Aukera txikirik ere ez dio eman

Altuna III.ak nagusitasunez hartu du mendean Peio Etxeberria: 22-5. Hasieratik hartu du aurrea Altunak, eta aise kudeatu du aldea

Imanol Magro Eizmendi.
Tolosa
2019ko urriaren 15a
00:00
Entzun
Ezustekorako tarterik utzi gabe abiatu du lau eta erdiko txapelketa Jokin Altunak. Atzo 22-5 irabazi zion Peio Etxeberriari, Tolosako Beotibarren (Gipuzkoa), eta txapelketara sasoi onean iritsi dela berretsi zuen. Estreinakoetan beti izaten dira zalantzak, baina Altuna III.ak hasieratik uxatu zituen. Etxeberria, berriz, nahi eta ezin aritu zen. Horren seinale da atzoko emaitza.

Historia gutxi izan zuen Beotibarren jokatutako norgehiagokak. 35 minutu iraun zuen, eta 210 pilotakada jo zituzten orotara pilotariek. Altuna III.a 8-0 aurreratu zen. Hain zuzen ere, Amezketako aurrelariak saketik egindako falta bati esker lortu zuen Peio Etxeberriak bere lehen tantoa, 8-1ekoa.

Hasierako tantoetan, Etxeberria ahalegindu zen bai defentsan bai piloteoan sartzen. Baina ez zuela asmatzen ikusita, ernegatuz joan zen. 11-1etik aurrera, arriskatzea baino ez zitzaiola geratzen konturatu zen. Baina horrek behartu gabeko bederatzi huts egitera eraman zuten Zenotzeko aurrelaria. 17-1eko aldea zuen ohartzerako Altuna III.ak. Botearekin hankak bilatzen zizkion Etxeberriari, eta bolearekin, pareta.

Kontrakarrean ari zen Etxeberria, eta soilik Altuna III.ak azken txanpan egindako pare bat hutsi esker lortu zuen tantoren bat gehiago egitea.

Garailea pozik zegoen: «Sasoi onean ikusi dut neure burua. Baina hau hasi besterik ez da egin, eta lanean jarraitu behar dut, igandeko partida prestatzeko». Eibarren (Gipuzkoa) izango da, Erik Jakaren kontra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.