Kindle berriak, liburu elektronikoen irakurgailuak

2011ko urriaren 12a
00:00
Entzun
Amazon etxeak bere liburu elektronikoen irakurgailuen modelo sorta berria aurkeztu du. Modelo berri hauetan, desagertu egin da irakurgailuak orain arte azpialdean zuen teklatu fisikoa. Hiru modelo berri dira guztira, eta horietako bik ukimen pantaila dute, Kindle Touch 3G, Kindle Touch eta Kindle moduan ezagutzen direnek. Lehendabizikoa 149 dolarrean dago salgai, eta 3G sareetara konekta daiteke; bigarrenak 99 dolarreko salneurria du, eta Wifi sareak erabiltzen ditu. Hirugarren modeloak, Kindle delakoak, wifia badakar, baina ez du ukimen pantailarik. 79 dolarrean salduko da iragarkiak txertatzen dituen modeloa, eta 109 dolarrean iragarkirik txertatzen ez duena, eta badirudi teklatu fisikorik ezean idaztea ez dela oso erosoa izango.

Azaroaren 21ean jarriko dira salmentan, oraingoz Ameriketako Estatu Batuetan bakarrik. Norbaitek Euskal Herritik Kindle berri hau erosi nahi badu, Bundlebox (http://www.bundlebox.com) edo horrelako zerbitzu bat erabili beharko du. Zerbitzu horrek AEBetan dagoen helbide bat eskaintzen du, eta bertara egindako produktu eskakizunak atzera norberaren «benetako» etxera bidaltzen ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.