Umeak nahi duen tokian

Eusko Jaurlaritzak eskubidetzat jo du titia toki publikoetan ematea, bere osasun sistemako betebeharren eta eskubideen gutunean. Edoskitzearen alde egin nahi du Osasun Sailak.

Bi emakume beren umeei bularra ematen, karrikan. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS.
edurne elizondo
2015eko abuztuaren 16a
00:00
Entzun
Ugaztunak gara; titia ematea, beraz, berezkoa dugu. Guk ez badugu gela batean itxita jaten, gure seme-alabek zergatik egin beharko lukete? Bularra eman nahi duen emakumeak ez du zertan ezkutatu; ez da deus txarrik egiten ari». Miriam Delgado Sanchezenak dira hitzak; denda begano baten jabea da Delgado Sanchez, Gasteizen, eta edoskitzeari buruzko informazioa ere ematen du. Txalotu egin du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak edoskitzeari buruz hartu duen erabakia: emakumeek titia toki publikoetan ematea eskubide gisara onartu baitu Jaurlaritzak, osasun sistemako betebeharren eta eskubideen gutunean. Titia emateko eskubidea gutunean jaso izana urrats garrantzitsua dela uste du Delgado Sanchezek. «Balio izango du bularra jendaurrean ematea normalizatzeko. Titia ematea erabat naturala da, eta ez du inolako zentzurik ezkutatu edo debekatu nahi izateak».

Ugaztunek edoskitzea berezko dutela eta naturalena hori dela iritzita, edoskitzeari buruzko jarduerak sustatzen dihardu Delgado Sanchezek. Alma Vegana izeneko denda zabalduko du bihar Gasteizen. Produktu beganoak saltzeko espazio bat baino gehiago izanen da. Edoskitzeari tarte berezia eskaini nahi diote. «Aholkulariak izanen ditugu, hitzaldiak emateko, edoskitzeari eta lotura oinarri duen hazkuntzari buruz. Gainera, emakume taldea sortu nahi dugu, ahalduntzeari, elikadurari eta bertze hainbat gairi buruz hitz egin ahal izateko».

Azkeneko urteetan sortu dira arazo batzuk, hainbat emakumeri debekatu egin izan dietelako haien seme-alabei titia ematea jendaurrean. 2013. urtean, adibidez, eztabaida piztu zen Bizkaian. Erandioko igerilekuetan, lehendabizi, eta Bilboko Alondegian, gero, bularra ematen ari ziren hiru andre kanporatu egin zituzten. Igerilekuan, debekatua zegoela akinarazi zion sorosle batek semeari bularra ematen ari zitzaion emakume bati. Alondegian, berriz, bi emakume kanporatu zituzten, edoskitzerako gelatik at ari zirelako titia ematen. Gertaera horiek haserrea eta kexua eragin zuten, bai eta emakumeen protestak ere.

Ez hori bakarrik. Halako egoerak saihesteko asmoz, neurriak hartzen hasi ziren hainbat udal. Bilbokoak, adibidez, edoskitze geletatik at ere haurrei bularra ematea baimendu zuen, 2013. urte amaieran. Hau da, udalaren eskumeneko instalazio guztietan bularra emateko aukera izanen zela bermatu zuen.

Eusko Jaurlaritzak egin du orain edoskitzearen aldeko urratsa, eta titia jendaurrean ematea emakumeen eskubidetzat jo du Osasun Sailak bere gutunean. Idatzi horretako bederatzigarren artikuluak jaso du gaia. Sexu eta ugaltze osasunari buruzko artikulua da. Zehazten du emakumeek badutela eskubidea edoskitzeari buruzko informazioa jasotzeko, eta haren aldeko hautua egiteko, nahi duten tokian.

Neurri horren bidez, edoskitzea bultzatu nahi du Eusko Jaurlaritzak. «Haurrek behar dutenean hartu behar dute titia, eta emakumeak ez du zertan momentu hori atzeratu, etxean edo bertze esparru pribaturen batean ez dagoelako», nabarmendu dute Osasun Saileko iturriek. Edoskitzea amentzat eta umeentzat ona dela erantsi dute: «Titia emateko eskubideak zalantzazko edozein konbentzionalismo sozialen gainetik egon behar du beti».

Genero ikuspuntua ere landu du Osasun Sailak, azaldu dutenez. Gutunak berdintasunaren alde egin du bere oinarrietan, eta sexu bazterketaren kontra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.