Gaixo dauden EPPK-ko presoak (II). Osasunerako eskubidea

Pertsona guztien eskubidea

Osasuna berdin bermatu behar zaie, legez, herritar guztiei, eta administrazioen eginbeharra da hori. Teoria eta praktika ez datoz bat euskal presoen kasuan.
Preso bat leiho hesidunetik eskuarekin jendea agurtu nahian, anbulantzia batean Donostiako ospitalera daramatela.
Preso bat leiho hesidunetik eskuarekin jendea agurtu nahian, anbulantzia batean Donostiako ospitalera daramatela. GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS

Aitziber Laskibar Lizarribar -

2013ko abuztuak 14
Osasunerako eskubidea eskubide unibertsala da, pertsona guztiek berezko dutena. Legez, denei bermatu behar zaie, berdin. Baita edozein delitu egiteagatik espetxean daudenei ere. «Pertsona bat kartzelan sartzen denean, murriztu egiten zaizkio eskubide batzuk: sententziak espresuki aipatzen dituenak; askatasunerakoa, adibidez. Baina gainontzeko eskubideak berdin-berdin gordetzen zaizkio, osasunerakoa barne. Alegia, espetxean bazaude, kanpoan egongo bazina bezala egotea ahalbidetu behar zaizu, osasunari dagokionez». Landua du gaia Rafa Sainz de Rozasek. Penalista da. Ondo ezagutzen ditu legeak, eta presoen egoerak ere bai, kexa ugari jaso eta kudeatu baititu. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Arartekoak pertsona espetxeratuen alorra lantzeko duen koordinatzailea eta justizia arduraduna da.

Kartzela sarritan «inguru patogenoa» dela dio Sainz de Rozasek, eta, beraz, administrazioan «betebehar bereziak» sortzen dituela: batetik, ziurtatzea preso dagoenak kalean dagoenak duen osasun arreta bera izango duela, eta, bestetik, aurre egitea kartzelako «elementu patogeno» horri, «giro kaltegarriari». «Ezin da bereizketarik egin, aske dagoen pertsona batek eta barruan dagoen pertsona batek osasunerako eskubide berbera dutelako; bestela, bereizkeria egitea izango litzateke, eta, beraz, legearen kontrakoa».

Hala ere, ondorio okerrik ez ateratzeko eskatzen du arartekoaren laguntzaileak: «Gaixo egoteak esan nahi du pertsona hori askatu behar dela? Ez. Posible da gaixotasun kronikoa izanda espetxean bizitzea. Legeak dioena da kanpoan egongo bazina bezala ahalbidetu behar zaizula osasun alderdia». Hori bermatzeko bideak bilatu behar dira, Sainz de Rozasen hitzetan. Administrazioei dagokie hori, Espainiako Konstituzioak berak espresuki jasotzen duenez.

Egoera larrienetan, bai, legeak jasotzen du kartzelatik ateratzeko aukera. Honako hau dio Espetxeetako Araudiaren 104. artikuluko 4. puntuak: «Txosten medikoen arabera, oso gaixotasun larriak eta sendaezinak dituzten presoei hirugarren gradua ezarri ahalko zaie (...) arrazoi humanitarioengatik eta duintasun pertsonalagatik, kontuan hartuta delitua egiteko zailtasunak izango dituztela eta arriskua txikia izango dela». Hirugarren gradua «erdi-askatasun» gisa jotzen du araudi berak: zigorra «erregimen irekian» betetzeko modua dela dio.

Oro har, zigorra betetzeak eta beharrezko osasun asistentzia jasotzeak uztartuta egon behar luke, adituaren ustez, askoz ireki eta malguagoa izan behar lukeen sistema batean. «Kartzelak duen zentzuetako bat beldurraraztea da; zigorraren beldurragatik deliturik ez egitea. Bestea, delitua egitera eraman zaituzten faktoreak gutxitzea, gizarteratzeko prestatzea». Baina teoria eta praktika ez datoz bat. «Ez da biderik hori egiteko; espetxean egiten dena zigortzea eta segurtasun neurriak bermatzea da».

Areago, ETArekin zerikusia dutelakoan zigortutakoei dagokienez. Gainontzekoen kasuan, faktore pertsonalak kontuan hartzen diren arren zigorra modu ireki edo hertsiagoan betearazi erabakitzeko, Euskal Preso Politikoen Kolektiboko kideen artean ez. Arrazoia argia da, arartekoaren laguntzailearen ustez: «Etsaiaren zuzenbide penala» ezartzen zaie euskal presoei.

Sufrimendua zigor

Irizpide hori, gainera, 2003tik aurrera nabarmen areagotu dela dio. Espainiak zigorrak osorik betearaziko zirela adierazi zuenetik. Zigorra, gero eta gehiago, sufrimenduarekin lotzen dela ohartarazi du. «Zigorrak hirugarren graduan edo baldintzapean aske utzita betetzea zigorra ez betetzea balitz bezala jokatzen dute; zigorra benetan betetzen ari zarela esateko, gizarteari helarazten zaiona da ahalik eta gehiena sufritu behar duzula». Horrek espetxeari teorian gizarteratzeko ematen zaion lanaren aurkako bidea egiten du, eta Parot doktrina, 2003an gogortu zen irizpidearen bidean egindako beste urrats bat dela dio Sainz de Rozasek.

Hori dela eta, berebiziko garrantzia ematen dio udazkenean Estrasburgok Ines del Rioren kasuan hartuko duen erabakiari. Sainz de Rozas seguru dago doktrina legearen kontrakoa dela, eta Estrasburgoko auzitegiak hori erabaki irmoan biltzeak ondorena ekarriko lukeela iruditzen zaio: Espainian euskal presoen aurka ezartzen ari diren salbuespeneko neurri gogorrak bertan behera uzteko bidearen hasiera ekar lezakeela.

Gaixotasunekin lotuta, edozein pertsonari bermatu beharreko beste zenbait eskubide blokeatu egin zaizkie euskal presoei. Duintasunerako eskubideaz mintzo da arartekoaren ondokoa; hiltzear daudenek etxean hiltzeko duten eskubideaz. «Pertsona batek gaixotasun sendaezina badu eta bere bizitzako azken fasera iritsi bada, kartzelatik atera behar da duintasunagatik, zeren zigorrak ezin du inolaz ere egin duintasunaren printzipioaren kontra».

Eta eskubideak bermatzeko bidean, Iosu Uribetxebarriaren kasuak «mugarri» bat ezarri duela deritzo. «Giza eskubideengatik askatu zuten, argi; baina pentsatzen dugu haren kasuarekin sortutako eskandaluak beldurrarazi egin zituela Espainiako Gobernukoak. Horregatik erabaki zuten bide hori ixtea». Sainz de Rozasen esanetan, halako neurririk ez hartzea erabaki du PPren gobernuak; askatasun eskaera guztiei ezezkoa ematea, eta epaileen esku uztea erabaki guztiak.

Bestalde, osasunerako eskubidean eragin zuzena duten hainbat kexu iritsi dira Arartekora azken urteetan. Intimitaterako eskubidea urratuko ziotela-eta artatu gabe geratu zen preso batena, esaterako. Minbizirako tratamendua jasotzeko Martutenetik ospitalera eramaten zutenean, presoak uneoro bistan egon behar zuela esan zuten poliziek, eta eranzten zen unean zein onkologoek tratatzen zutenean ere aurrean egoten saiatzen ziren poliziak. Kexua bere egin, eta intimitaterako eskubidea urratzen ari zitzaiolako gaixoak ezin zuela tratamendua jaso salatu zuen Arartekoak.

Euskal presoen osasun egoeren azterketa egiten duten medikuek ere sarri egin dute salaketa bera, ohikoak baitira halako egoerak. «Tramite luzeen ondoren presoa ospitalera iristen denean, poliziek kontsultatik kanpo geratu behar lukete», azaldu du Itxaso Idoiaga medikuak;«baina, gehienetan, polizia kontsulta barruan egoten da». Horrek, sarritan, kontsulta bertan behera uztea dakar. «Pentsa minbizia duen jakiteko proba ginekologikoak behar dituen emakumearen egoera. Poliziaren aurrean biluztu eta postura ginekologikoan jarri behar izatea ez da normala. Ezta hemorroideengatik odol jarioak izaten dituen eta kirurgialariarengana eraman dutenaren kasua ere; poliziak kontsultan egongo zirela esan ziotenez, horrela artatzeari uko egin zion, eta ebakuntza egiteko hilabeteetan zain jarraitzen du».

BIHAR: Medikuak