Osakidetzako lan eskaintza. Ikerketa

«Azterketaren edukiak ezagutu ahal zituzten»

EAEko fiskalburuaren ikerketa osoa eskuratu du BERRIAk: deklarazioek bistan ipintzen dituzte irregulartasunak eta Osakidetzaren jardun okerra

Garikoitz Goikoetxea -

2019ko otsailak 19
Salaketa irmoak egin ditu Carmen Adan EAEko fiskal nagusiak Osakidetzako oposizioetan salatutako iruzurrari buruz. Epaitegiaren esku utziko duen txostena eskuratu du BERRIAk. Jasotako informazioaren berri eman du Adan fiskalak txostenean. Adierazi du espezialitate batzuetan ez zituztela baldintzak bete: «Epaimahaiko kideek aukera izan zuten oposiziogile batzuei mesede egiteko, eta azterketaren edukia ezagutu ahal izan zuten haiek». Osakidetzako Giza Baliabideetako arduradunen kontrol faltaz ere ohartarazi du fiskalak: azaldu du «isilpean» eduki zutela azterketa nork prestatu. «Profesional bat edo beste hautatzea ez zen egiten arbitrariotasuna saihesteko behar den kontrolez. Aukeraketan ez da irizpide objektiborik ageri». Hara zer kasu dituen susmopean:

ANESTESIOLOGIA

Espezialitate hori izan zen salaketaren abiapuntua. Arabako ospitaleko medikuek lortu zuten nota handiena, eta, hain justu, proba ospitale horretako kide batek jarri zuen. Zer dio azterketaz? «Esan du tarteka lankideei igortzen dizkien kasuak jarri zituela, hogei aldizkari gainbegiratzen dituela». Bada grabazio bat ere: probetara aurkeztekoa den mediku bat ageri da esanez galderak pasatzeko «zain» dagoela. Mediku batzuek deklaratu dute «jakina» zela jokabide hori. Fiskalaren arabera, epaimahaiko kideak «oso urduri» zeuden lehen azterketa %11k soilik gainditu zutela jakindakoan.

ANGIOLOGIA

Fiskalak dio emaitzak «ezohikoak» direla: bostek gainditu zuten, denak Basurtuko ospitalekoak, eta proba erietxe horretako arduradun batek prestatu zuen. Salaketa epaimahaiko kide batek egin zuen proba igaro orduko. Osakidetzak ondorioztatu zuen ez zela filtraziorik izan, nahiz eta aitortu notak ez zirela «kualifikazioaren edo prestakuntzaren» araberakoak. Osakidetzari kargu hartu dio fiskalak, esanez ez dela «logikoa» proben egilea izendatu zuenak bideratzea espedientea —Xabier Balerdi zuzendariordeak—.

DIGESTIO APARATUA

Joera bera: Galdakaoko ospitaleko arduradun batek prestatu proba, eta gainditu duten gehienak lankideak. Lehen probaren ostean, bigarrena aldatzea erabaki zuten: gaiak zozketaz ez, bozketaz erabakitzea. «Diote lehen proba oso erraza zelako aldatu zutela eredua. Ez dator bat erdiek baino gehiagok gainditu ez izanarekin».

KARDIOLOGIA

Lehen azterketa denek gainditu zuten. Proba prestatu zuenak ohartarazi zuen «arrazoi sendoak» zituela pentsatzeko epaimahaiko kide batzuek bigarren azterketa filtratuko zietela mediku jakin batzuei. Kezka horrekin bat etorri zen beste sendagile bat ere: «Dimititzea pentsatu zuen, ez zuelako horren erantzule izan nahi». Bigarren azterketan alde handiak zeuden, eta «kontentu» zeuden epaimahaiko kide batzuk.

TRAUMATOLOGIA

Notarioarenean asmatu zuten nork gaindituko zuen, eta egiaztatu dute epaimahaiko kide batzuek bilerak egin zituztela. Kide batek aitortu du «filtrazio» susmoak dituela, emaitzak «ulertezinak» direlako. Uste dute «esaldi hasierak eta azpimarrak» erabili zituztela edukiak iragartzeko. Fiskalak dio ezin duela egiaztatu.

KIRURGIA PLASTIKOA

Salatzaileek esan dute «susmagarria» dela epaimahaiko kide baten errainak azterketa egin eta entregatu ez izana. Kalifikazioetan ez da ageri diferentzia handirik. Fiskal nagusiak kargu hartu dio Osakidetzari, ez baitio igorri epaimahaiko partaide batek iruzur susmoekin bidalitako mezua.

UROLOGIA

Bigarren azterketan diferentzia «atipikoak» daude puntuazioan: eskainitako postu kopuruaren traza du gaindituen kopuruak. Osakidetzaren jardun okerraz ohartarazi du fiskalak: azaldu du aditu bati azterketa eskatu ziola kalifikazioei buruz, baina ez zutela behin betiko noten bidez egin.

MEDIKUNTZA INTENTSIBOA

Aldeak kalifikazioan: «Zaila da azaltzen nola aurkeztuen %60k 100 puntutik 20 baino gutxiago dituzten, eta beste talde batek, oso nota onak». Osakidetzak arlo horretan egindakoaz zalantza du fiskalak: «Espedienteak dio ez dagoela filtrazioa izan dela esateko daturik. Baina bigarren azterketa praktikoa baliogabetzea erabaki zuen. Harrigarria da».

OSPITALEKO LARRIALDIAK

Emaitzei dagokienez, koherentzia dago azterketa batetik bestera: lehenean nota ona daukatenek hala dute bigarrenean ere. Hala ere, bigarren proban —epaimahaiak jartzen du— aldeak daude medikuen erietxearen arabera.

MIKROBIOLOGIA

Salaketaren arabera, probara joan ziren mediku batzuek kongresu batean parte hartu zuten, eta hango gaiak sartu ziren oposizioetan. Fiskalak dio Osakidetzak ez zuela espezialitate horretako salaketa ikertu, «nahiz eta beste espezialitate batzuetan garrantzi horretako salaketarik gabe ikerketa hasi». Emaitzetan ez dago ezer arrarorik.

KIRURGIA KARDIOBASKULARRA

Fiskalak argi dio: «Egindako prozedurak bide ematen die filtrazioei». Ikerketak dio ez dagoela gorabehera handirik notetan. Lekuko baten testigantza du fiskalak, baina. Haren arabera, lehen aldiz epaimahaiko kideek ez zituzten galderak prestatzekoak, baina «suharki» jakin nahi izan zuten nork taxutuko zituen. Lekuko hori ez zen ados azaldu horrekin, epaimahaiak azterketaren edukia izatearekin. «Epaimahaiburuak [lekukoaren] parte hartzea dudan jarri zuen. Dimisioa eman zuen».

Fiskaltzak delitu zantzuak aurkitu ditu Osakidetzako oposizioen auzian

Uholdea, bozen atarian

Oposizioak notarioarenean

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna