Eraikuntza hauspotuz

Manuel Vallsen gobernuak etxebizitza politikan aldaketak iragarri ditu. Eraikuntza sektorea berpiztu nahi du, bizitegi berrien jabetzak eta alokatzeko inbertitzeak erraztuz. Bunuzeko elkarrizketetan aztertu dute gaia.

Ainize Madariaga
Bunuze
2014ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Behar ote ditu Frantziak 500.000 etxebizitza berri eraiki? Hala balitz, norentzat? Non? Nork ordaindurik? Galdera horiei erantzuten entseatu dira Bunuzen, Nafarroa Beherean, atzo egun osoan. Eta baietza izan da erantzuna. Intxauseta kanpina oso ezaguna egin da duela hamar urtetik hona, Frantzia osotik jin adituekin egin jardunaldiengatik. Berez, Sylvia Pinel Frantziako Etxebizitzen eta Eskualdeen Berdintasunaren ministroa ere agertzekoa zen atzo Bunuzen, baina Manuel Valls Frantziako lehen ministroa lagundu zuen atzo, etxebizitzen inguruko erreformak aurkezteko, Segolene Royale Ekologia, Garapen Iraunkorra eta Energiaren ministroarekin batera, eta ez zen Bunuzen izan.

Funtsean, Bunuzera jin gabe ere, orok bat egin dute ideietan: «Etxebizitzak eskas dira, egin egin behar dira, eta 500.000 urte guziz, baina nola? Hor dago koska. Zeren dirua badago, miliarrak daude hor dantzan. Baina arazoa politikoa da», erran du Jean Luc Berho hitzaldien antolatzaileak.

Eman datuen arabera, milioi bat etxebizitza ditu Frantziak eskas. Laurent Girometti ere present izan da, gobernuaren izenean, erreforma horien berri emateko, jardunaldiaren erdian hitza hartuz. Aldaketak izanen dira, Vallsen arabera: «Eraikuntzaren berpiztea gazte eta familientzako lehentasuna da, gure herria demografia dinamikoan oinarritzen ahal baita, baina baita ere betebehar ekonomikoa delako».

Eraiki gabeko lurrak liberatu nahi dituzte, saltzea eraginez. Horretarako, irailaren lehenetik goiti, eraiki gabeko lurren gaineko zergak apalduko dituzte. Gainera, eraikitze-normen sinplifikazioa zalutuko dute. Bestalde, jabegora iristea lagunduko dute, bai eta etxebizitza berrien eskaintza emendatuko ere, interesik gabeko maileguak areagotuz. Duflot lur-baliabidea berrikusiko dute; alokatzeko inbertitzen dutenei bidea zabalduz. Azkenik, eraikuntza sozial berri gehiago nahi dute, bai eta etxebizitzak hobekitzea erraztu ere.

Erreforma hau ez dute denek begi onez ikusten, halere: «Berdintasunean dago arazoa. Etxe gehiago behar dela? Ados naiz, baina ez nolanahika! Alokairuak sobera garestiak dira, euskal kostaldean, adibidez», erran du Christoph Robertek, Pier Apeza fundazioko bozeramaileak.

Bunuzeko topaketari bukaera eman diote bi ministro ohik. Debatea izan beharko zukeen, bata UMPkoa eta bertzea PSkoa izaki, baina ez dela debaterik izan damutu da Pio Etxeberri Aintziart hautetsi abertzalea: «Xavier Bertrand eta Thierry Repentinen artekoak eztabaida izan beharko zukeen, baina orotan ados ziren. Domaia da. Esku beltzaren parte hartzeak badakigu ez duela funtzionatzen, eta baitezpadakoa da botere publikoaren esku sartzea etxebizitzaren merkatua orekatzeko. Alta, ez dira batere horretan, alderantziz!». Gaia bete-betean tratatu zuen Etxeberri Aintziartek, Norbere herrian bizi liburuan (Gatuzain, 2006). Egunean zehar aipatu zituztenak jakinak direla salatu du, berritasunik ez dela, eta problematikak bere horretan jarraitzen duela.

Bunuzen arrotz

Ipar Euskal Herriko espekulazioari buruzko hitzik ez zen aipatu topaketan. Datu guziak Frantziari buruzkoak izan ziren, are gehiago, hiriguneei buruzkoak batez ere. Euskarazko hitz bakanak, Eric Iturralde Bunuzeko auzapezak eman zituen: «Ongi etorri». Hogei hizlarietarik euskaldunak bi ziren, auzapeza bera eta kostaldeko hirigintzako arduradun bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.