Eduki sexistak deseraikitzen

Reality hauek pornografia hutsa dira. Halakoak iragarkiak balira, legez kanpoko publizitatetzat joko lirateke». PSOEko diputatu Angeles Alvarezek hitz horiekin salatu zuen Telecinco kateko Campamento de verano saioa. Janari lasterreko enpresa batzuek publizitatea kendu zuten, eta saioak zer esana eman zuen egun batzuetan. Edukiak oso matxistak zirelako. Ez dira bakarrak, ez dira desagertu telebista kateetatik. Salaketak tantoka iristen dira, ordea.
Salbuespenak badira. Euskal Herrian alarma guztiak piztu zituen Cuadrilla busca cita ETB2ko saioak, ekainean. Atal bakarra eman eta gero, kentzeko eskatu zuten Emakundek, Euskal Herriko Mugimendu Feministak, sindikatuek eta ia alderdi politiko guztiek. Kendu zuten. Baina ETB2 ez da kate bakarra. Hego Euskal Herrian Tele5 da ikusle gehien dituen katea, alde handiarekin, eta asaldatzeko moduko saioak eskaintzen ditu. Beste kate askok ere bai.
Maria Castejon historialari eta Pikara Magazine-ko kolaboratzaileak Mujeres, hombres y viceversa (Tele5) saioa jarri du adibidetzat: «Ordezkatzen diren eredu femenino eta maskulinoak lazgarriak dira. Planteamendua bera, non emakumeak eta gizonezkoak tronista baten faboreagatik edo maitasunagatik lehiatzen ari diren, oso patriarkala da. Heteronorma sustatzen du saioak, maskulinitate menderatzailea eta lehiakortasuna maitasuna lortzeko».
Ianire Estebanez psikologo eta ikerlaria aditua da gaian —minoviomecontrola.blogspot. com blogean ikus-entzunezko edukietako maitasun harremanak «dibertsitatetik eta errespetutik» aztertzen ditu—. Haren hausnarketaren arabera, «heterosexualitate normatiboaren ideia» transmititzen dute halako saioek: «Errealitateak esaten digu askotariko andre eta gizonak daudela. Baina zer gertatzen da reality hauetan estereotipo bat ikusten dugunean? Gizonezkoa gaiztoa, indartsua eta erasokorra, eta emakumea sexia eta jeloskorra denean? Nerabeak eredu horiek hartuko ditu erreferentziatzat, eta haiek bezalakoa izan nahiko du. Eta antzik ez badu, gaizki sentituko da». Estebanezen iritziz, ereduok nortasunaren eraikuntzari eragiten diote. Gorputzari gurtzak «adierazpen gorena» hartzen du halako saioetan, baina Castejonek uste du presioa handiagoa dela neskentzat, «polita, titi handikoa eta gorputz ikusgarrikoa ez bada, oso kritikatua baita».
Ereduak naturaltzat ez hartu
Reality-ak ikusteko orduan ikuspegi kritiko bat izatea garrantzitsua dela uste du psikologoak. «Halako edukiez modu kolektibo batean kexatu beharko genuke, masa hedabideek pentsamendua sortzen baitute mezuekin. Eragin horri aurka eginez bizirik irauteko eta gauzak aldatzeko, elkarrekin joan beharko genuke, berdinen arteko errespetua, oniritzia eta tolerantzia bilatuz», esan du Estebanezek.
Castejonek salatu du hedabideek ez dutela espiritu kritikoa sustatzen. «Mezu hegemonikoak zabaltzen dituzte. Gazteek ez dituzte eredu horiek naturaltzat jo behar». Horretarako, ordea, norma auzitan jartzen duen hezkuntza behar dela nabarmendu du. Estebanezek adierazi du gazteak ikusten duena aztertu behar duela: «Ez du pasiboa izan behar, eredu horien garrantzia desmuntatu behar du. Hau da, ikusten eta entzuten denaren kudeaketa emozionala eta azterketa kritikoa egin behar du hartzaile gazteak».
Estereotipo sexistetatik aldentzen diren telebista saio eredugarri gutxi daude. Horietako bat Girls telesaila dela iruditzen zaio Estebanezi: «Protagonista neskaren rol tipikotik ateratzen da, ez da perfektua, eta den bezala onartzen du bere burua». Castejonek The Simpsons saioa gomendatu du: «Nahiz eta genero rol tradizionalak izan, kritika eta umore asko du». Estebanezen arabera, ontzat jo behar dira ezaugarri ezberdinak izanik eskubidetan pertsona berdinak izan daitezkeela erakusten duten programak, «errealistagoa baita hori».
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.