Altsasuko auzia. Epaiketa

Legearen hormak

Terrorismo delituek Espainiako legedian izan duten bilakaeraren ondorio da Altsasuko auzia. Horren interpretazio zurruna egin du Lamela epaileak.
Gazteak epaituko dituzte Espainiako Auzitegi Nazionalak San Fernando de Henaresen duen egoitzan.
Gazteak epaituko dituzte Espainiako Auzitegi Nazionalak San Fernando de Henaresen duen egoitzan. BERRIA

Jokin Sagarzazu -

2018ko apirilak 15
Bihartik aurrera, Espainiako Auzitegi Nazionaleko areto batean epaituko dituzte Altsasuko zortzi gazteak. San Fernando de Henaresen dagoen eraikinean: horko lau paretetan itxiko dute legea. Delitu eta lesio terroristak leporatzen dizkiete, ordu txikietan taberna batean bi guardia zibilekin eta haien bikotekideekin izandako istilu batean parte hartzeagatik. Hona horra iristeko instrukzio epaileak eta fiskaltzak erabili dituzten argudio nagusiak, labur.

HELBURU «TERRORISTAK»

Altsasuko gazteei leporatzen dizkieten gertaerak «terrorismoa» dira. Hala ebatzi du Carmen Lamela instrukzio epaileak, auzipetze autoan.

2015eko Zigor Kodeko 573. artikulua erabili du horretarako. Horren arabera, terrorismo delitutzat hartuko da «bizitzaren edo osotasun fisikoaren aurkako edozein delitu larri», helburu jakin batzuei erantzuten badie.

Altsasuko auzian, helburu jakin hori litzateke «biztanleen edo biztanle batzuen artean terrore egoera bat sortzea». Altsasun guardia zibilek bizi duten «jazarpen egoera» aipatzen du epaileak, eta tabernako liskarrak, haren ustez, lotura izango luke horrekin.

ETA-KO KIDE IZAN GABE

Espainiako 1995eko Zigor Kodean, «terroristatzat» har zitezkeen zenbait egitate, helburuaren arabera, delitugilea talde armatu edo erakunde terrorista batekin lotuz gero —irizpide hori erabiltzen zen kale borroka kasuetan, esaterako—.

2015eko Zigor Kodearekin, ez dago loturarik egin beharrik; nahikoa da legeak aipatutako helburuak justifikatzea. Xede horien artean daude, Altsasuko auziaren kasuan, epaileak bere autoan aipatutako « terrore egoera». Beste hauek ere azaltzen dira legean: «Konstituzio-ordena iraultzea», «herri-bakea larriki haustea» edota «nazioarteko erakunde baten funtzionamendua modu larrian ezegonkortzea».

BAINA ETA-REN «ITZALA»

Epaileak, auzipetze autoan, ez du lotura zuzenik egin gazteen eta ETAren artean. «Alde Hemendik dinamikarekin» lotu ditu, eta, haren ustez, Altsasun horren adierazpide izango litzatekeen Ospa mugimenduarekin. Guardia zibilek herri horretan bizi duten «jazarpen eta bazterketa giroaren» erantzule egiten du Ospa.

Beste auto batzuetan eta, bereziki, fiskaltzaren tesia bere egiten duenean, ETA aipatzen du epaileak. Fiskaltzaren esanetan, «ETAren estrategiaren parte» da Alde Hemendik dinamika, eta, hori frogatzeko, erakunde horren hainbat agiri erabiltzen ditu.

Ospa mugimenduari buruz, fiskaltzak dio 2011n —ETAk jarduera armatua amaitutzat eman zuen urte berean— ezker abertzaletik sortu zituztela hainbat talde, izen horrekin eta beste batzuekin (Fan Hemendik...), eta Alde Hemendik-en jarraipena direla, helburu berberak dituztelako.

LEGEDI ANTI-JIHADISTA

2015eko otsailaren 2an sinatu zuten PPk eta PSOEk Jihadismoaren Aurkako Estatu Ituna, 1995eko Zigor Kodea eta, bereziki, delitu terroristei buruzko artikuluak aldatzeko. Hilabete ere ez zen pasatu Charlie Hebdo aldizkariaren aurkako Parisko atentatutik, eta, krisialdi ekonomikoa zela eta, Espainiako Gobernuaren neurrien aurkako protestak ugaritu ziren kaleetan. Ezohiko tramitazio bideak erabilita atera zituzten aurrera lege aldaketak. Martxoaren 30ean, Espainiako Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratua zituzten, Herritarren Segurtasunerako Legearekin —mozal legearekin— batera.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna