Eremu mistoko euskarazko irakaskuntza murrizteko, zuzenketa aurkeztu du PPk

D ereduaren eskaintza publikoa eremu ez-euskaldunekoaren pare jarri nahi du.

Ikastolek eskariari erantzuten dietela argudiatu du Zarranzek
PSN, Geroa Bai eta Ezkerrak urrian erregistratu zuten lege proposamena.
PSN, Geroa Bai eta Ezkerrak urrian erregistratu zuten lege proposamena. I.U. / ARP

Erredakzioa -

2014ko abenduak 31
Nafarroan euskarazko hezkuntza publikoa eremu ez-euskaldunera zabaltzearen aurka agertu da PP, eta horretarako eremu mistokoa murriztea proposatu du. Euskararen legea aldatuz D eredua hedatzeko asmoz PSNk, Geroa Baik eta Ezkerrak Nafarroako Parlamentuan aurkeztutako lege proposamenari zuzenketak egiteko epea amaitu zen atzo, eta eskaera horixe egin zuen PPk: eremu ez-euskalduneko egoera «dagoen bezala» uzteko, eta eremu mistoko hezkuntza eskaintza ez-euskaldunekoarekin parekatzeko.

Ofizialtasuna erabili du argudio gisa PPko parlamentari Amaia Zarranzek: «Euskara ez da ofiziala eremu mistoan, ezta eremu ez-euskaldunean ere, eta ez luke desberdintasunik egon behar bi zonetako herritarren artean». Hartara, bi zuzenketa egin dizkio legea aldatzeko proposamenari: lehena, 26. artikulua moldatzearen aurka, D eredua eremu ez-euskalduneko sare publikora ez hedatzeko; bigarrena, eremu mistoko hezkuntzari buruzko 25. artikulua aldatzeko, euskarazko eskaintza eremu ez-euskaldunekoaren berdina izan dadin.

Eskaria izan du ahotan Zarranzek, eremu mistoan ere hautu hori azaltzeko: «Eskariaren araberakoa da euskarazko irakaskuntza, eta, eremu ez-euskaldunean gertatzen den bezala, itunpeko ikastolek betetzen dute hori. Beraz, eremu mistoan ere ez litzateke beharrezkoa izango zentro publikoetan D eredurik egotea, eskaririk ez bada».

PPk euskararen legearekin izandako ildoa berretsi du parlamentariak: «Arauak ondo funtzionatu du 30 urtean. Ez dago aldatzeko beharrik. Nahi duenak ikasten eta erabiltzen du euskara». UPNk aurkeztutako zuzenketak babesteko prest agertu da.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna