Mixel Etxebest. Mauleko auzapeza

«Ez da aise enpresaburu bat mintzatzea ozenki»

2008an sartu zen Mauleko herriko etxean. 30 urtez sozialisten gotorlekua zen udal horretara enpresaburuaren kudeaketa eraman zuen, eta euskaltzaletasun pittin bat ere.

Joanes Etxebarria.
Maule
2013ko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Mixel Etxebest (Maule-Lextarre, 1961) euskaltzalea da, eta Mauleko Herriko Etxea gobernatzera pasatu zen aspaldi ez dela. 2008an irabazi zituen hauteskundeak zortzi enpresa kudeatzen dituen Artzainak taldeko buruak. Enpresaburuak herriko etxea kudeaketa desberdinarekin gidatu du, eta iaz herriko langileek greba egin zuten lehen aldiz.

Erran izan duzu politikan hasi zinela hutsune bat betetzeko, hautetsiak ez zirelako ekonomian aski sartuak.

Ene ustez, bai, gogoeta eta arrangura hori gain-gainera ekartzeko, Herri Elkargora [Zuberoako mankomunitatea] adibidez. Ene ustez, behar da ahots hori ekarri eta atxiki ere, eztabaidak oro ez baitira irrigarriak. Gero horren inguruan bada ere kultura eta nortasuna, nik oro lotzen baititut. Ez dut uste hemen badenik lantegi bururik bere sakelarako baizik ez denik ari, aiseago baita Baiona, Paue, Tolosa edo Bordelera joatea.

Gaurko egunean hainbeste enpresa kudeatzeak eta aldi berean Mauleko auzapez eta Herri Elkargoan hautetsi izateak ez al du interesen talkarik sortzen ahal?

Horri anitz-anitz kasu egiten diot, prefosta! Adibidez, hor zinez pozik naiz ene bizitza profesionalean ez espartinetan deus eginik, ez sudurra sarturik ere. Iduri baitzait herrian abiatzen dugun espartina erakustoki gunea zinez erakargarria izanen dela, eta nik ez horretan biderik eginik, hobe. Horrela lasaiki mintzo naiz hor. Egia da beste arlo batean, aeronautika aipatzen denean, ez naiz hain aise mintzo eta ez dut parte hartzen azkenean, baztertzen naiz. Gero ikusi behar da interesen talkak zer kalte ekartzen ahal duen ere. Hor, adibidez, bada aerodromo txiki baten xedea Zuberoan; garapen xede bat da turismo eta industria aldetik. Guk, Artzainak taldeak, badugu xede bat horretan [taldeak hegazkin txikiak egiten dituen enpresa bat erosi du], baina bai lurraldeak ere. Orduan biak uztartzen badira, zergatik ez; enplegua sortzen bada, zergatik ez. Gero, prefosta, beti izanen dira negar horiek, edo bekaizkeriak, edo etsaiak... Baina momentu batez aitzina joan behar da eta gauzak egin behar dira.

Aerodromo hori Dyn'Aero enpresa jinarazteko litzateke, eta lurrak Herri Elkargoak bilatzen ditu. Erran nahi du bi kasketarekin zabiltzala afera horretan, enpresaburu eta hautetsi gisa hain zuzen.

Badira bi gauza, edo Artzainak taldeak berak lur bat erosten du eta bere aerodromoa egiten du, edo bestela lurraldeak egiten du. Sos aldetik ber gauza da, Dyn'Aerok pagatuko du. Baina lurraldeari iduri bazaio horrekin ukaiten ahal dugula azpiegitura txiki bat, herriari leiho zerbait zabaltzen diola, zergatik ez egin Herri Elkargoarekin. Zuberoak hamar urtez laborantzarako 4.000 hektarea lur galdu ditu, laborantzak utzi baititu, eta xede horretarako hiru hektarea hartuko lirateke.

Bestalde, elkarrizketa batean erran zenuen politikan behar dela kudeaketa gehiago. 2008an iritsi zinen Mauleko herriko etxera. Kudeaketan aldaketa handia ekarri al zenuen?

Ni ez naiz politikari handia, ez dut nahi ere. Jokamoldeak eta, ez dut nahi hori, nahiago dut gauza argi eta zuzena. Zinez bekaiztia naiz Hegoaldean den kulturaz: bada kudeaketaren kultura. EAEn EAJ alderdia so egiten bada, luzaz teknikari eta enpresari anitz horretara jin dira. Frantzian ez da batere kultura hori, hartako da ere ene bilakaera halakoa, hautetsi bilakatzea: ohartarazteko finantza kudeaketa bat dela bai, baina uste dut ere sosa ontsa gastatu behar dela. Ekonomian horretan arduratuak gara anitz, egun oroz baditugu horrelako erabakiak hartzeko eta ez beti baikorrak, baina ez dugu hauturik. Uste dut hautetsiak emeki-emeki problematika horretan sartzen direla, baina ez aski, ez baita politikari anitz ekonomia mundutik heldu denik.

Mauleko herriko langileek lehen aldiz greba egin dute zure agintaldian. Kudeaketa horren ondorioa izan zen?

Horren ondorioa da. Herriek geroz eta eskumen gutxiago badute, eta Herri Elkargoak haboro ditu. Horrek erran nahi du herrietan ez dela haboro langile kopurua handituko, herriek ez dituztelako haboro lehen zituzten diru sartzeak. Maulen bost edo seigarren aitzinkontua eginen dugu ber sartze heinarekin, ber-bera. Egin dezakegun gauza bakarra legarrak goratzea da. Bestalde, 30 urtez herriko etxean promozioak egiten ziren langileak nahi zuen bezala; konkurtsoa iragaten zuten edo barne promozioa, hautetsiak lanpostua zabaltzen zuen eta langilea gora joaten. Hamar koadro baditut nik 40 langilerekin, baina koadro batek behar ditu zenbait langile manatu, eta ez dituzte denek koadroen betebeharrak betetzen. Ez dugu gauza handirik kanbiatu, eginahala egin dugu.

Aipatu duzu herriaren eskumen geroz eta gehiago ematen zaizkiola Herri Elkargoari. Frantziako Lurralde Erreformaren Legearekin ere, aipatzen da herri elkargo zabalagoak sortzea. Zuberoa Biarno eta Euskal Herriaren artean da administratiboki...

Gogoeta hori bada, epeak hurbiltzen ari dira, eta guk ez dugu deus ere jakiten. Beharbada, ez dugu jakiten ez delako deus egina Zuberoarentzat, edo beharbada hilabete bat lehen jakinen dugu eta berantegi izanen da bihurtzeko edo mugitzeko. Uste dut azken bost urteetan, gutxienez, lurralde kolektibitatearen inguruan eta Zuberoak Euskal Herriaren barne egon nahian ez dugula amore eman. Batzuetan gogorki atxiki dugu, aitzineko prefetari pentsatzen dut bereziki. Uste dut Batera-k bere lana eginik, hautetsien sostengu eta berme azkarrarekin (Herri Elkargoa, bi kontseilari nagusiak, Mauleko auzapeza) posizioak aski argiki hartuak izan direla.

Arduradun politikoen artean bezalako kontsentsua ba da Zuberoako ekonomia munduan?

Ez hainbeste. So egiten badira egitura handiak, bai, Merkataritza Ganbera baita lantegien ahotsa, hura kasik aho batez lurralde kolektibitate baten alde da. Gero guneka-guneka sartzen bada, nekeago da lantegiez mintzatzea, zeren eta lantegi bat usu buruzagi bat da, eta buruzagi horrek usu baditu harreman anitz oraingo departamenduarekin eta oraingo eskualdearekin, eskumenak han baitira. Ez da aise enpresaburu bat mintzatzea ozenki eta plazaratzea bere ikusmoldea. Ni hautetsi izan gabe jadanik mintzatu nintzen horrela, eta ostikoak gibel fite jiten dira. Aise da politikari batek ekonomia atxikitzea, halako gizona ala emaztea ez haboro laguntzea, gaztigatzen ahal da. Hautetsiak, halere, orain ohartzen naiz, badu pisu gaitza.

Ekonomia eta politika bazter utzirik, euskararen egoera aipa dezagun. Hizkuntzaren geroaz aski ezkorra zara.

Ez dakit ezkorra naizen edo errealismoa den. Niri iduri zait euskara desagertzen ari dela beti, nahiz eta ikastolak izan, nahiz eta gau eskola baden... Ez da aski gizartean sarturik, zuberotarraren geroa segurtatzeko bederen. Hizkuntza lagundu behar da, Herri Elkargoan ontsa ari gara lanean, baina ez dakit indar hori aski denetz euskara berriz azkartzeko edo berpizteko. Niretzat, ez da biderik ofizialtasuna besterik.

Bukatzeko, 2014an herriko etxeetako hauteskundeak eginen dira. Zure bilanarekin konfiantzaz joanen zara?

Maulen politika hutsa egiten da nahiz eta guk eginahala egiten dugun hori galarazteko edo nahasteko. Nik erraten dut beti 3.300 biztanle den herrian —Euskal Herriko zazpi hiriburuak aipatzen badira deus ez gara gu— politika egitea niretzat indar galtzea dela, denbora galtzea. Baina Maule den bezala da, eta politika bozkatuko da anitz. Dena den, joan edo ez abenduan deliberatuko dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.