Oraingoan baliatu du

Peter Saganek irabazi du Giroko hamargarren etapa, esprintean, eta taldearen lana biribildu. Egan Bernalek segitzen du lehen postuan

Sagan garaipena ospatzen, alboan Gaviria duela. LUCA ZENNARO / EFE.
ainara arratibel gascon
2021eko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
«Askok esan dute Sagan itzuli dela. Baina ni ez naiz sekula joan. Ez zait irabaztea ahaztu. Sekula ez dut besoak altxatzeko grina galdu». Adierazi zuen Peter Saganek (Bora) Romandiako itzuliko lehen etapan gailendu eta gero. Bada, orduan esandakoak ederki berretsi zituen atzo, Giroko hamargarren etapa irabazita,esprintean, Folignoko helmugan. Bigarren izan zen Fernando Gaviria (UAE), eta hirugarren, Davide Cimolai (Israel). Hala, hirugarren etapako arantza kendu ahal izan zuen. Orduan, bere taldeak ere lan ona egin zuen, baina azken kilometroetan laguntzarik gabe geratu zen, eta ihes eginda irabazi zuen Taco Van der Hoornek (Wanty). Aurreikuspenak, beraz, bete egin ziren atzo. Esprinta espero zen, eta hala izan zen. Egan Bernalek (Ineos) segitzen du elastiko arrosarekin. Hamalau segundora du Remco Evenepoel (Deceuninck), eta 22ra Aleksander Vlasov (Astana). Gaur atseden eguna dute txirrindulariek.

Eguneko ihesaldia bost txirrindularik osatu zuten. Etapako igoera apurrenetakoan egin zuten ihes Van der Hoornek berak, Simon Pellaudek (Androni), Umberto Marengok (Bardiani), Samuele Rivik (Eolo) eta Kobe Gossensek (Lotto Soudal).

Tropela lasai zihoan. Baina Borak aginte makila hartu zuenean, aldea murrizten hasi zen, eta 42 kilometro falta zirenean, harrapatu egin zituzten. Gainera, Valico della Sommako igoeran (4,8 km, %6,1), hainbat txirrindulari bizkor atzean geratu ziren, tartean Dylan Groenewegen (Jumbo) eta Tim Merlier (Alpecin). Campezo sul Citunnoko tarteko helmugan agertu ziren sailkapen nagusiko buruan dauden txirrindulariak. Ez zeuden ezer oparitzeko gogoz. Evenepoelek hiru segundoko saria lortu zuen, eta Bernalek, berriz, batekoa.

Azken txanpara hamabost bat txirrindulari iritsi ziren tropelaren buruan. Gaviria jakitun zen gurpil ona Saganena zela. Baina berak jo nahi izan zuen aurrena, eta Juan Sebastian Molano taldekideari agindu zion esprinta abiatzeko. Sagan, ordea, ez zegoen beste aukera bat galtzeko. Hala, berehala erantzun zuen, Molanori aurre hartuta eta garaipena lortuta.

117. garaipena izan zen atzo Saganek lortu zuena. Horietako gehienak esprintean izan dira, etaatzokoak gidoi bera izan zuen.

Iragan astean Giroa utzi behar izan zuena Mikel Landa (Bahrain) izan zen. Murgiako txirrindulariari atzo egin zioten ebakuntza lepauztaian, Gasteizen. Orain, osatze aldiari ekingo dio. Haren helburua Tokioko Olinpiar Jokoetan egotea da.

Durango-Durango, gaur

Bestalde, gaur korrituko da Durango-Durango klasikoa. Bertan, denboraldi honetan nagusi izaten ari diren bi txirrindulariak izango dira aurrez aurre: Anna Van der Breggen (SD Worx) eta Annemiek Van Vleuten (Movistar). Proba 15:00etan hasiko da, eta 115, 7 kilometro izango ditu. Lehen 87ak zirkuitu batean korrituko dira, eta azken 28 kilometroetan bi aldiz igo beharko dute Goiurira. Bertan izango dira Ane Santesteban, Eider Merino, Lourdes Oiarbide, Bizkaia Durango eta Laboral Kutxa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.