Ertzaintzak 'mozal legea' ezarri dio Hala Bediri

Irrati libreko kazetari baten aurkako salaketa jarri du Segurtasun Sailak, Errekaleorren argindarra moztu zuten egunean izandako liskarrengatik

Errekaleorreko argindarra moztu zuten eguna. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Jon Rejado.
Gasteiz
2017ko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Ertzaintzak 602 euroko isuna jarri dio Hala Bedi irratiko kazetari bati, mozal legea baliatuta. Aurtengo maiatzaren 18ko gertakariengatik jarri zion salaketa, Gasteizko Errekaleor auzoko argindarra moztu zuten egunean; ordea, berriki jakinarazi diote isuna kazetariari. Hala Bedi irratiak aditzera eman du ez duela ordainduko. Nabarmendu du Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak jarritako salaketa argudio «faltsuetan» oinarrituta dagoela, eta «desobeditzeko zilegitasuna» duela aldarrikatu du. Etorkizunean auzitara ere joko duela jakinarazi du.

Segurtasun Sailak jarritako salaketa mozal legean oinarritzen da, baina ez dio erreferentzia zuzenik egiten kazetariaren jardunari. Salaketan azaldutakoaren arabera, Poliziak auzoaren inguruan jarritako hesia gainditu zuen kazetariak, eta, gero, «indarrez oldartu» zitzaien barruan zeuden ertzainei. Alegia, leporatu dioten arau haustea desobedientzia edo agintaritzari aurre egitearekin lotuta dago.

Hala Bedi irratiak agiri bidez salatu du «faltsuak» direla Segurtasun Sailak baliatutako argudioak, eta erantsi du zigortutako kazetaria informatzen ari zela, kreditatuta. «Isunaren bitartez, beren jokabidea zuritu nahi dute; argudiatu nahi dute jarritako zigorra ez dagoela lotuta han egin genuen lanarekin». Gogora ekarri dute Jaurlaritzak konpromisoa hartu zuela mozal legea ez aplikatzeko. Horregatik hausnartu du azken asteotako salaketa «Poliziaren gehiegikeriak ezkutatzeko helburuarekin hartutako neurri bidegabea» dela.

Hala Bedik argudiatu du ez dagoela frogarik isunean agertzen diren gertakariak egiaztatzeko. Halaber, gaineratu du Ertzaintzak ezabatu egin zuela Gasteizko irrati librearen bertsioa berresten zuen dokumentua: kazetariak sakelako telefonoarekin grabatutako irudiak.

Hasi aurretik, barruan

Irrati libreak azaldu du maiatzaren 18a baino lehen Eusko Jaurlaritzaren asmoen berri zuela; hots, bazekien Errekaleorreko argindarra moztuko zutela. Polizia auzo okupatura heldu eta ingurua hesitzen hasi baino lehen, irratiko bi kazetari zeuden han, zigortutakoa barne. «Hedabide gehienek hesiaren beste aldetik kontatu behar izan zuten guztia; Hala Bedi izan zen gertatzen zena barrutik kontatu ahal izan zuen bakarra». Ordea, gaineratu du ertzain baten indarkeria jasan zutela informatu nahi izateagatik.

Maiatzaren 18aren ostean heldu zitzaion salaketa irrati libreari. Orduan jakinarazi zuen publikoki ertzain batek Hala Bediko kideak bultzatu eta jo zituela; areago, horren ondorioz kazetarietako batek grabatzeko zerabilen sakelako telefonoa apurtu zela. Kazetariak kreditazioa erakutsi, eta identifikazio zenbakia eskatu zion ertzainari. Ertzainak, kreditazioa kendu, eta nortasun agiria eskatu zion. Ertzainak, azkenik, paperak itzuli eta identifikazio zenbakia eman zien; hori egitean, kazetariek azaldutakoaren arabera, poliziak mehatxatu egin zituen.

Hala Bediko kideak herenegun batzartu ziren, eta isuna ez ordaintzea erabaki dute. «Lege bidegabea den heinean, desobeditzeko zilegitasuna dugula uste dugu». Halaber, auzibide bat abiarazteko asmoa ezagutarazi dute. Mozal legeak kazetarien jardunari ez ezik herritar guztiei eraso egiten diela uste dute Hala Bediko kideek. «Mozala jarri nahi diote gure lanari, gure informatzeko eskubideari, baina ez gaude prest horretarako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.