Bartzelona 79. Baskonia 93

Bere onera itzuli da

Kanpoko lerrotik min eginda, Baskoniak oso garaipen garrantzitsua lortu du Euroligan, eta azken asteotako noraeza iragana dela erakutsi du

Andrea Bargnani Baskoniako jokalaria, Stefan Peno Bartzelonakoarekin lehian, atzo. ANDREU DALMAU / EFE.
unai zubeldia
2017ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Bartzelona. Rice (15), Navarro, Claver (1), Doellman (10), Tomic (2) —hasierako bostekoa—; Faverani (11), Vezenkov (14), Peno, Eriksson (6), Diagne (8), Koponen (6) eta Perperoglu (6).

Baskonia. Larkin (18), Hanga (14), Budinger (15), Tillie (13), Diop (4) —hasierako bostekoa—; Bargnani (6), Voigtmann (13), Sedekerskis (2), Beaubois (3), Blazic, Laprovittola (5) eta Luz.

Markagailua. 20-21, 43-53 (atsedenaldian); 63-83 eta 79-93.

Epaileak. Lottermoser, Jovcic eta Pastusiak. Bost faltarekin kanporatua: Bargnani.

Bestelakoak. 5.208 ikusle Bartzelonako Palau pabiloian.

Arriskutsua ari zen bihurtzen joera. Lehen itzuli zoragarria egin ondoren, Euroligako azken hiru partidak galduta zegoen Baskonia, eta zalantzaren bat edo beste sortzen hasita zegoen taldearen inguruan. Sentsazioek sortu zuten ezinegona; jokalarien jarrerak. 98-89 galdu zuen Darussafakaren kantxan; 92-62 Olympiakosenean; eta Izar Gorriak astindua eman zion joan den astean Buesa Arenan (69-87). Erreakzioa behar zuen egoera zail horrek, eta zaurituta zegoen taldeari kolpe handia emanda berrindartu zen atzo Baskonia. Gasteiztarrek 79-93 astindu zuten Bartzelona.

Kataluniarrak izugarri ari dira sufritzen Euroligan, zortzi garaipen eta hamabi porrot pilatuta, eta oldarkortasunari kanpoko lerroko kalitatea gehitzea nahikoa izan zen arabarrek aurkaria noraezean uzteko. Baskoniak hiruko lau jaurtiketa saskiratu zituen lehen laurdenean —Larkinek lan bikaina egin zuen lehen erdian—, eta bost bigarrenean. Hamasei saiakera eginda, bederatzi barrura —hamabi sartu zituen guztira—. Vesenkoven hirukoarekin, 40-40 iritsi ziren bigarren laurdenaren amaierara, baina, hiruko festarekin, 3-13ko partzialarekin iritsi ziren atsedenaldira (43-53). Eta partzial hori areagotu egin zen aldageletatik bueltan (43-60).

Voigtmannen gozatua

Fisikoki askoz ahulago eta sistemak gauzatu ezinik, euren onetik aterata zeuden Bartzelonako jokalariak, eta entrenatzaileak ez zien askorik lagundu. Epaileek teknika adierazi zioten Georgios Batzokasi, eta Voigtmannen uztaipeko gozatua iritsi zen atzetik. Larkin eta Laprovittola jokoa antolatzen, eta alemaniarra saskia birrintzen; horrela iritsi ziren azken laurdenera (63-83). Sutan zeuden Bartzelonako zaleak, eta askok eta askok etxerako bidea hartu zuten azken laurdenaren zain egon gabe.

Lanaren zatirik handiena eginda, gasteiztarren tentsioak behera egin zuen azken hamar minutuetan, eta kataluniarrek markagailua leuntzeko baliatu zuten aukera (79-93). Panathinaikosek, Darussafakak eta Anadolu Efesek galduta, jardunaldia biribila izan zen arabarrentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.