Rioko Olinpiar Jokoetan ariko dira Erbiti, Castroviejo eta Ion Izagirre

Londresen lehiatu ostean, bigarren Jokoak ditu Castroviejok. Debuta eginda, erlojupekoan ere lehiatuko dira Erbiti eta Izagirre Rion

Ion Izagirre, Erromandiako Itzuliko aitzin-etapan. LAURENT GILLIERON / EFE.
unai zubeldia
2016ko uztailaren 19a
00:00
Entzun
Bospasei euskal txirrindulari zeuden Espainiako selekzioaren hautagaien artean, eta hiruk parte hartuko dute, azkenean, Rio de Janeiroko Olinpiar Jokoetan, abuztuaren 6an (errepidekoa) eta 10ean (erlojupekoa). Javier Minguez Espainiako hautatzaileak atzo jakinarazi zuen bost txirrindulariko zerrenda, eta Imanol Erbiti, Jonathan Castroviejo eta Ion Izagirre sartu zituen Alejandro Valverde eta Joaquim Rodriguezekin batera. Movistar taldekoak dira lehen laurak, eta Katuxakoa Rodriguez.

Erlojupekoa lehiatzeko aukera izaten dute Espainiako selekzioko bost txirrindularietatik bik, eta Castroviejo eta Izagirre ariko dira jardun horretan. Ormaiztegiarra da Espainiako egungo txapelduna. Londresen lehiatu ondoren, bigarren Jokoak izango dira getxoztarrarentzat —bederatzigarren amaitu zuen erlojupekoa—, eta estreinakoa izango dute Izagirrek eta Erbitik. Emakumezkoetan, Ane Santesteban ariko da Espainiako selekzioarekin, eta, ondorioz, euskal herritarrak dira Espainiarekin lehiatuko diren sei txirrindularietatik lau.

Egutegi bete-betea izango dute hirurek, uztailaren 30ean Donostiako klasikoa lehiatu ondoren, biharamunean egingo dutelako Rio de Janeirora arteko bidaia, uztailaren 31n bertan. Oso gogorra da Rioko errepideko probako ibilbidea, eta Valverde izango da Espainiaren apustu argia. Gizonezkoek 256 kilometroko ibilbideari aurre egin beharko diote; lau itzuli emango dizkiote lehen zirkuituari, eta laugarren mailako zortzi koska izango dituzte tarte horretan. Azken zatian, berriz, hiru aldiz igo beharko dute Vista Chinesa lehen mailakoa (8,5 km, eta %5,7ko batez besteko aldapa). Helmugarako 25 kilometro faltako dira mendate hori azken aldiz igotzen dutenean. Bi zirkuitu horietan bertan, 130 kilometro izango ditu emakumezkoen errepideko probak.

Erlojupekoa ere, gogorra

Erlojupekoan, bi itzuli eman beharko dizkiote 29,6 kilometroko zirkuituari —bakarra emango diote emakumezkoek—. Kasu horretan, errepideko probaren lehen zatian igo beharko dituzten laugarren mailako bi koskei egin beharko diete aurre txirrindulariek itzuli bakoitzean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.