aldiz bota dute Krimeatik, horietako batean bere etxea bulldozer batekin suntsitu ondoren.

Ametovek azkenean lortu du Krimean geratzea, eta orain etxe txiki batean bizi da Simferopolen. Ate marroia, zementuz zipriztinduriko pareta, alfonbraz beteriko saloia... Tea, etxean egindako marmelada eta gaileta batzuk ekarri ditu bere emazteak. Urxan semea ere etxean dago; saloira sartu, eta ezer esan gabe paretaren kontra eseri da lurrean, alfonbraren gainean.

Mustafa Dzhemilev Ukrainako Kontseilu Goreneko diputatua da egun, eta, haren biografia irakurriz gero, zaila egiten da Krimeako tatarrentzat ezer ez duela egin esatea: kartzela, gose greba… bizi izan ditu. Hala ere, Ametovek behin eta berriz azpimarratzen du: «Dzhemilevek bere herriari traizio egin dio».

Ametovek ere Krimeako tatarren historiaren une garrantzitsu guztietan parte hartu du, Dzhemileven gisan, nahiz eta gaur egun bere izena ez den Mendebaldean entzuten. Gizon txiki eta argal honen begi urdinetan bere historia latzaren itzala sumatzen da: 1940. urteko irailaren 10ean jaio zen Bakhtxisarain, eta 4 urte besterik ez zituenean, beste tatar askoren gisan, Krimeatik kanporatu zuten. Guztira, ia 200.000 izan ziren deportatuak.

Bera izan zen Krimeara itzuli ziren tatarren artean lehenetarikoa, 1967an. Urte bat igaro baino lehen, ordea, berriro kanporatu zuten, eta geroztik, bere bizitza halakoxea izan da: herrira itzultzea, berriz kanporatua izatea; manifestazioetan parte hartu eta atxilotua izatea; bagoiak, pankartak, errepresioa...

1969an Maiakovski plazako ekintza famatuan izan zen Ametov, Moskun: Komunistak, Krimea itzul iezaiezue Krimeako tatarrei!, Gora politika nazional leninista!, Askatu Grigorenko jenerala! Manifestatzaileek pankartak 6-8 minututan altxaturik eduki zituzten, atxilotu zituzten arte. Protesta horretan parte hartu zuten sei ekintzaileei esker, lehenengo aldiz entzun zien munduak Krimeako tatarrei. Ekintzarako lekua eta ordua ez zuten kasualitatez aukeratu: justu une hartan Moskun alderdi komunista eta sozialisten nazioarteko bilera egitekoa baitzen.

Urxan isil-isilik saloitik atera, eta paper batzuekin itzuli da. «Begira, manifestazioan. Hau da bera». 2009. urtean argitaratutako artikulu batean, argazki zahar bat dago: hiru gizon ageri dira eskuetan pankartak dituztela; haietako bat Enber da.

Txofer lan eginez dirua aurreztu zuenean, 1976. urtean berriz Krimeara itzuli, eta maiatzaren hasieran etxe bat erosi zuen Melekhovon. Maiatzaren 10erako, etxea saldu zion emakumeari agintariek esan zioten etxea botatzeko baimena sinatu behar zuela. Emakumeak ez zuen agiria sinatu. Maiatzaren 11n, bulldozer bat iritsi eta, besterik gabe, etxea bota zuten.

Enber Ametovek eta haren familiak ez zuten inolako azalpen eta kalte-ordainik jaso. «Horrelakoak jasan, eta nik amaieraraino boterea daukatenei enbarazu egiten jarraitu dut», dio Ametovek. Haren seme Urxanek barre egin du. «Beste batzuk azkenean goikoek nahi zutena egin, eta horrela etxe politak erosi ahal izan dituzte».

Gorbatxoven legea

1989. urtea Krimeako tatarren historiako momentu garrantzitsuetako bat izan zen. Urte hartan Mikhail Gorbatxovek Krimeako Tatarren Herria suspertzeko legea martxan jarri zuen, Krimeako tatarrentzat legezko ordaina ziurtatzeko. 1991. urtean, ordea, Sobietar Batasunaren amaierarekin eta Ukrainaren independentziarekin, programa hori ere blokeatuta geratu zen.

Ametov altxatu egin da. Burua astintzen du: «Noski, hori da. Orduan traizio egin zion Dzhemilevek herria, ulertzen al duzue? 1991n Ukrainako agintariekin tatarren egoera negoziatu, eta emaitza eskasa lortu zuen. Erosi egin zuten eta! Azken 23 urte hauetan tatarrentzat Mejlisak ez du ezertxo ere egin, baina hori bai, beretzat bizitza eroso-eroso bat eraiki du. Hau guztia frogatu dezaket. Errusiak 1989an tatarrak suspertzeko programarentzat dirutza handiak eman zituen. Turkiatik eta Mendebaldetik ere diru asko bidali zuten, Mejlisaren bitartez guretzat etxeak eraikitzeko eta abar; baina diru guztia bidean galdu zen. Mejlisaren poltsikoetan, noski!».

Ametov ez da, hortaz, Mejlisaren defendatzaile. Milli Firka alderdiaz zer pentsatzen duen galdetzean, zera dio: «Ondraduak dira, herriarentzat egoera hobetu nahi dute benetan. Baina… beraiek ikuspuntu Eurasiarra daukate; nik, ez. Hau da, beraiek erreferendumaren alde daude, Errusiaren defendatzaile dira; ni, ez. Gu Krimeako jatorrizko nazioa gara, eta guk geuk erabaki behar dugu Krimearen etorkizuna. Ez Errusiak, ezta Ukrainak ere».

Babsi Abduraimov eta Enber Ametov: Krimeako bi tatar, bi ikuspuntu berri. Biak Mejliseko buruen aurkakoak; bata erreferendumaren alde, eta bestea kontra. Auzi honetan ez baitago beltza eta zuria ikusterik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.