Hurrengo pausoa, eskubide sozialen karta gizarteratzea

Eragileek nabarmendu dute dokumentu huts bat izan beharrean politikak aldatzeko tresna izan behar duela kartak

Hainbat eragile sozialen jendaurreko atxikimendua. MARISOL RAMIREZ /ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2014ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta aurkeztu zuten atzo, Bilboko Arrupe Etxean. Karta eta haren edukiak azaltzeaz gain, proposamena babestu duten eragile sozial eta sindikalen ordezkariek jendaurreko atxikimendua eman zioten sinadura ekintza sinboliko baten bidez; tartean, Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak eta Ainhoa Etxaide LABekoak. Uda ostean, gizarteratze fasea hasiko dute, eta mobilizazioak prestatzea izango da eragileen hurrengo pausoa.

Mikel Noval proiektuko bozeramaileak azaldu zuenez, hurrengo hilabeteetan bete beharreko plangintza definituko dute. «Kartaren helburua ez da izan dokumentu soil bat sortzea, baizik eta politikak aldatzeko tresna bihurtzea». Horretarako, herritarren eta hainbat eragile sozialen mobilizazioa «guztiz beharrezkoa» dela adierazi zuen, eta sare bat sortzeko premia nabarmendu.

Proposamena «aberasgarria» izan dela azaldu zuen; karta osatzeko prozesuak iraun duen urtean, milaka ekarpen egin dituzte. Hego Euskal Herriko 127 herritako 147 eragile talde eta 1.200 pertsona inguru aritu dira lanean. Novalen arabera, «herrietan eta auzoetan eztabaidatu dira gizartean beharrezkotzat jo diren hainbat planteamendu», eta, horien berri emateko, hainbat aurkezpen mota antolatu eta ospakizun kolektiboak prestatuko dira udazkenetik aurrera. Horiez gain, Ipar Euskal Herria prozesuan sartzen saiatu, atxikimendu gehiago lortu eta kartaren xede estrategikoak definituko dituzte.

Herrialdearen bilakaera soziala lortzeko, hainbat erronkari aurre egin beharko diotela adierazi zuten. Horien artean, gobernuei presio egin, indarrean dagoen sistema hobetu, bestelako aurrekontuak sortu eta jendearen inplikazioa lortu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.