Baskonia 71. Real Madril 79

Erraldoia agertu da

Baskoniak amore eman behar izan du Euroligan, Real Madrilen aurka, eta bi garaipeneko tartea dauka orain bederatzigarren sailkatuarekiko

Diop Baskoniako jokalaria eta Hunter Real Madrilekoa lehian, atzo, Buesa Arenan. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
unai zubeldia
2017ko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Baskonia. Larkin (5), Hanga (12), Budinger (4), Tillie (4), Voigtmann (10) —hasierako bostekoa—; Laprovittola (8), Bargnani (5), Sedekerskis, Beaubois (20), Blazic eta Diop (3).

Real Madril. Llull (7), Taylor (16), Maciulis (3), Randolph (9), Ayon (11) —hasierako bostekoa—; Draper (2), Nocioni, Doncic (16), Carroll (2), Hunter (7) eta Thompkins (6).

Markagailua. 15-16, 36-39 (atsedenaldian); 52-59 eta 71-79.

Epaileak. Radovic, Boltauzer eta Foufis. Bost faltarekin kanporatuak: Larkin eta Beaubois.

Bestelakoak. 13.735 ikusle Gasteizko Buesa Arena pabiloian.

Llullek jokoa maisuki gidatu, Randolphek uztaipean txikizioa eragin, Ayonek erratza pasatu... eta Doncicek aste osoan jokaldirik onenen atalean sartzeko moduko saskiratzeak eskaini. Erraldoi handia da Real Madril, eta Baskoniak ezer gutxi egin ahal izan zuen atzo. Gasteiztarrek ez zuten jokatu partida onik, defentsako lanean oso ahul aritu ziren, eta erreakzio oro ezerezean utzi zuen 18 urte betetzear den jokalari batek. Ez sinestekoa da Doncicek kantxan egiten duena. Datozen egunetan batean eta bestean agertuko da laugarren laurdenean bi hanken artetik baloiari botea emanez saskiratzea lortu zuen jokaldia. Bultza eta bultza aritu arren, nahikoa eroso nagusitu zen Real Madril (71-79).

Ondorio zuzen bat utzi du atzoko porrotak: bi garaipenera murriztu da bederatzigarren sailkatuarekiko aldea —Anadolu Efes Izar Gorriaren kantxan irabazteko gai izan zen atzo—. Hamar garaipen dauzkate Anadolu Efesek eta Darussafakak, eta hamabirekin daude Izar Gorria, Panathinaikos eta Baskonia. Bederatzi jardunaldi falta dira, oraindik, Euroligako lehen ligaxka amaitzeko, baina gasteiztarrek lehenbailehen eten beharko dute bolada txarra, galdu egin dituztelako Euroligan jokatutako azken bost partidetatik lau.

Defentsako lanean, bigun

Sekretu gutxi dauka saskibaloiak. Defentsako lanak ematen du, gehienetan, erasoan gozatzeko aukera, eta Baskonia oso bigun aritu zen atzo alor horretan. Azken bi laurdenetan bereziki, Real Madrilek oso eroso jokatu zuen erasoan, eta bekatu handia da hori Euroligako sailkapen buruan dagoen taldearen aurka. Laprovittolaren hirukoarekin, 36-39 iritsi ziren atsedenaldira, baina Ayonek eta Taylorrek hautsi zuten partida, aldageletatik bueltan erasoan asmatuta (38-48).

Hiruko lerrotik, Voigtmannek eta Hangak hainbestean eutsi zioten Real Madrili (52-59), baina Doncicen azken laurdeneko erakustaldia falta zen artean. Baskoniako zale asko txaloka jarri zituen esloveniarrak. Erreakziorik gabe, merezita galdu zuen Baskoniak (71-79).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.