Iruñeko Udalak Nagore Laffage omenduko du sanferminetan

Astelehen Lilak taldearen eskaerekin bat egin du erakundeak.Uztailaren 5eko Gazteluko plazako elkarretaratzean ere parte hartuko du

edurne elizondo
Iruñea
2015eko ekainaren 24a
00:00
Entzun
2008ko sanferminetan hil zuen Jose Diego Yllanesek Nagore Laffage. «Ezetz errateagatik hil zuten nire alaba», nabarmendu zuen Laffageren ama Asun Casasolak atzo, Iruñean. Iruindarren babesa eskertu zuen, Astelehen Lilak taldearekin egindako agerraldian. «Haien elkartasuna sumatu dut beti». Iruñeko Udalaren babesa ere eskertu zuen atzo. Astelehen Lilak taldearen eskaerekin bat egin du erakunde horrek, eta, lehendabiziko aldiz, Laffage omenduko du, sanferminetan.

«Merezi izan du azken urteotan egin dugun lanak; azkenean, aurrera egin dugula erran dezakegu». Astelehen Lilak taldeko kide Tere Saezek erran zituen hitzok, atzoko ekitaldian. Garrantzitsutzat jo zuen udalak beren eskaerak onartu izana. «Urrats garrantzitsua da eraso sexistarik gabeko bestak lortzeko bidean», nabarmendu zuen.

Batetik, Iruñeko Udalak bat egin du uztailaren 5ean eginen duten elkarretaratzearekin. Gazteluko plazan izanen da, 12:00etan. Laffage omenduko dute ekitaldi horretan, urtero bezala. Bertzetik, uztailaren 7an, udalak berak gogoratuko du sanferminetan hildako gaztea. Egun horretan, morez argiztatuko dute udaletxeko aurrealdea, eta kolore bereko xingola jarriko dute, Ezetz ezetz da leloarekin batera.

Besta programan ere bai

Udalak hartu du bertze konpromisorik. «Txupinazoaren egunean, Astelehen Lilak taldeko kideak eta Laffageren familia izanen dira udaletxean», azaldu zuen Saezek, atzo. Gainera, sanferminetako programetan gogoratuko du udalak Nagore Laffage, eta eraso sexisten aurkako testu bat ere jasoko du. «Denok dugu bestaz gozatzeko eskubidea», erran zuen Tere Saezek.

Mezu bera nabarmendu zuen Casasolak. Onartu zuen sanferminak «egun zailak» izaten direla familiarentzat. «Guk Nagore galdu dugu, eta hori ez da aldatuko. Bertze inoiz ez dadila halakorik gertatu».

Berdintasunaren aldeko mezua zabaldu zuen Tere Saezek atzo. Sanferminetarako, eta oro har. Ildo horretan, Iruñeko Udalak Elena Tabernaren Nagore filma ikastetxeetan erabiltzeko asmoa agertu duela azaldu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.