gorka julio
IRLEN SAREA

#Dazokat

2014ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Urtero bezala hemen da Durangoko Azoka,kulturaren plaza izendatua, lehen liburuaren eta diskoaren azoka zena. Bere barruan, kultura digitalak badu bere espazio propioa: Kabi@. Aurkeztutako proiektuak begiratuz, atal garrantzitsuagoa bihurtzeko bidean dena.

Lau egunetan, kultura digitalaren arlo eta esparru askok izango dute bertan isla: gazteak, hezkuntza, sortzaileak, komunitatea, garatzaileak, ekintzaileak...

Lehen egunean, gazteekin tailerrak eta ondoren esperientziak ezagutzeko aukera izango dugu. Arratsalde bukaeran, Maite GoƱik teknologiak hezkuntzan etorkizun hurbileko joerak zein diren erakutsiko digu.

Bigarrenean, sortzaileek izango dute tartea. Aplikazio mugikorrekin egindako ekimenak, transmedia proiektuak, komikigintza, ekimen digitalak, palindromo egileak... Sormen handia eta espero gabeko ezusteko asko sortzaile egunean. Eta errepikaezina izango den Ingurune aldagaiak ekitaldi amaieran.

Hirugarrena, kultura digitala sustatzeko berebizikoa izan den komunitatea eta teknikoki aurrera eramaten duten garatzaileentzat izango da. Hizkuntz teknologiek atal garrantzitsua izango dute hemen, gonbidatua den okzitanoaren esperientziak ezagutzeko aukerarekin. Arratsaldean, euskara hitza tabu gisa duen ekimen ezaguna. Kultura librearen esperientzia interesgarri bat ere izango da: Herri Liburutegi Digitala.

Azoka amaitzeko, ikerketa eta teknologiarekin lotutako ekintzaile eta enpresek izango dute txanda. Enpresarean-ek (euskaraz lan egiten duten enpresa eta profesionalen sarea) eta OlatuKoop-ek (ekonomia sozial eta eraldatzailea sustatzen duen sarea) lagundutako atalean, hainbat enpresa teknologikoren esperientzia ezagutu eta horiekin eztabaidatzeko beta izango da.

Aurten .eus domeinua eskuratu dugun urtea izaki, arlo bakoitzari bideratuta, egunero 13:30ean horren berri izateko aukera ere izango da. Azken egunean, beste domeinu kulturalen aitzindari izan zen .cat domeinuaren zuzendaria etorriko da.

Parte hartuko duten eragile horietako asko kulturaren parte direla onartzeko zailtasunak dituztenak ere badaude. Izan dadila aurtengoa kultura digitala kulturaren barruan banaezina den arlo gisa ulertzen lagunduko duen azoka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.