Leku berean segituko du Ziburuko ikastolak oraingoz, auzia irabazirik

Epaileak dio gaia hark aztertzeko «konplexuegia» zela.

Seaskak elkarrizketara deitu du alkatea
Herritarren sostengu zabala jaso du Ziburuko ikastolak. Irudian, asteleheneko elkarretaratzea.
Herritarren sostengu zabala jaso du Ziburuko ikastolak. Irudian, asteleheneko elkarretaratzea. SYLVAIN SENCRISTO

Maddi Ane Txoperena Iribarren -

2014ko abuztuak 15
«Epaileak arrazoia eman digu osoki». Hala adierazi du Paxkal Indo Seaskako lehendakariak Ziburuko Kaxkarotenia ikastolaren aurkako epaia jasotakoan. Epaia, finean, ikastolaren aldekoa izan da. Izan ere, epaileak erabaki du gaia «konplexuegia» zela epaitegi horretan erabakitzeko, eta, beraz, «sakoneko epaitegi» batean aztertu beharrekoa dela berriz aztertzekotan.

Orain, auzapezaren esku dago epaiketa berriz egin ala ez. Astearteko epaiketaren gastuak, dena den, bere gain hartu beharko ditu herriko etxeak, eta bertan behera geldituko da ikastolari jarritako eguneko 100 euroko isuna. Seaskak eta Kaxkarotenia ikastolak arazoa Ziburun konpontzeko eskatu diote alkateari, eta mintzatzeko prest agertu dira. Heldu den ikasturterako izena eman duten hamabi haurrek ikastolan segitzeko aukera izanen dute.

Gai «konplexua»

Laida Mugika Ziburuko ikastolako lehendakariak atzo BERRIAri jakinarazi zionez, «epaileak erran du gaia konplexua dela, ez dela batere argi alokairua noiz bukatzen zen; beraz, auzi hori sakoneko epaile batek aztertu behar du». Paxkal Indo Seaskako lehendakariaren arabera, hori da Alain Astabi haien abokatuak epaiketan erran zuena, «eta hori dio jujeak ere». Gainera, epaiketaren gastuak herriko etxearen gain geldituko dira osoki. Indoren ustez, horrek erran nahi du, «argiki», nonbait arrazoi zutela.

Epaiketa berriz egiteko aukera egonen litzateke, berez, baina ikastolako kideek ez dakite halakorik eginen den, herriko etxearekiko komunikazioa erabat etena baitute joan den maiatzetik. Hala ere, bertze epaiketa bat eginez gero, irailean emanen lukete eguna. «Erran nahi du udazkenean edo neguan aztertuko litzatekeela», azaldu du Mugikak.

Herriko etxeak ez du erran aitzinera begira zein asmo duen, baina badirudi oraingoz ez dela deus gehiago jakinen. Iñaki Ibarloza EAJko zinegotzia Guy Poulou auzapezarekin batera da udal taldean, eta ez daki «zer pasatuko den». Ibarlozak adierazi du oraindik ez dakiela «deusik», eta ez duela pentsatzen aste honetan erabakiko denik, ez baitute bilkurarik iragarri. Ikastolaren aldekoa da Ibarloza, eta uste du ikastolak «hor» gelditu beharko lukeela. «Baina nire iritzia da bakarrik», erran du: «Herriko etxeko jendeak ez du bat egiten».

«Garaipen ttipi bat»

Epaiketaren deliberoari esker, Ziburuko ikastolako guraso eta haurrek lasai jarraitu ahal izanen dute, epe motzean bederen, eta irailean orain arteko eraikin berean segituko dute haurrek, hots, Marinela auzoko eskola publikoaren eraikinean. «Gu kontent gara, heldu den iraileko sartzea hor eginen dugulako: garaipen ttipi bat da gutxienez», adierazi du Mugikak.

Hala ere, ikastolako kideek argi dute arazoa ez dela oraindik konpondu. Herriko etxeari eskatu diote prozedura bertan behera uzteko, eta ez dezan «ziburutarren diru gehiago xahutu auzitegietan, garestia eta alferrikakoa izanen baita eta aterabidea urrundu baizik ez baitu eginen». Hori dela eta, elkarrizketarako deia egin diote auzapezari, ikastola bertze leku batean kokatzeko aukera dagoelako, ikastolaren ustez, «hala nola aisialdi gunean». Bestalde, ikastolako kideek «bihotzez» eskerrak eman dizkiote «sostengua ekarri duten herritar guziei».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna