Kanporatutako lankideen alde

Elkarretaratzea egin dute, hirugarrenez, Iruñeko Amma Argarai egoitzako langileek. Bi kaleratu dituzte. ELAkoa da bat. Sindikatuak baldintzak salatu, eta baliabideak eskatu ditu.

Amma Argaraiko langileek elkarretaratzea, atzo. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
edurne elizondo
Iruñea
2015eko abuztuaren 7a
00:00
Entzun
Iruñeko Amma Argarai zentroko langileek ez dute amore eman nahi. Uztailean, zaharrentzako egoitza horretako bi behargin kaleratu zituen enpresako zuzendaritzak, eta txostena zabaldu zien bertze zazpiri. Atzo, karrikara atera ziren hango langileak, hirugarrenez, zigorrak eta kaleratzeak bertan behera utz ditzatela eskatzeko. ELAk egin zuen deialdia, sindikatu horretako ordezkaria baita kaleratutako bi beharginetako bat.

ELAko arlo soziosanitarioko arduradun Josetxo Mandadok argi du sindikatuko kide izateagatik kanporatu dutela, sindikatuko ordezkari gisa egiten ari zen lanagatik: «Gure sindikatuak Nafarroako Gobernuaren aurrean salatu zituen, otsailean, Amma Argarai zentroan zeuden arazoak; lantaldea ez da nahikoa, ez daude behar diren giza baliabideak, ez eta baliabide teknikoak ere».

Mandadok argi du ezin dela lan gehiago egin baliabide gutxiagorekin. Azaldu du langileak ahalik eta zerbitzurik onena ematen saiatu direla beti, baina erantsi du lan baldintzek eragina izan dutela egoitzako zaharrek jasotzen duten arretan. «Eskaintzen den zerbitzuari eragin dio egoerak, halabeharrez». Gaineratu du enpresak ez dituela langileen funtzioak eta lantaldeen kopuruak errespetatu. «Kontratuan zehaztutako baldintzak ez dira betetzen».

63 ohe, itunduak

Amma Argarai egoitzak 200 pertsonarentzako tokia du. «Zentroko gehienek erabateko menpekotasuna dute; etengabeko arreta behar dute», zehaztu du Mandadok. Gogoratu du Nafarroako Gobernuak ituna sinatua duela egoitzarekin, eta 63 ohe zuzendaritzarekin itunduak dituela.

Hori dela eta, esku hartzeko eskatu dio ELA sindikatuak Nafarroako Gobernuko Gizarte Politiketarako Lehendakariordetzari. Miguel Laparra da presidenteordea. Harekin bilera egin nahi dute ELAko kideek. «Gobernuak dirua jartzen badu, parte hartu beharko luke auzian. Erregistroaren bidez egin dugu eskaera Laparrarekin bilera egiteko, baina oraindik ez dugu haren erantzuna jaso», azaldu du Mandadok.

Duela urte eta erdi Amma Argarai egoitzako zuzendaritzan aldaketak izan ziren. Orduan hasi ziren arazoak, ELA sindikatuko ordezkariaren hitzetan. «Zuzendari berria izendatu zuten, eta geroztik egoerak okerrera egin du». Enpresak «inposizioaren bidetik» jo duela salatu du. Kanporatzeak eta zigorrak jarri ditu horren adibide. Eta hori salatzeko atera ziren atzo langileak karrikara, hirugarrenez. Ez dira kexatzen bakarrak izan. Zentroko pertsonen senideek ere erakutsi dute haserrea, ELAko kideak dioenez. «Nafarroako Gobernuari helarazi dizkiete kexak familiek ere».

Enpresak ez du sindikatuarekin bat egin. Langileak haien lana ongi ez egiteagatik kanporatu zituztela azaldu dute zentroko arduradunek, eta ukatu dute ELA sindikatuko kide izateagatik kaleratu dituztela. Kontratuan zehaztutako baldintzak betetzen ari direla erantsi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.