Pastor
DARWIN ETA GU

Dialektoak

2016ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Nemesio Etxanizek euskarari lotutako paisaia goibela deskribatu zuen Oh! Euzkadi aldizkarian 1980an argitaratutako elkarrizketan: «Orixe etorri zitzaigun Comillasera hamabi urte genituela, jesuita, artean meza emateke. Ordurako entzuna genuen Orixe bazela, euskerazko gauzetan oso abanzatue. Baina euskeraz beti kontu tristeak sermoiak eta, besterik ez zegoen. Elizakoak beti». Apaiza izan arren, idazle azkoitiarrak gogor kritikatzen zuen gure hizkuntzaren inguruan zegoen elizaren itzala, mugak ezartzen zituen moral estua. Hizkuntzak garbia behar zuen, eta gai zikinik gabea. Gerra osteko literatura testuetan euskara triste egoten zen. Liburuetatik kanpo ere, malkoz eta negarrez. Euskarak ez zuen irribarrerik egiten.

Euskarak irribarre gehiago egiten du orain, baina irribarre hori herabe samarra da, lotsatia. Batzuetan beldurtia ere izan daiteke. Oraindik ez du barre algaraka hasteko indarrik; are gutxiago motiborik. Hauspoa eman behar zaio. Legeak, arauak eta abar onartu dituzte, aurrera egin da, baina orain arte ez da nahikoa izan. Pazientzia eskatzen zaigu. Euskarak ardura ez dion jendea geureganatu behar omen dugu. Nola? Euskaldunen irribarre goxoa erakutsiz beti. Nolatan izango da euskaldunen irribarrea goxo eta atsegina, euren hizkuntzaren irribarrea oraindik herabea, lotsatia, beldurtia bada?

Euskaldunon ezpainetan kezka dago. Kexatzen ari garela diote, sarri. Ez al dugu motiborik? Luze ez dela, bazegoen jendea euskarari dialektoa izatea leporatu eta barre egiten ziona. Mespretxuz. Batzuek hitz hori erabiltzen dute, ezjakintasunez. «Euskara Espainia iparraldeko dialektoa da, ezta?». Neska italiarra da. Jatetxe baten ardura du, Txileko Santiagoko auzo chic batean. Dialektoz mintzo da jaio zenetik. Berak ez daki, antza. Edo baldin badaki, arazorik ez. Beste batzuek barre egiteko, adarra jotzeko erabiltzen dute dialekto hitza. Luis uruguaitarra New Jerseyn bizi da. Gurasoak galiziarrak zituen. «Brasileiro-a galizieraren dialektoa dela esaten diet AEBetako lagun brasildarrei adarra jo nahi diedanean».

Euren hizkuntzek beste hizkuntza batean dute jatorria, baina ez omen dira dialektoak. Beste alde batetik, dialektoa izatea mespretxagarria da berez? Mexiko hiriko kaleetan jarritako kartelak ikusi ditugu egunotan, bertako indigenen hizkuntzak balioesteko kanpainan. Mintzaira haiei dialektoa ez deitzeko eskatzen ari dira ekimenaren bidez. Euskararen izena ageri da afixan, beste hainbat hizkuntzarekin batera. Zapotekoa da horietako bat. Natalia Toledo poetaren hizkuntza. Lurra, maitasuna, desioa, sexua eta heriotza oinarri dira Toledoren poemetan. Eta txokolatea, jainkoen edaria.

Milioika eta milioika hiztunen dialektoak jaun eta jabe ditugu munduan, burua harro altxatuta: ingelesa, espainola, frantsesa, alemana... Linguistikoki beste hizkuntza baten sabeletik badatoz ere, haien hiztunen burutik ez da pasatu ere egiten dialektoak direla pentsatzea. Zergatik? Hizkuntza heldutasunean bizi delako, errespetuzko berdintasunean, era guztietako babesean. Beharrak, eguneroko bizimoduko derrigortasunak ezarritako egoeran. Komunikatzeko lanabesa dute dialektoa. Euren hizkuntza etengabeko eboluzioan dago, baina kezka, kexu handirik gabe. Ez dute baimenik eskatu behar ezein leihatila, denda, taberna edo erakundetan euren hizkuntzaz hitz egiteko. Ez dute Erdararen Nazioarteko Egunaren beharrik. Hizkuntzaren normalizazioa erabatekoa dute gizartean. Erdararen Derrigortasunaren Eguna da haiena. Egunero. 7/24. Ez dute zertan kezkatu euren seme-alabek jaioterrian erdaraz egiteko arazorik edo oztoporik izango duten. Ez dute bi urtean behin lasterketarik egin behar, euren hizkuntzaren alde, aldapan gora korrika.

Maite ezazu zeure burua, eguzkia eta euria maite diren bezala / Maite ezazu zeure burua poesia egin berria maite den bezala/ Ezer ez espero inorengandik / Lur honengandik estimatu eta maite dezakezun guztia/ Zure barruan dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.