Ezarian. Zientzia. Argi aldian

Bagina ikusezinen kasua

Ana Galarraga -

2014ko maiatzak 29
Sexu-organoen eboluzioa aztertzen duten ikerketak analizatuta, datu harrigarri bat topatu dute hiru ikertzailek: azken 25 urteetan sexu-organoen eboluzioari buruzko 364 ikerketa argitaratu dira, eta haietatik ia erdietan (%49) aztertutako organoak arrenak bakarrik ziren; ikerketen %44tan bien sexu-organoak hartu dituzte aintzat, eta %8tan bakarrik dira emeen sexu-organoak ikergai nagusi. Harrigarria… eta argigarria.

PLOS Biology aldizkarian argitaratu dituzte emaitzak, eta zenbait ondorio ere atera dituzte. Ondorio nagusia, hau: sexu-organoen eboluzioa ikertu duten zientzialariek behin eta berriro baztertu dituzte emeak. Eta ez da iraganeko kontua, joera nabarmenagoa baita 2000. urtetik aurrera. Ezta ikertzaile gizonezkoena ere, ikerketa emakumezkoek sinatzen zutenean ere jokabide berbera izan dutela ikusi baitute.

Non dago, orduan, gakoa? Zergatik ez dituzte emeen sexu-organoak ikertu? Egileek hainbat hipotesi aztertu dituzte, adibidez, zakilak errazagoak direla ikertzeko baginak baino, kanpoan daudelako. Egileen ustez, ordea, hori aitzakia hutsa da, gaur egungo teknikekin ez baitago inolako eragozpenik gorputz barruko ehun bigunen egitura aztertzeko.

Arren sexu-organoak emeenak baino bitxiagoak, interesgarriagoak eta aipagarriagoak diren ustea ere aztertu dute. Hain zuzen, era askotako zakilak ezagutzen dira: arantzadunak, adarkatuak, luze-luzeak, kakodunak… Garbi dago, beraz, organo horrek eboluzio berezia izan duela, eta ez da harritzekoa ikertzaileen interesa piztu izana.

Alabaina, egileek frogatu dute emeen organoek zakilen pare eboluzionatu dutela, eta badirela bagina nabarmen eta bereziak. Esate baterako, armiarmek askotariko baginak dituzte, eta sekulako aldea dago espezie batetik bestera. Zapatari deitzen diogun uretako intsektua (Gerris gracilicornis) ere aipatzen dute artikuluan; izan ere, bagina itxi eta irekitzen duen ate bat du; eta horretaz baliatzen da nahi gabeko koitorik ez izateko. Beste espezie batzuek zaku edo biltegi bat baino gehiago dituzte baginaren barruan, eta gai dira nahi duten arraren esperma aukeratzeko, obulua ernaltzeko.

Alegia, nahikoa da baginei arretaz begiratzea, zakiletan adinako aberastasuna topatzeko itxuraren eta funtzionalitatearen aldetik. Egileen iritziz, horrek atzera botatzen du baginak (eta haien jabeak, emeak) ontzi huts gisa irudikatzen dituen ikuspuntua. Eta, hain justu, uste dute hori izan dela zientzialarien abiapuntua sexu-organoen eboluzioa ikertzen hasi zirenetik gaur egunera arte.

Horrenbestez, ikuspuntua aldatzeko aldarria egin dute hiru ikertzaileek PLOS Biology aldizkarian, eta gogoeta honekin amaitu dute artikulua: «Sexu bakarra aztertzen duten ikerketek ekuazio oso konplexu baten alde bakar bat ikertzeko arriskua dute, eta joera handiagoa izango dute sexuen artean gerta daitekeen dimamika koebolutibo konplexua gaizki ulertzeko. Halere, arren eta emeen sexu-organoen koeboluzioa aintzat hartzen duten ikerketek eragin handia izan dute animalien sexu-organoen funtzioa eta eboluzioa ulertzean».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna