Angel Garcia Larraz. Idazlea

«Fededunak eta Eliza ez dira gauza bera»

'El ateismo es como un don de Dios' (Ateismoa Jainkoaren dohain baten gisakoa da) liburua plazaratu berri du Angel Garcia Larraz 'Galabary' idazle nafarrak, Pamiela argitaletxearekin.

edurne elizondo
Iruñea
2015eko ekainaren 21a
00:00
Entzun
Irakurlearen gogoeta piztu nahi du Angel Garcia Larraz Galabary idazleak (Azkoien, Nafarroa, 1946) bere lan berriarekin. El ateismo es como un don de Dios. O cómo ser ateo y no morir en el intento (Ateismoa Jainkoaren dohain baten gisakoa da. Edo nola izan ateoa eta bizirik iraun) izena du, eta erlijio gerrek eragindako hildakoei eskaini die egileak: «Jainkoaren eskutik abandonatua egotea onartzen duena da ateoa».

Erlijio katolikoaz ari zara liburuan. Fededun izan edo ez Eliza bere erritoen bidez guztion egunerokoan sartzen dela erran duzu. Zu ere harrapatu zintuen Elizak errito horietan?

Bai, noski. Bataiatu ninduten, lehen jaunartzea egin nuen, eta elizan ezkondu nintzen. Nire garaian zaila zen halakoei ihes egitea, eta, oraindik ere, Elizak duen eragina handia da.

Fededun izan edo ez, jainkoaren inguruko eztabaida beti dago mahai gainean?

Bai. Duela gutxi izan dugu horren adibide bat. Udalak osatu berri dira, eta Galizian, hainbat alkatek uko egin diote erlijio ekitaldi batean parte hartzeari, eta sekulako zalaparta eragin du horrek. Hemen ere, bada eztabaida horren inguruan; Iruñeko udalbatzak parte hartzen du sanferminetako prozesioan.

Ez luke parte hartu beharko?

Konstituzioak dio estatu laiko batean bizi garela. Baina hori ez da betetzen. Nik ez diot erranen Iruñeko alkateari ez parte hartzeko, baina iruditzen zait gauzak egiteko hainbat modu daudela. Beharrezkoa al da, adibidez, besta jantzia eramatea? Prozesioan parte hartu nahi badute, zergatik ez dira joaten herritarrekin?

Elizaren erritoek harrapatu zintuztela erran duzu. Noiz gertatu zen haustura?

Aspaldi. 60ko hamarkadan edo. Ni konturatu nintzen jainkoaren ideia baino garrantzitsuagoa zela niretzat familia, lana, borroka, demokrazia lortzea. Hala ere, nire eta erlijioaren arteko harremanean beti nagusitu da axolagabetasuna. Ateoa naiz; ez, ordea, antiteista. Niretzat, Jainkoaren eskutik abandonatua egotea onartzen duena da ateoa. Halaxe nago ni, eta gustura.

Fedea eta Eliza bereizi behar dira?

Nik uste dut baietz. Zintzotasunez ari diren fededunak eta multinazional bilakatu den Eliza ez dira gauza bera. Jainkoaren ordezkari bakartzat jo du Elizak bere burua. Finean, Elizaren inguruko kontuez ari garenean, fedeaz baino gehiago botereaz ari gara.

Nafarroan Opus Deiren unibertsitatea dugu. Nabarmena da, oraindik ere, botere hori?

Nik uste dut baietz, oraindik ere Opus Deiren eragina handia dela gure herrialdean. Eragin hori zabaltzen jarraitzeko taldeak dituzte, gainera. Hamaika tokitan dago erakunde hori, eta botereari eustea da haren asmoa.

Aspaldi utzi zenuen Jainkoa atzean; zein da orain zure gogoetak liburu batean jasotzeko arrazoia?

Gai honi buruzko nire gogoetak ez dira oraingoak. Auzi horri beti eutsi diot, eta beti defendatu dut nire ateismoa bertzeen aurrean. Aspaldikoa da nire jarrera hori, eta, horregatik, hain zuzen, denbora luzez pentsatutakoak eta aztertutakoak liburuan jasotzeko garaia zela iruditu zait.

Zientziaren eta erlijioaren arteko gaia ere jorratu duzu.

Harrigarria da, oraindik ere, zenbat pertsonak ukatzen duten eboluzioaren teoria; zenbat pertsonak defendatzen duten, oraindik ere, kreazionismoaren ideia. Zientziak hamaika urrats egin ditu aurrera. Ez du inolako zentzurik zientziaren bide horri so egin beharrean oraindik ere gure sorburua Adam eta Eva direla pentsatzeak.

Fededunentzako edo federik ez dutenentzako liburua al da zurea?

Irakurri nahi duen ororentzat idatzi dut. Baina ez dut fededunak ateo bilakatzeko esperantzarik, ez da hori liburu honen asmoa. Nire helburua da irakurtzen duen horrengan gogoeta piztea, pentsaraztea. Ateo garenok ere sinesten dugu. Gizarte berean bizi gara, eta gizarte honek ematen dizkigun hamaika gauzatan sinesten dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.