Epaileak bertan behera utzi ditu Errekaleorreko kaleratzeak

Epaiak arrazoia eman die Gasteizko auzoko bizilagunei: argudiatu du jabetzan ez baizik etxeen erabileran dagoela auziaren muina

Gasteiz
2015eko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Errekaleorren ez dago okupatzailerik, «modu prekarioan» bizi diren pertsonak baizik. Hori erabaki du Gasteizko Lehen Auzialdiko 6. Epaitegiak, udalak Errekaleorreko 26. zenbakiko bizilagunen aurka jarritako salaketa bertan behera utzita. Epaileak ez du zalantzan jarri etxeen jabea udala denik, baina bai bizilagunak etxea okupatzen ari direla. Sententziaren argudio nagusia da Gasteizko Udalbatzak 2014ko urriaren 31n onartutako mozioa. Haren arabera, Errekaleorren ez da kaleratzerik egongo inguru horretarako hirigintza plana prest egon arte. EH Bildu eta PSEren botoekin atera zen aurrera mozioa; EAJ abstenitu egin zen, eta PPk aurka bozkatu zuen.

«Prekarioa egoera juridiko bat da. Horren arabera, etxe bateko jabeak baimena ematen dio beste norbaiti bertan bizitzeko ezer ordaindu gabe», adierazi du Iñaki Carro Bilboko Okupazio bulegoko kideak.

Erabaki garrantzitsua hartu du epaileak. Errekaleorreko 26. zenbakiko etxea auzoan okupatutako lehena da. Horren aurka egin zuen udalak lehenbizi, eta apirilaren 9an deklaratu zuten epailearen aurrean 26. zenbakian bizi direnek. Baina epaia bizilagunen aldekoa izan da. Ikusteko dago orain udalak zein jarrera hartuko duen, baina bizilagunek hilabeteak irabazi dituzte. Aldeek hogei egun dituzte erabakiari helegitea aurkezteko.

Harreman gatazkatsua

Hainbatetan salatu dute Errekaleorreko bizilagunek udaltzainen «presioa» eta udalaren jarrera «erasokorra». Horren isla izan zen martxoaren 31n gertatutakoa: Iberdrolako langileakErrekaleorrera joan ziren argindarra kentzera, udaltzainak eta Ertzaintzak lagunduta. Enpresak argudiatu zuen argi instalazioaren egoera ez zela ona, eta arriskutsua zela.

Aste batzuk lehenago, Errekaleorreko bizilagunek auzoaren egoeraren berri emateko txostena aurkeztu zuten udalean. Hurrengo egunean, udal teknikariak auzoko hainbat etxe ikuskatzera joan ziren, eta egoera onean zirela adierazi zuten. Baina egun gutxira, argindarra moztera joan ziren Iberdrolako langileak.

Hala ere, ez zituzten auzoko etxe guztiak argirik gabe utzi. Gizarte etxeak argiarekin jarraitu zuen, eta otorduak bertan egiten hasi ziren auzokide guztiak batera. Horrek batasun sentimendua indartu zuen auzokideengan. Geroztik lanean segitu dute. Maiatzaren 2an, auzolanerako deialdi zabala egin zuten, eta Euskal Herri osoko jendea hurbildu zen laguntza eskaintzera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.