Inoizko liga hasierarik onena osatu du Realak

Jokatutako sei partidak irabazi ditu talde txuri-urdinak, eta lider dago Bartzelonarekin batera. Batez ere aurrealdean ari da nabarmentzen

Realeko jokalariak Rayori sartutako goletako bat ospatzen. REALA.
ainara arratibel gascon
2021eko urriaren 12a
00:00
Entzun
Udan hamar jokalarik taldea utzi ostean, zalantzak zeuden Realaren inguruan. Baina Natalia Arroyoren taldeak berehalakoan uxatu ditu, liga hasiera ikusgarria eginda. Txuri-urdinek jokatutako sei partidak irabazi dituzte.

Azken norgehiagokan, igandean, Rayo hartu zuten mendean:1-3. Sanni Franssi eta Amaiur Sarriegi (2) izan ziren golegileak. Hain zuzen ere, aurreko denboraldian bezala, zelai erditik aurrera egiten ari den jokoarengatik ari da nabarmentzen Arroyoren taldea. Nerea Eizagirrek, Sarriegik eta Franssik osatutako hiruko ikusgarri ari da.

Eizagirrek orain gutxi berritu zuen kontratua Realarekin, eta kapitain besokoa duela, taldeko liderra dela berretsi du. Sarriegik, berriz, aurreko denboraldi amaieran egindakoari jarraipena eman dio. Aurkariaren atea begiz joa duen jokalaria da, eta gol sen ikusgarria du. Franssik, berriz, lanarekin asko ematen dio taldeari.

Baina aurrealdeko eraginkortasunari atzealdean sendotasuna gehitu dio. Oso atzealde gaztea izanda, gainera, atetik hasita. Adriana Nanclares eta Elene Lete etorkizun handiko atezainak direla erakusten ari dira. Min hartuta egon eta gero, Nanclaresek asteburuan egin zuen debuta denboraldi honetan. Gol bat jaso arren, ondo aritu zen. Letek, berriz, segurtasun handia eman zion taldeari aurreko neurketetan. Biak ziurtasun handiz ari dira betetzen Quiñonesek utzitako lekua. Atzeko lerroan, berriz, Nuria Rabano eta Ana Tejada aurreko denboraldian bildutako esperientzia baliatzen ari dira.

Fitxaketa berriak ere ondo ari dira funtzionatzen. Iris Arnais, adibidez, taldearen iparrorratza da zelaian, eta Emma Ramirez sakontasuna ematen ari zaio eskuin hegaletik.

Horri esker, markagailua estu dagoenean, horri eustea lortzen ari da. Arroyo poza kabitu ezinik zen neurketa amaitzean. «Une batzuetan baloiari erritmoa ematea falta izan zaigu, baina gauza asko egin ditugu ondo. Ez da soilik bolada kontua irabaztea».

Hurrengo partida etxean jokatuko dute, Levanteren kontra, igandean (16:00). Herrialde Katalanetako taldea Txapeldunen Ligarako sailkatzeko hautagai sendoetako bat da.

Igandean jokatu zuten beste euskal taldeen kasuan, 0-0 berdindu egin zuen Athleticek, Sevillaren zelaian. Espero bezala, partida parekatua izan zen. Puntuak goiko postuei begira jarraitzeko modua ematen die zuri-gorriei. Igandean dute hurrengo neurketa, Realak bezala, etxean eta 16:00etan. Igo berri den Vila-real izango dute aurrean. Eibar, berriz, esku hutsik bueltatu zen Real Madrilen zelaitik, nahiz eta aurrea hartu zuen markagailuan. Mirian Rodriguezek egin zuen gipuzkoarren gola. Igandean, 11:30ean, Betis hartuko dute Unben. Madrili egingo dio bisita Alavesek (12:00)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.