Laguntzak eskatu dituzte euskaraz ikasi ahal izateko

Eremu ez-euskalduneko guraso talde batek 700 sinadura aurkeztu ditu gobernuan.Euskararen legea hutsean uzteko garaia dela erran dute

edurne elizondo
Iruñea
2015eko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Bertze anitzetan eskatu dutenaaldarrikatu zuten Nafarroako eremu ez-euskalduneko gurasoek atzo ere: laguntzak nahi dituzte beren seme-alabak bertze herri batera eramateagatik, euskaraz ikas dezaten. Nafarroako Gobernuan gerta daitekeen aldaketaren harira jarri zuten Larragako, Mendigorriako eta Artaxoako gurasoek eskaera mahai gainean, berriz ere: «Lehendabiziko aldiz, entzunen gaituztela espero dugu. Bada garaia euskararen legea bertan behera uzteko», erran zuen Mendigorriako Eunate Lopezek.

Hiru alaba ditu Lopezek. Garesera eramaten ditu, egunero, hango ikastetxe publikoan euskaraz ikas dezaten. «Guk nahi dugu gure haurrek herrian bertan izan dezatela aukera euskaraz ikasteko; ezin bada, gutxienez jantokia eta garraioa ordaintzeko laguntza jaso behar dugula uste dugu».

Lopezek gogorarazi zuen ezen, euskararen legea aldatu eta gero, jasota dagoela eremu ez-euskaldunean euskaraz ikasteko eskubidea. «Baina ez da gauzatu. Ezta garatu ere. Aurreko dekretuak daude indarrean. Landa eremuan lerro berriak zabaltzeko hamabost haur behar direla diote, eta hori ezinezkoa da».

Sortzen-ek babesa agertu zien atzo eremu ez-euskalduneko gurasoei. «Euskararen legea bertan behera uztea izan dadila gobernu berriaren lehenengo neurria», eskatu zuen elkarteko kide Sergio Iribarrenek. Erantsi zuen zonifikazioak ez duela zentzurik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.